- Astelehenean irekiera saioan estreinatu ondoren, Berri Txarrak taldearen azken biran oinarritutako Dardara filmeko zuzendari Marina Lameirorekin eta aldeko abeslari Gorka Urbizurekin aurrez aurre hitz egiteko parada eskaini zuen atzo Punto de Vista jaialdiak, Iruñeko Baluarte auditorioaren kanpoaldean zabaldutako plazan. Garbiñe Ortega dokumental jaialdiaren zuzendariak gogoratu zuen bezala, Lameiroren filmak Berri Txarrak taldearen azkeneko bira du mintzagai, baina batez ere, jarrai-tzaileak jartzen ditu erdigunean, haien bitartez musikak pizten dituen sentipenetaz eta taldearen eta zaleen artean sortzen den lotura emozionalaz mintzatzeko, “alde terapeutiko bat” ere jorratzeraino. Luzemetrailak herrialde eta eszenatoki desberdinetatik bidaiatzen du, Japoniatik Ameriketako Estatu Batuetara, Alemaniatik, Mexikotik eta, nola ez, Euskal Herritik igaroz, leku horietako bakoitzean aurkitutako Lekunberriko taldearen zaleen eskutik.

Urbizuk berak oroitu bezala, “proiektuarekin argi genuen betiko formatutik aldendu nahi genuela, ez genuen talde baten azken biraren inguruko ohiko film bat egin nahi”. Taldea ez, eta zaleak nahi zituzten protagonista nagusi, azken bira atzeko teloi moduan erabiliz. Baldintza horrekin bat egin zuen Lameirok proiektua aurrera eramateko ardura jaso zuenean, eta argi eduki zuen: “Ni ez naiz musika dokumentalen sobera zalea, eta nire erreferente propioetara jo nuen. Zerk egiten du dokumental bat bereziki ona izatea? Niretzat, garaiko gizartea erakusten duten horiek dira. Ez nuen Berri Txarraken inguruko film bat soilik egin nahi”. Jaialdiko zuzendariak aditzera eman zuen bezala, aste honetan bertan iritsiko da Dardara zinemetara.

2018ko abenduan Urbizuk taldearen etenaldi mugagabea Ikusi Arte Tour 2019 azken biraren ondotik ailegatuko zela iragarri zuen sare sozialetan, hain zuzen taldeak 25 bete zuen urte berean. Zaleek espero ez zuten etenaldia izan zen, dudarik gabe, eta horren neurriko erantzuna eman zioten birari, iragarritako kontzertuetako sarrera guztiak atera ahala agortuz. Gogoangarriak izan ziren Iruñeko Navarra Arenan emandako azken bi kontzertuak, guztira 23.000 ikusle bildu zituztenak; baita Bilboko Kobetamendin eskainitakoa ere. 20.000 lagunen aurrean, hiru orduz jo zuten ia 20 musikari lagunek lagunduta. Fan fenomenoaren eztanda erraldoia izan ziren azkeneko emanaldi haiek, dudarik gabe aunitzen memorian iltzatuta geratu direnak. Baina Urbizuk berak aitortu bezala, Dardara-n ez zuten taldearen bira eta azken agurra bertzerik gabe erakutsi nahi, hain zuzen “jarraitzaileei bideratutako aitortza” bat izatea baizik. 25 urteko bide luze horretan ondoan izan zituzten horienganakoa, bere baitan belaunaldi aunitzetako pertsonak bildu dituen talde horrenganakoa.

Filmak, hartara, Berri Txarraken jarraitzaile talde baten istorioak eta bizipenak jasotzen ditu, musikaren indarraz haratago ere belaunaldi eta garai baten islada izateko helburuarekin. Kontakizun txikien tapiz handi bat izan zitekeen, non musikarenganako sentimenduek protagonismo osoa hartzen duten, “kapa asko dituen eta aldi berean oso orekatua den film bat osatuz”, Ortegak azpimarratu moduan.

Lameirok gogoratu zuenez, dokumentaleko protagonistak bilatzearena lan sakona izan zen. Horietako batzuk taldeak bere ibilbidean aurkitutako pertsonak dira, han eta hemen eskainitako kontzertuetan behin eta berriz bertaratzen ziren aurpegi ezagunak. Bertzeak, aldiz, sare sozialen bitartez aurkitutakoak, edota grabatutako kontzertuetako lehenengo lerroetan zeuden ikusle sutsuak. Aukeraketa prozesuan dibertsitatea izan zuen irizpide zuzendariak: “Nahita, perfil mota zehatz bat saihestu nuen, hau da, 20 eta 40 urte arteko gizonezko zuriak, Berri Txarraken jarraitzailearen ohiko profila zeukatenak”.

Filma osatzen duten istorioen artean aurkitzen da Pauline Rzempowski alemaniarrarena. “Ezagutu nuenean antsietate eta sozializazio arazoak zituen neska gaztea zen Pauline, jendearekin hitz egitea ere kosta egiten ziona. Bere lotsa Berri Txarraken musikaren bitartez gailendu ahal izan zuela kontatu zidan berak”. Alemanian eskainitako kon-tzertu aunitzetara joandakoa, Alemaniako errepideetako gasolindegi batean ere elkar aurkitu izan zirela gogoratu zuen Urbizuk, euren hurrengo kontzertura bidean. Edo Jare Lertxundi neskatil txikiaren eta haren amaren arteko harreman berezia, Berri Txarraken jarraitzaileen belaunaldiartekotasunaz solas egiten diguna; baita Koichi Hanafusa argazkilari japoniarrarena, aspaldidanik Lekunberriko taldearen zale. Azaleratzen diren istorio guztien artean hunkigarrienetako bat bada Xabi Cabrera trans gaztearena. Dokumentalean kontatzen duen bezala, Berri Txarraken musika lagungarri izan zuen bere bizitzako une zailenetan: “Pertsonek, nahi gabe ere, aurreiritziak izaten dituzte, baina musikak ez”. “Idoia izena zuenean ezagutu nuen Durangoko Azokan eta bere istorioa kontatu zidanean Marinari aipatu nion”, gogoratu zuen atzo abeslariak. Lameirok, bere aldetik, Xabierren istorioak dokumentalean egotea merezi zuela erabaki zuen, ordurako ia film guztia grabatua bazegoen ere.

Izan ere, Dardara eraiki bitartean hazten joan zen proiektua bat izan dela nabarmendu zuten atzo bai zuzendariak baita musikariak, Punto de Vistako zuzendariak aipatu bezala “hizkuntza desberdinak dituzten bi pertsonen arteko kolaborazioa” ere izan baita hein handi batean. Kamera aurreko elkarrizketei ihes egiten dien pelikula izanda, behin grabaketa nagusiak akituta sumatu zuen Lameirok narrazio-ildo nagusi baten falta, eta une hartan sortu zen Urbizuren barne-hausnarketak audio-eguneroko baten moduan txertatzeko ideia, zuzendariak berak gogoratu bezala. “Nire barne borrokak izan nituen horrekin”, onartu du Urbizuk, “nire sentipen eta emozioak berreskuratzearekin, baina deserosoa suertatu zitzaidan arren sormen prozesuaren parte bezala ulertu nuen eta emaitza ona izan dela iruditzen zait”.

Sorkuntza prozesu oro “ikasketa prozesu bat” badela azpimarratu du Urbizuk Dardara grabatzearen esperientziaz. “Ikusentzunezkoa ez da nire arloa eta ez nenbilen ziurtasun osoz, baina azken batean sorkuntza prozesuak berdinak dira alor desberdinetan, obrak esaten dizu nondik jo”. Lameirori, bere aldetik, “ziurtasun asko” eman dion proiektua izan da Dardara. 2018an plazaratu zuen bere lehenengo lan luzea zuzendari nafarrak Young & Beautiful izenburupean eta, Dardara-n film haren asmo eta begirada berdintsuak mantendu baditu ere, grabaketa eta sorkuntza esperientzia arras desberdinak izan direla ere onartu du, protagonistenganako hurbilketa prozesua eta bakoitzarekin emandako denbora tarte desberdinak medio. “Lehenengo filma nik bakarrik egin nuen, ez nuen inor nire agindupean, eta kasu honetan talde handiago bat izan dut inguruan. Aldi berean, dokumentala izaten ari den esposizio maila ere handiagoa izaten ari da”. “Ia bi urte eman ditut proiektu hau egiten”, borobildu zuen, “eta dudarik gabe eragina izango du etorkizunean egingo dudanaren gain”.