Laburbirak, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskarazko film laburren zirkuituak, 18. edizioa beteko du 2019-2020 urteetan ekoitzitako lan interesgarrienak Euskal Herriko hainbat aretoetara eramaten. Edozein euskara edo kultur elkarte edo udalek bere herrian ikus-entzunezko zirkuitu hau antolatu nahi izanez gero, deialdia zabalik dago martxoaren 18ra arte, Laburbirako webgunearen bitartez. Urte honetan XVIII. Laburbira apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean ospatuko da.

Euskarazko sortzaileen lana ezagutarazteko eta ikusleak lan hauetaz gozatzeko helburuarekin sortutako egitasmo hau edozein herritan antolatu daiteke. Horretarako elkarte eta udalen izen-ematea zabalik dago webgunean martxoaren 18ra arte. Bertan aukeratu dezakete apirilaren 26tik eta maiatzaren 30era bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, zuzendariekin solasaldiak antola-tzeko aukera ere badago emanaldiaren barruan, grabaketa esperien-tziak publikoarekin elkarbanatzeko asmoarekin.

Aurtengo edizioan 10 lan baino gehiago aurkeztu badira ere, zortzi lan aukeratu dira emanaldietarako gaia, irudi kalitate, lurraldetasuna eta genero parekidetasuna kontutan izanik. Emaitza, emozioz eta sentsazioz beteriko 72 minutuko emanaldia da, genero aukera anitza izanik eta publiko orori zuzendutakoa.

Edizio honetako lan asko jaialdi ezberdinetan estreinatutakoak dira eta zenbait kasutan saridunak ere izan dira. Aukeratutako lanen artean besteak beste Aterpean ateri laburmetraia dago (Mendifilm Festival jaialdian estreinatutako laburmetraia), Nigandik laburmetraia, Zinebi jaialdian aurkeztutakoa, HUHEZINEMA euskal film laburren jaialdiko publikoaren saria irabazi zuen Babarrun txapelketa laburmetraia eta baita 15. Kameratoiaren garaile izan zen Agur laburmetraia.