Gorputz barrura, Ene Kantakekin

01.01.2021 | 23:44
Ene Kantakeko kideak, ikuskizun berria estreinatzeko prest. Argazkia: Utzitakoa

Aforo mugatuarekin eta pase bikoitza eginez, Ene Kantakek bere ikuskizun berria Gayarre antzokiko eszenatokian taularatuko du gaur, 'Liluragarria', zeinen eskutik haurrek giza gorputzaren sekretuetan murgilduko diren.

xehetasunak

'Liliragarria, gorputz barrura goaz'. Gayarre Antzokian (Iruñea), 12.00etan eta 18.00etan.

Sarrerak agortuak. 200 pertsonako aforo mugatuarekin, sarrera guztiak atera bezain laster agortu ziren.

diskoa eta bideoak

DVD-CD-a eta USB-a. Bi formatutan aurkitu daitezke ikuskizun berria osatzen duten 15 abestiak eta bestelako bideoak, Ene Kantaken webgunean.

Zirrara betez hartuko du gaur Gayarre antzokiak Ene Kantaken haurrentzako ikuskizun berria. Izan ere, Liluragarria, gorputz barrura goaz ikuskiuzunaren bi paseetako sarrerak agortu bakarrik ez, eta itxarote-zerrenda ere ireki behar izan da, aforo mugatuak ere eragina izan duelarik. Lehenengo emanaldia 12.00etan izango da eta arratsaldekoa 18.00etan. Ikuskizun berri honetan, publiko txikiaren artean dagoeneko aski ezagunak diren pertsonaiek giza gorputzaren barrenera bidaiatuko dute, bertako sekretuetan murgiltzeko.

Hala, Nerea eta Eneko pertsonaiek gorputzaren mundu liluragarrian bidaiatuko dute, eta bertan Lilu izeneko zelula batekin eginen dute topo. Hark, gorputzaren fun-tzionamenduaren nondik norakoak ere azalduko dizkie. "Gorputza barrutik nolakoa den azaldu nahi dugu", dio Urko Oskoz ikuskizunaren zuzendariak. "Gu irakasleak gara eta hezkuntzaren mundu hori gainean daukagu beti. Gure protagonista, garunean dagoen neurona bat izango da. Ikuskizunean garrantzizkoak diren gauza batzuk uztartuko ditugu: eskuak garbitzea edo elikagai osasuntsuak jatea, adibidez". Ikuskizunaren gaiak egun bizi gaituen pandemiarekin zerikusia duela dirudien arren, zuzendariak "kasualitate hutsa" izan dela ere azpimarratu du. "Espaziora, itsasora edo lurraren bihotzera bidaiatu ondoren", dio, "giza gorputzaren barrura bidaiatzeko gogoa geneukan". Aurreko ikuskizunetan bezala, honakoan ere Oskoz bera, Nerea Urbizu eta bi dantzari izanen dira eszenatoki gainera igoko direnak. Hala ere, "sorpresa batzuk" ere egonen direla aurreratu du zuzendariak.

Osasunarekin zerikusia daukaten afera desberdinak irakasteaz gain, Oskozek azpimarratu bezala, ikuskizunak bestelako helburuak ere baditu. "Haurrek ongi pasatzea eta ikustea euskarak balio duela ez eskolarako bakarrik, baita eguneroko bizitzarako ere".

Emanaldia, Bilboko Euskalduna eta Gasteizko Principal aretoetatik igaro ondoren ailegatuko da gaur Iruñera, zuzendariarentzat "oso berezia" den lekua. "Harrera oso ona egin digute aurrekoetan, nabari da jendea kultura gosez dagoela". Duela hamar urte ekin zion Ene Kantakek bere ibilbideari, haurrei bideratutako euskarazko abesti eta bideoak YouTubera igotzen hasi ziren bi irakasleren eskutik. Ordutik luzea eta oparoa izan da egin duen ibilbidea, eta dagoeneko Eitb-n saio propioa baduen arren, publikoarekiko hurbiltasuna manten-tzen jarraitu izan du sare sozialen bitartez.

15 abesti berri Ohiko moduan, ikuskizun berriarekin batera DVD eta CD-a ere plazaratu du Ene Kantakek, dagoeneko euren webgunean eskuratu daitekeena. Oraingo honetan, gainera, USB formatuaren aldeko apustua ere egin dute, definizio handiko bideoek eta mp3 formatuko abestiek osatzen dutena. 15 abesti berri bildu dituzte denetara eta, Urko Oskoz eta Nerea Urbizurekin batera, hainbat aurpegi ezagun ere aurkituko ditu publikoak bideo eta kantuetan. Lan honetan Kristina eta Xabi Solanok (Esne Beltza), Nerea Balda idazleak, Mikel Santos Belatz ilustratzaileak, Irati Goikoetxea idazleak, David eta Mikel Artuchek (Los Tenampas), El Piñasek (Marea), Ane Garciak, Jon Basagurenek (Izaki Gardenak), Eymard Uberetagoena (Baobabs will destroy your planet), Maider Ansak (Tximeleta), Ruben Garcíak (Osasuna) eta Nacho Vidalek (Osasuna) parte hartu dute.