iruñea - Larunbatean abiatuko da 2020ko Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketaren finalaurrekoen fasea. Urtarrilaren 31n hasi zen lehia eta ordutik abiatutako 13 taldeetatik seik lortu dute finalaurrekoetarako pasea: Malerrekako Bertsonautak, Lesakako Arranopola, Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, Barañaingo Hego Haizea eta Sakanako Sakaña. Sei talde horiek binaka antolatu dira hurrengo fasean, joan-itzuliko hiru kanporaketetan. Guztira, beraz, sei saio izango dira finalaurrekoetan, joaneko hiru, eta itzuliko beste hiru. Kanporaketa bakoitzean nagusituko den taldea izango da finalaurrekoetara igaroko dena.

Larunbatean, otsailak 29, jokatuko dira, hain zuzen ere, joaneko lehen bi saioak, Anizen eta Tuteran. Lehenengoan, Bertsonautak eta Arranopola taldeak izango dira aurrez aurre. Anizko Elkartean izango da saioa, 19:00etan hasita. Sei euroko sarrera izango du saioak, eta otordua eskainiko da bukatutakoan.

Tuteran ere 19:00etan hasiko da finalaurrekoetako saioa. Beterri Peñan izango da ekitaldia, eta han izango dira kantuan Atekaberts komeni eta Sakaña taldeak, finalerako txartel bila. Doakoa da sarrera.

Saio hauetan bildutako puntuei, itzulerako saioetako eskuratzen dituztenak gehitu beharko dizkiete taldeek. Joan-itzuliko kanporaketa bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldea izango da finalerako sailkatzen dena. Hortaz, hiru talde izango dira martxoaren 28an Lizarran jokatuko den finalean. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian eta Lizarra Ikastolan zein Lizarrako AEK Euskaltegian.

Urtarrilaren 31an hasi eta martxoaren 28ra arte, guztira 20 saio izango ditu taldekako txapelketak. Finala Lizarran egingo da.