HEA, Herrijeri emon arnasa Ea herriko kultura taldeko kideengandik iritsi zitzaien proposamena: Mari Luz Esteban antropologo eta idazleak duela bi urte argitaratutako Andrezaharraren manifestua poesia liburua oinarri hartuta lan eszeniko bat sortzeko eskaera egin zieten eatarrek Metrokoadroka Sormen Laborategiko artistei, hain zuzen. Hauek erronka onartu, eta liburuaren izen bereko performancea osatu dute.

Joan den abenduaren 27an taularatu zuten lana lehen aldiz Ean bertan. Oholtza gainean lau emakume: Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak, Jurdana Otxoa musikaria eta Idoia Belatarbide artista plastikoa. "Diziplina desberdinak nahastu dira oholtzan, bakoitzak guretikan eman dugu. Ez da antzerkia, ez margoa... dena da bat", laburbildu dute azken emaitza Metrokoadrokatik. Azpimarratu dutenez, lan eszenikoa izanik, ez da antzezlan soil bat, poesia oinarri duen antzerkia da, performancetik gertuagokoa. Musika eta irudia batzen ditu lanak.

Kezka pertsonal batetik, eta, batez ere, kezka sozial eta politiko batetik, "zahartzaroaz edo zahartze prozesuaz" idatzitako lan bat da Andrezaharraren manifestua liburua. Eta liburuaren haritik, zahartzaroa da emanaldiaren ardatza ere. Halaber, antzezlanaren sorkuntza prozesuak gaiaren inguruan asko gogoetatzeko abagunea eskaini diela aitortu dute protagonistek. Helburua: zaharra hitzari gizartean betidanik duen tabu kutsua kentzea. Hain zuzen, azpimarratu dutenez gaiari buruz gogoeta "gutxi" egiten dela iruditzen zaie eta zahartzaroa gizartean tabua izatearen sentsazioak interesgarriago egin du sorkuntza prozesua.

"Mari Luzekin hainbat gogoeta egin ditugu zaharra izatea zer den, zein adinetik hasten garen zaharra izaten, ea sentitu gaitezkeen zahar momentu konkretu batean edo egiten diren gauza batzuk egiten diren moduan...". Guzti horiek izan dituzte aintzat emanaldiari forma ematerako orduan. Hori horrela, gogoetarako asko eman duen gai bat izanik, inguruko hainbat emakume heldu ere elkarrizketatu dituzte sortzaileek obra osatzeko. Horrez gain, zahartzaroarekin lotura estua duten bestelako gaiak ere ukitzen dira liburuan: heriotza, maitasuna, laguntasuna, zaintza... besteak beste. Horiek irudi bihurtzea izan da Metrokoadrokako kideen zeregina. "Hainbeste gai izanik erraza da ikuslea errepresentatua sentitzea", adierazi dute.

Metrokoadrokakoek proposamena iritsi zitzaien unean ez zuten buruan zahartzaroari heltzea. Are gehiago, adierazi dutenez iristen zaien arte ez dira jartzen gai konkretu batean pentsatzen. Kasu honetan, aurrez landu gabeko gaia izanik ere balio izan diete konturatzeko adibidez mundu guztia zahartuko dela edota prozesu horretan gauza asko egon daitezkeela zahar sentiarazten zaituztenak. "Zaharra denak harro esan dezala zaharra dela". Aldarri horretan beraien ekarpena egin nahi izan dute Metrokoadrokako artistek.

LIBURUA ABIAPUNTU

Sorkuntza prozesuan hasierako unetik liburuaren egilearekin elkarlanean aritu izana izan da lan honen berezitasun nagusietako bat. Zehazki, idazlea sormen laborategiko kideen lan egiteko modura lotu da eta oholtzan ere ageri da emanaldian zehar. Sorkun-tzari dagokionean, taldekideek liburua irakurri dute eta abiapuntu hori izanik norberak bere gogoetak egin ditu. "Bakoitzak adierazkorrak iruditu zaizkigun testu zatiak izan ditugu abiapuntu sorkuntza prozesuan", azaldu dute. Hau da, Estebanek ida-tzitako testutik abiatuta oholtza gainean performance bat sortu dute, testua inongo momentutan aldatu gabe. "Argi genuen manifestuak ida-tzita dagoen bezala indar handia duela eta horregatik egitura jarraitu dugu", azaldu dute. Hala azaltzen du Estebanek liburuan manifestu bat zer den eta Metrokoadrokako kideek bere horretan mantendu nahi izan dute: "Manifestu bat da/ esanguraz bete nahi den/ aldarri bat/ gai, arlo, eremu batean non/ esanahiak kerratuz doazen/ eta errealitate berriak/ isilik ere/ garrasika hasten diren/ manifestu bat da/ zure garaiaren eta zure gizartearen/ Arrazoiaren aurka idaztea/ leiho bat zabaltzea etorkizunera".

Gaineratu dutenez, beraien lana testuan hitzez esaten ez direnak bisualki erakustea izan da. Hala ere, an-tzezlanean ez dute liburuan ageri den testu guztia erabili eta pasarteak ez dira arrazoi jakin edo bereziengatik aukeratuak izan. "Partaide bakoitzari, gauden momentuan gaudelako, atentzio eman digu gauza batek eta ez besteak, hori izan da performancerako testuak aukera-tzeko irizpide nagusia", zehaztu dute.

Bestalde, prosa edo poesiarekin lan egiterako orduan alde nabarmenik ez dagoela adierazi dute Metrokoadrokakoek. "Ohituak gaude hitza iristen zaigun moduan iristen zaigula hori gure terrenora eramaten". Azaldu dutenez, narratiba gutxiago duen kasuetan, poesiak irudira jo-tzeko erraztasun gehiago eskaintzen ditu, hau da, narratiba kontatuagoa denean obra ez da hain abstraktua eta irudira jotzeko ezberdina da. Kasu honetan, oinarrian batik bat poesia izanik irudia protagonista da emanaldian.