Atzo estreinatu zen Zinemaldian modu ofizialean Maixabel, Iciar Bollain zuzendariaren azken lana. Bertan, Maixabel Lasaren, PSEko kide zen Juan Mari Jauregiren alargunaren, bizitza kontatzen da, ETAk 2000. urtean Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa erahil ostean;baita beranduago, 2011tik aurrera, Jauregiren bi hiltzailerekin, Ibon Etxezarreta eta Luis Carrascorekin, elkartze ezberdinak egitea onartzen duenekoa ere. Emanaldiaren amaierak txalotze luze, bizi eta itxia jaso zuen Kursaaleko ikusleen aldetik eta pelikula sari bat jasotzeko hautagai argia izan daiteke.

Ikustaldiaren osteko prentsaurrekoan Blanca Portillo antzezlea, Maixabel Lasa interpretatzen duena; Luis Tosar aktorea, Ibon Etxezarretaren rola antzezten duena; Isa Campo gidoilaria; Koldo Zuazua eta Juan Moreno produktoreak eta Bollain bera izan ziren.

Bai Portillok eta bai Tosarrek filmaren tematika zeinen “sentikor” eta “delikatua” den azpimarratu zuten; lehenak taldeko kide “guztiak horren jakitun” zirela ziurtatu zuen.

Honi lotuta Tosarrek, grabatzen ari ziren bitartean, “noizbehinka tristura oso sakon batek bereganatzen” zituela jakinarazi zuen. Hala ere, Portilloren esanetan, “jende guztiak disdiratu du zentzu berean” filmean, “zeremonia antzeko bat” sor-tzen delarik eta bakoitzak “ahal bezain hoberen” eginez.

Pelikularen filmaketak anekdota bitxi bat dauka. Izan ere, aktore galiziarrak kontatu zuenaren arabera, Portillok eta berak ez zuten ezagutzen ia elkar. Maixabel Lasa antzezten duen aktoreak egoera hori aprobetxatu eta prozesu osoan elkar ez ikustea proposatu zuen, Lasa eta Etxezarretaren arteko lehen elkartzea grabatu arte. Hala egin zuten eta “oso giro berezia sortu zen, nik aurretik inoiz bizi gabea”, baieztatu zuen.

Bollainek, bestalde, proiektu hau hastean, beldur gehien eman ziona “errespetuz egitea” zela esan zuen, konziente baitzen “gai erreal eta oso mingarri bat” zela, jende “askori eragiten ziona”. Argi utzi zuen, gainera, ez zutela “nahigabearekin gozatu” nahi izan eta, zentzu horretan, gidoiaren “doitasuna” oso gustuko izan zuela hasieratik.