Trafiko handiko autopista bazterrean dagoen kilkerrak ahalegin handia egin behar izaten du bere ahotsa, bere kanta entzunarazteko. Hainbestekoa da asotsa. Hainbestekoa izan ohi den bezala gaur gaurkoz, hedabide eta sare sozialen garaiak bizi gaituen honetan, inguruko zarata mediatikoa, errealitatearen muina estaltzerainokoa. Baina abarrots horren erdian, batzuetan bere ahotsa altxatzea lortzen dutenik ere badago. Hartara dator Bernardo Atxagak Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu berri duen azken lana: Kilker bat autopistan. Idazle asteasuarrak Euskadi Irratiko Faktoria saioan 2016tik hona egindako kolaborazioak berridatzi eta ale bakarrean bildu ditu, errealitateak sortzen dizkion hausnarketak literaturaren soinekoaz jantziz.

Atxagak berak gaur Nafarroako Liburutegian eskainitako aurkezpenean onartu duen bezala, ez da lan erraza izan. “115 testu daude hemen”, argitu du “eta bakar bat ere ez da eskura etorritako zerbait izan: hainbat oztopo gainditu ondoren etorritako testuak dira”. Hiru ataletan banatzen da liburua: Minutuak kontatuta (2016-2017), Zeruko kronikak (2017-2018) eta Lagunarteko kontuak (2020). Horietako bakoitzean, idazleak gai handana jorratzen ditu, izan gaurkotasuneko gai batetik abiatuta, izan gertakari batek piztutako hausnarketatik tiraka, baina betiere errealitatea mugatzat hartuta, Aingeru Epaltza idazle eta kazetariak atzokoan azpimarratu moduan. “Ohiko zutabegintza albistetik abiatzen da normalean eta gero ondorioak ateratzen ditu albiste hori deszifratu nahirik. Ondorioak izaten dira politikoak, sozialak, kulturalak... Atxagaren lan honetan ikusten da nola errealitatea ez den abiapuntua, muga baizik. Errealitatearekin topo egiten du, nola edo hala, eraikitzen duen bide horretan”.

Idazleak aipatutako “oztopo” horiek bide desberdinetatik etorri zaizkio liburua osatzerakoan, “etsipena” ere aipatzeraino. “Pentsamendu kritikoaren zailtasunak ekarritako etsipena” dela aitortu du. “Idatzi aurreneko berrogehita zenbait testuak berrirakurtzerakoan, astelehenero, irudipena izaten nuen: ‘hau da kilker baten kantu soila, kantuan diardu trafiko handiko autopista batean, zarata handiko toki batean eta oso zaila inork hori benetan entzun dezan, inorengana iritsi dadin’. Hori izan da etsipenetako bat, astero astero gainditu behar nuena idazteko”.

Ahots kritikoaren irisgarritasunaz aparte, kritikaren beraren balioa ere kinkan jartzeak eragin dizkio ezinegonak egileari liburua osatzen duten testuak jorratzerakoan, liburuaren kapituluetako bat den Zanga testuan azaltzen duen moduan: “Zanga da txori handi bat da, itxasokoa”, azaldu du. “Behin batez halako bat Donostiako Gipuzkoa plazako putzu txikian azaldu zen. Gure garai hartako ikastetxeko irakasleak galdera egin zigun: zergatik ez du txori handi horrek, halako botere handiko txori horrek, alde egiten hortxe bertan dagoen itxasora? Arrazoia zen zanga delakoak, ahateen antzeko oinak dituenak, aireratzeko tarte bat behar duelako, palastaka indarra hartu eta aireratzeko”. “Zangak bezala kritikak ez badu palastaka abiatzeko eta aireratzeko aukerarik”, ondorioztatu zuen, “gizarteak ez badio hori ematen, baizik eta bakarrik aitu eta ahaztu, inork ez badu aintzat hartzen, orduan kritika da kasu honetan Gipuzkoa plazako putzuan dagoen zanga hori bezalakoa: ez doa inora”.

“Liburuaren baliorik handiena etsipen horren aurrean izan dudan kemena da, 115 bider idazteko. Ez dudala ‘banoa hemendik’ esan. Erne egon naiz gertaerei buruz, ahalegindu naiz aste osoan pentsatutakoa azaltzen. Ez naiz albistetik abiatu baizik eta errealitatearekin egindako talkatik”, aitortu du.