Orbana behinola zauri izan zenaren aztarna da. Marka bat. Txikiagoak edo handiagoak. Den-denak dira bizitakoaren arrasto. Eguraldiak, historiako gertakizun jakinek edota gizakiok arrazoi berezirik gabe egindako zauriak eragin dizkiogu hiriari. Edo hiriak guri. Zauriotatik sortutako arrastoak izan dira, hain zuzen ere, aurtengo Gazte Klik Klak lehiaketaren gaia: Hiriaren orbanak. Gaiari helduta, nahi bezala interpretatzeko askatasuna izan dute parte hartzaileek, bideo zein argazki bidez irudikatzeko.

Erakusketa bat osatu dute epaimahaikideek aurkeztutako lanen hautaketa batekin. Batetik, irabazleen lanak daude daude ikusgai: Asier Correderak, Liam McDonnellek, Maitane Camposek eta Maria Fariñasek egindako produkzioak saritu dituzte, bina bideo eta argazki serie. Badaude, halaber, sarituak ez izanagatik ere, hiriaren orbanen egin duten interpretazioagatik aitortuak izan diren beste lan batzuk ere.

Epaimahaikideek eta komisarioek poz handiz hartu zuten parte hartze altua. Sara Berasaluce komisarioak azpimarratu du maila handia egon dela, ziur aski, sare sozialen eraginez: ''Ikusi dugu jende oso gazteak gauza oso profesionalak egin dituela. Sare sozialetako eraginez teknika eta konposizioa, esaterako, oso landua zuten lanak heldu zaizkigu''. Ildo horretatik gaineratu du hiri-orbanak ulertzeko modu oso desberdinak egon direla, eta horregatik bereziki ''polita'' izan dela.

Gazteen begiradak

Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da Liam McDonnell, eta, egun, artearen ekoizpena eta bideogin-tza uztartzen dituen masterra egiten ari da. Gradua amaitzen ari zela, diziplina artistikora gerturatu zela azaldu du, ordura arte zinean espezializatzen ari baitzen. Hain zuzen ere, bere bideoetako bat saritu dute aurtengo deialdian, eta baita erakusketarako beste argazki bat hautatu ere. Bere kasuan, aurretik egindako ekoizpenak aurkeztu zituen lehiaketara, gaiarekin bat egin zezaketelakoan. ''Hiriak dituen orbainak baino hiriak gugan sortzen dituenak islatzen dituzte'', esan du McDonnellek bere proposamenei buruz. Hiriaren espazio desberdinek zauri emozionalak utzi diezazkiguketela azaldu du, hainbat arrazoi tarteko. Aldamioak, langileak, garabiak, zebra bideak eta hiriguneetan egunez-egun topatzen ditugun elementuen bitartez egin du bere proposamena.

Maitane Campos eibartarrak, berriz, argazki serie bat aurkeztu zuen. Argazkigintza ikasten ari da Gasteizko Idearte zentroan, eta irakasle baten bitartez jaso zuen deialdian parte hartzeko aukera. ''Hasieran, jendea irudikatzea pentsatu nuen, jendeak arrastoa uzten baitu kaleetan'', esan du Eibarrekoak. Kontrara, detailean egindako pareta baten orbanak irudikatu dituela azaldu du, estilo minimalista duena. Pareta bati egindako eta tonu arrosa duten hiru argazkik osatzen dute bere proposamena.

Artea lanbide

Aurten hasi ditu ikasketak Camposek, baina txikitatik ibili da artearen munduan murgilduta: ''Betidanik hartu izan dut aitaren kamera, trasteatzeko€ Txikitan pintatu ere egiten nuen''. Bokazioa eta pasioa, ez dira berriak beregan. Bi biek nahiko lukete artetik bizi, nork bere esparruan. Etorkizunean zinemaren alorrean ere aritzea probatu nahiko luke Camposek, argazki zuzendariaren lanetan. Kontrara, hala adierazi du McDonellek sektorearen prekarizazioari buruz: ''Egunean hiru otordu izateko adina irabazteko, ez du aski ematen ordea''. Izan ere, artisten lana estimatu gabeko jarduna dela dio, eta horrek, ezinbestean, nolabaiteko praktika txarrak egitera bultzatzen dituela sektoreko sortzaileak: kobratu gabeko lanak, beltzean kobratzea€

Sariketak auzitan

Sariketak aldebiko labana dira, gazteentzat. Aukera bat da euren lanak ezagutarazteko, batetik. Baina, era berean, McDonnellek esan duenaren arabera, gaia zaila da: ''Ez dira batere egonkorrak''. Diru sarrerak ditu hizpide, gaztea izanik modu errazena delako, baina aldi berean ez dutelako bermatzen sarituak izango direnik.

Izan ere, lehiaketek berekin dakarten berezko konpetizioa jarri du auzitan, hau da, beste egile batzuekin lehiatu behar izatea lehen saria eskuratzeko. ''Frustrantea'' deritze gainera. Deialdiz-deialdi, gaiaren arabera moldatu behar izateak dudak sortzen dizkio artistari: ''Artearen oinarrietako bat ez dagoela mugarik, eta horrelakoetan mugak oso ohikoak izaten dira''. Horregatik, azaldu du, lehendik eginda dituen bideoak eta argazkiak erabiltzea nahiago duela.

Bere aldetik, lehiaketen alderdi onena atera du Camposek. Bere ustez, Gazte Klik Klak deialdia bereziki interesgarria da. Kasu honetan, lehiaketaz ez ezik, erakusketa egiteko aukera eman izana oso positiboki baloratu du gazteak: ''Lana saritu egiten dute, eta gero jendeak egin ditugun lan horiek ikustea zoragarria da''.

Urtarriletik dago ikusgai lehiaketan parte hartu duen jendearen lagin bat baino ez. Datorren hilaren 15era arte egongo da ARTgia sorguneko lokalean, Gasteizen.