- Bakardadeari aurre egiteko ahizpa bat desiratzen duen haur baten istorioa kontatzen du Ilargiaren atzean, larunbatean Nafarroako Antzerki Eskolan aurkeztuko den antzezlanak. Iruñeko Udalak antolatzen duen Haurrendako Antzerki Testuen Lehiaketako irabazle suertatu zen Maialen Díazen lana euskarazko modalitatean, eta apirilean estreinatzekoa bazen ere, osasun krisia medio estreinaldia ezin izan da orain arte burutu. Emanaldia 18.30ean izanen da eta sarrerak NAEren webgunean zein leihatilan bertan erosi ahal izango dira, 6 euroko prezioan (5 euro, bost pertsona baino gehiagoko taldeentzat).

Virginia Cervera antzezlanaren zuzendariak azaldu duen moduan, Díazen testuak “oso ongi lantzen ditu emozioak, eta haur zein helduentzat interesgarriak diren gaiak ikutzen ditu”. Antzezlanaren protagonista, Ilazki, amarekin bizi da. Amaren eguneroko lana dela eta, ordu asko igarotzen ditu bakarrik eta bere desira handiena jolaskide bat edukitzea da, bakardade horri aurre egiteko. Hartara, urtero, San Juan gauean, ilargiari ahizpa bat eskatzen dio. Halako batean, Ilazkik bere desira betetzen ikusiko du, basoan galduta aurkitzen duten neskato baten agerpenarekin. “Hasierako poztasuna gailenduta lehenengo barne gatazkak agertuko dira”, azaldu du zuzendariak, “inbidia, jeloskortasuna... Eta desiratik gorrotora igaroko da”. Izaskun Mujika aktoreak ere azpimarratu duen bezala, “Maialenen lana borobila da zentzu askotan, emozioak ezin hobe lantzen ditu”. Euskal mitologiak presentzia nabarmena dauka obran, ilargia bera ere pertsonaia bat gehiago azaltzen da eta Ilazkiri desirak betearazten dioten “mamurruak” ere. “Magia handiko antzezlana” dela ere azpimarratu du Mujikak.

Hala, Sofía Díez, Patricia Enériz, Izaskun Mujika, Mónica Torre eta Virginia Cervera berak gorpuztuko dituzten pertsonaien pisua nabarmena izango da obran. “Antzezlana pertsonaietatik landu dugu”, adierazi du zuzendariak, “eta pertsonaien barne mundu horretatik eraiki dugu ondorengoa, eszenografia eta soinua ondoren etorri dira”. Osasun krisiak eragindako etenaldia medio, obraren lanketa bertan behera gelditu zen eta hilabete batzuk beranduago ekin zioten berriro lanari egile, zuzendari eta aktoreek. Aktoreak azaldu bezala, horrek ez zuen, alta, txarrerako eragin: “Nolabait aberasgarria ere izan da etenaldia, obraren dinamikari erraz heldu izan diogu”. “Estreinaldi bat beti da pozgarria eta, kasu honetan, are gehiago. Esan beharra dago kultura, segurua izateaz gain, euskarri bat ere badela momentu hauetan, baita haurrentzat ere”.

Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Antzerki Eskolaren arteko elkarlan honek hiru hamarkada daramatza jada, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun zinegotzi María García-Barberenak azpimarratu bezala. Haurrentzako Antzerki Testuen lehiaketak adinez txikikoen artean dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea indartu eta bultzatzea eta antzerki arloko aberastasun kultural eta artistikoa areagotzea ditu helburu nagusitzat. Lehiaketa irabazteaz gain, sariak obraren ekoizpena burutzea darama, eszenatokietara eraman ahal izateko. Epaimahai-kideek Ilargiaren atzean obraren aberastasun linguistikoa, istorioaren garapena eta obraren osotasuna nabarmendu zituzten. Haurrek erraz ulertzen eta barnera-tzen duten trama ere azpimarratu zuten, baita antzezteko eta oholtzaratzeko erraztasuna ere, muntaiari dagokionez.

Antzerkigilea, antzezlea eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da Maialen Díaz. Arlo artistikoan, antzezle bezala hainbat obretan parte hartu du, besteak beste All cats are beautiful eta Plazera gurea da lanetan. Antzerkigile bezala, La casa más pequeña, Herrimin eta Greta liburuzaina lanak plazaratu ditu, eta hainbat antzerki tailer eskaini ditu.

‘Ilargiaren atzean’. Larunbatean, Nafarroako Antzerki Eskolan, 18.30ean.

Sarrerak. ‘www.laescueladeteatro.com’ eta NAE-ko leihatilan bertan. 6 euro/5 euro bost baino gehiagoko taldeentzat (azken aukera hau, soilik leihatilan).

Egilea. Maialen Díaz.

Zuzendaria. Virginia Cervera.

Antzezleak. Sofía Díez, Patricia Enériz, Izaskun Mujika, Mónica Torre eta Virginia Cervera.

Ekoizpena. Nafarroako An-tzerki Eskola, María Sagüés.

Antolatzailea. Iruñeko Udala eta Nafarroako Antzerki Eskola.