- Bi urteko etenaren ondoren, azkenik, sortzaile eta kultarazaleek aurrez aurre elkartzeko aukera izan zuten atzo Landako gunean. Edukiera mugatuarekin ospatzen den lehen Durangoko Azokak bere gazi-gozoak erakutsi zituen. Batetik, bisitariek idazle eta musikariekin hitz egiteko denbora gehiago izatea eskertu zuten. Ordainetan, argitaletxe eta diskoetxeek, jende gutxiago egotearen ondorioz, salmenta urriagoak izango dituztela aurreikusi zuten. Hala ere, erdibideko formula hau aurkitu izanagatik pozik agertu ziren denak. “Iazkoa eta gero, edozein urrats baikorra da, neurri txikian edo handian, aurrera goaz”, azaleratu zuen Kirmen Uribe idazleak, Susa argitaletxeko standean bere liburu berria sinatzen ari zen bitartean.

Goizeko 10.00etan sartu ziren aurretik izena eman duten lehen 1.200 bisitariak, Landakoren kanpoaldean ilarak errespetatu ostean. Barruan nasai ibiltzeko aukera izan zuten, alde batetik bestera mugitzeko ohi baino askoz erraztasun gehiagoz. Gerediaga Elkartetik argitu zutenez, atzo, bost txandetatik lau agortu ziren. “Matematikoki normalean sartzen den herena sartuko da. Eman dituzten datuen arabera 30.000 pertsona etorriko dira guztira egunotan, baina antolakuntzaren arabera, 100.000tik gora izan dira beste urte batzuetan”, azaldu zuen Pello Elzaburuk, Pamiela argitaletxeko editoreak. “Egia da datorren publikoa oso kualifikatua dela: badaki zer nahi duen eta zuzenean dator erostera”, azaldu zuen editoreak Durangok “topaleku” bezala duen balorea goraipatu baino lehen. Aurtengoan ez dituzte sinadurak iragarri, baina Leire Bilbao edota Maite Mutuberria idazleak handik ibili ziren, irakurleekin solasean.

Idazle eta editore gisa, Hedoi Etxartek panoramika dezente zabala eskaini zuen. “Okerrenean ere, esparrua berreskuratzen joan behar gara, baina aldi berean ezin dira bakarrik salerosketarekin lotuak izan, topatzeko tokiak ere behar dira”, iritzi zuen Sortaldekoak liburua kaleratu berri duen autoreak. Izan ere, iruindarrarentzat Azoka kontu kolektibo bat da. “Bat-batean izena eman behar baldin baduzu bihurtzen duzu gauza indibidual bat. Hamar laguneko kuadrilan bazentozen, agian bi erosleak ziren eta besteak laguntzaileak. Baina laguntzaileak ez badatoz, agian erosleak ere”, adierazi zuen Katakrak argitaletxearekin batera sei nobebade aurkeztu dituen editoreak.

Bozgorailutik gunea husteko abisua eman baino lehen, zortzi urte eta gero Azokara itzultzeak zer suposatzen duen agertu zuen Biurrunetik heldutako familia batek. “Etxean bezala sentitzen gara, euskal kultura hain borborrean dagoela ikustea gozamena da. Eroso gabiltza, postu guztiak askoz ere lasaiago ikusteko aukera dago”, azaldu zuten Anak eta Koldok, Alaitz eta Naroa alabekin asteburupasa etorritako bikoteak. Antzeko sentipena azaleratu zuten Donostiako Josunek eta Albertok. “Bisitari bezala oso atsegina da eta artistak ezagutzeko aukera paregabea da”. Hala ere, bestearen lekuan jartzeko sentsibilitatea agertu zuten: “Gogorra da standak hutsik ikustea. Jende gutxi dago sortzaile eta saltzaileen ikuspuntutik”.

Durangorekin hazi den heinean, lehenik gurasoekin hurbilduz, gero lagunekin, eta, gaur egun, idazle gisa, Kirmen Uribek Azoka euskaldunontzat berebiziko garrantzia duen bilkura gunea dela uste du. “Aurten ezingo da izan denok nahi genuena”, aitortu zuen argitaletxea laguntzera eta irakurleekin egotera bertaratu zen idazleak. “Gauzak beti alde baikorretik hartzen ditut, jende gutxi egoteak irakurleekin kalitatezko harreman bat ahalbidetzen du. Hori beti da ona, ez bakarrik irakurlearentzat, idazleentzat ere”, iritzi zuen Izurdeen aurreko bizitza eleberriaren autoreak. Izan ere, bere esanetan, “ispilu joko bat da eta zure burua ispilu baten aurrean ikusten duzu irakurleekin hitz egitean, onuragarria da”.

Nahiz eta sinadurak iragarri ez diren, ez dira debekatu. Beraz, ez da harritzekoa ohiko sortzaileek bereganatu zuten arreta. “Bi urte oso biziak izan dira, dena da gero eta aldakorrago. Baina berriz hona itzultzea eta standa ireki bezain arin ilarak sortzea, helduleku bat da artistontzat. Pozik eta itxaropentsu gaude”, aitortu zuen Pello Reparazek, Zetak proiektuaren liderrak. “Aurten, zorionez, denbora pixka bat gehiago dugu jendearekin egoteko. Kasu honetan ere, txarrenari ederrena aterako diogu”, argitu zuen egunero full-time Landako gunean egongo den abeslariak.

Beste ikuspuntu bat agerrarazi zuen Kalakan taldeko Xan Errotabeherek. “2020a zaila izan baldin bada denontzat gure kasuan egia da kontzertu batzuk eman izan ditugula. Hori da publikoarekin garrantzitsuena iruditzen zaigun lotura, eta, hein batean, mantendu ahal izan dugu”, adierazi zuen. “Gaur izan dugun lehen bezeroak esan dugu: ‘Asko saldu!’ Baina esplikatu diodanez, guri gehien axola zaiguna bizimodua oholtza gainean irabaztea da. Diskoa programatzaileei bisita txartela bat eskaintzeko modu bat baino ez da”, argitu zuen.

Stand aurrean urtero egiten zaizkien ilarak kontrolatzen adituak dira Gatibu taldekoak ere. “Harreman fundamentalak berriro berreskuratzeko sasoia zen!”, aldarrikatu zuen Alex Sardui abeslariak, pozez. Haren ondoan, Haimar Arejita gitarra-joleak txanda bakoitzean Landakon sakabanatutako 1.200 pertsona gutxiegi dela iritzi zuen. Bestetik, musika entzuteko ohiturek izan duten bilakaeraren inguruko hausnarketa bat eskaini zuen. “CDaren erabilera bizi izan dugunok badakigu kontsumitzeko modua aldatu egin dela. Baina Durangon, nahiz eta aldaketa hori egon, jendeak formatu fisikoa baloratu egiten du, nahiz eta etxean diskoa jartzeko aparaturik ez izan”, iritzi zuen .

“Etxean bezala sentitzen gara, euskal kultura hain borborrean dagoela ikustea gozamena da”

Biurruneko bisitariak

“Datorren publikoa oso kualifikatua da: badaki zer nahi duen eta zuzenean dator erostera”

Pamiela argitaletxeko editorea

“Denbora gehiago izango dugu jendearekin egoteko. Txarrenari onena aterako diogu”

Zetak taldeko liderra