- Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteentzako urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia ospatu zuen atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

2020ko azaroan aurreikusita zegoen JUUL 2020 kanpainan bozkatuen izen ziren liburuen idazle zein ilustratzaileei irabazitako saria ematea. “Tamalez, pandemiaren eraginez, ezin izan genuen burutu”, adierazi zuten Nafarroako Ikastolen Elkartetik. Osasun krisia medio, ekitaldia YouTube kanalaren bitartez emititzea erabaki zuen NIEk. Hala ere, bertan egon ahal izan ziren Ana Jaka, Joana Ziganda eta Iker Uribe, Pello Añorga, Ibon Martin, Alaine Agirre eta Xabier Mendiguren, Peru Magdalena eta Txomin Magdalena, Jon Arretxe, Jasone Osoro eta Bertol Arrieta idazleak. Ilustratzaileen aldetik, Eider Eibar, Emmanuel Montiel, Jokin Mitxelena, Mikel Santos Belatz eta Iosu Mitxelena bildu ziren sari-banaketan. Denek ala denek, Angel Garraza artista nafarrak egindako Juul Saria jaso zuten.

Juul hauteskunde literarioak iazko urrian ospatu ziren, pandemiak eragindako atzerapenarekin. Euskal Herriko ikastola guztien bozkak biltzen dituen hauteskundearen 22. edizioan, “etxeko egileak” izan ziren nagusi berriz ere.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek Bénédicte Carbonelliren Irakur iezadazu ipuin bat! (Ttarttalo) aukeratu zuten garailetzat, bigarrena egin zuen Ana Jakaren Marimatrakak 4 - Astindu gorputzak! eta hirugarren postuan geratu den Joana Ziganda eta Iker Uriberen Ni neu galtzeta lanen gainetik. 8 eta 10 urte bitarteko ikasleak biltzen dituen kategorian, Pello Añorga idazlea nagusitu zen, Ispilutxo lanarekin. Bigarren eta hirugarren, Onin eta baleen besta, Ibon Martinena; eta Alaine Agirre eta Xabier Mendigurenen Munstro txikiak - Mamutxo bere gurasoen bila izan ziren.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Roberto Garcíaren Futboleroak 1 - Lokartutako arbitroen misterioa liburua aukeratu zuten euren botoen bitartez. Honen ondotik, Txomin eta Peru Magdalenaren Txomintxo eta Perutxo lehendakari eta Toti Martinez de Lezearen Nur eta kobazulo liluragarria lanek egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Jon Arretxek lehenengoz lortu zuen nerabeen kategorian nagusitzea, Beti Iparralderantz lanarekin, eta azken urteetan lehenengo postuan mantendu zen Jasone Osorok bigarren egin zuen, Eskularru beltzak - Ihes eleberriarekin. Ilustratzaileen kategorian, Eider Eibar izan zen boto gehien bildu zituena, eta onen ondotik gelditu ziren Emmanuel Montiel, Jokin Mitxelena, Mikel Santos Belatz eta Iosu Mitxelena.