- Pandemiak eragindako galerei aurre egiteko asmoarekin, Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitarau berri bat jarri du martxan: Zapla! bertso zirkuitua. Zazpi saiok osatuko dute egitaraua, horietako bakoitza Nafarroako herri desberdin batean, apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 15a bitartean.

Saio bakoitzean bertsolari ezberdinek hartuko dute parte. “Ekitaldi bakoitzak, gainera, izaera propioa izanen du, besteengandik ezberdina. Hain justu, gorago aipatu bezala, hori da egitasmoaren helburuetako bat: bertso saioen diseinuan berritu eta esperimentatzea, ohikotik harago egon daitezkeen ariketa, gai eta saio motak proposatuz”, adierazi dute Bertsozale Elkartetik. “Era berean, bertsolaritzaren aniztasuna ere islatu nahi du egitasmoak, kultur adierazpen horren barruan egon daitezkeen saio mota ezberdinak bilduz”.

Lizarran (apirilak 23), Beran (apirilak 24), Irurtzunen (apirilak 30), Zizur Nagusian (maiatzak 2), Antsoainen (maiatzak 8), Agoitzen (maiatzak 9) eta Arantzan (maia-tzak 15) eginen dira saio horiek, eta bertako udalen laguntza jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitasmoa antolatu ahal izateko. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahalko dira martxoaren 29tik aurrera, 7 eta 8 euro bitarteko prezioan (bertso bazkarikoak 30 eurotan).

Pandemiak erabat astindu du kulturgintzaren sektorea, eta bertsolaritza ez da salbuespen izan, Nafarroako Bertsozale Elkartetik aditzera eman bezala. “2020an zehar, Nafarroan, ehun bertso saio inguru egin ziren, normalean 200 baino gehiago izaten direnean urtean. Osasun egoerak, gainera, erabat desagerrarazi ditu bertsolaritzaren adierazpen informalenak, otorduen bueltan egindako saioak, kasurako”.

Egoeraren ondorioz, bertsolaritzaren gailur eta erakusleiho den Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere atzeratu behar izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, txapelketaren berezko ezaugarriak -bertsolarien-tzako aukera berdintasuna, aretoen arteko oreka, epaimahai bera saioetan…- bermatzeko zailtasunen ondorioz. Antolatzaileen erranetan, pandemiaren bilakaeraren arabera finkatuko dira txapelketarako data berriak. Dena dela, “kultura segurua dela” azpimarratu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. “Txapelketaren berezitasunak berma-tzea zaila da egungo egoeran, baina aukera badago bestelako saio asko antolatzeko. Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira bi gauza kontrajarri, eta arlo horretan, eredu izateko prest dago Nafarroako Bertsozale Elkartea, saioak kalitatez eta aldi berean segurtasunez antolatu daitezkeela erakutsiz”.

Asmo horrez jaio da Zapla! egitasmoa, Nafarroako bertso plaza aktibatzeko eta sustatu nahian. “Hain zuzen ere, ondorengo helburuak ditu: pandemiak bertso plaza ia desagerrarazi duen honetan, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratuta, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea; kultura, eta bertsolaritza, segurua dela eta erantzukizunez antolatu daitekeela erakustea, eredu ematea; eta txapelketak exijitzen duen egitura zurrunetik harago, bestelako saio mota, gai, ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera balia-tzea”.

Zapla! Lizarra (apirilak 23), Bera (apirilak 24), Irurtzun (apirilak 30), Zizur Nagusia (maia-tzak 2), Antsoain (maiatzak 8), Agoitz (maiatzak 9) eta Arantza (maiatzak 15).