- 1521eko Noaingo bataila gure historiaren prozesuan kokatu beharko genuke. 1000 urtean, mundu osorako Apokalipsia iragartzen zen garaian, Iruñeko erresuma bere gorenean zegoen. Erreinuak Aturri Iparraldetik Ebro eta Urbion mendiaren magaletaraino zabaltzen zen. Handik aurrera, ordea, hekatonbea hasi zen guretzat. Atapuerkan, 1054an hasi eta 1512ko ekainaren 30eko Noaingo bataila arte, gurea, gu baino indartsuago eta indarkeria bortitzago erabili duten auzo erresumaren kontrako erresistentziaren historia izan da. Horretan, Noain, bada inflexio puntu bat.

- Gudaldi historikoak irabazle eta galtzaile terminoetan planteatu izan dira gehienetan, hemen ordea, zer irabazi zuten sarraski hartan hil ziren Gaztela-Espainiako erresumaren menpeko (komuneroak eta baskongadoak barne) hildakoek? Benetan garaile izan zirenak Erromako eliza integrista, Frantziako erresuma eta Espainiako noblezia aseezina izan ziren. Handik gutxira, ordea, lur azpiko apalean elkartu ziren denak. Batzuk bere herriaren defentsan hil ziren, eta konkistan etorri zirenek ez zuten zerua irabazi. Apokalipsia gezurra zen.

- Zalantzarik gabe Noaingoa oroimen leku bat da. Ulibarrenaren monumentua, berriz, historiaren herri ikur bat; Gernika, nafar gazteluak edo Iruñeako Foruen monumentua diren bezala. Gu ez gara askatasunaren, Nafarroa edo independentziaren alde borrokatzen dugun bakarrak, ezta lehenak ere. Lehenagotik izan dira beste batzuk eta historiak jasotzen ditu ahalegin horiek. Egindakoagatik ikasi behar ditugu lorpenak eta akatsak, historiaren porrotak errepikatu ez ditzagun.