- Bere abestietan nola, bere buruarekin maiz eta sakonki egoten den horren egiazkotasunarekin hitz egiten du Benito Lertxundik (Orio, 1942) askatasunaz, adimenaz, kulturaz. Pandemiak eragindako geldialdiak kontzeptu horietan are gehiago sakontzeko, gelditu eta barrenari adi egoteko parada eman dio. Denbora, berak erran bezala, norberak bere pentsamenduei kasu egiten dien une horietan neurtzen baita soilik.

2018an kaleratu zenuen 'Ospakizun gauean' diskoa. Ordutik hona astinaldi ederra hartu du munduak... Kantu horiek irakurketa desberdin bat daukate orain?

-Egia esan ez dakit irakurketa oso garbirik egin dezakedan... Pandemiaren bitarte honetan epe berri bat ireki dela iruditzen zait, espero ez zen bizitzeko modu bat etorri zaigu. Nik ez dakit hala izango den, baina sentitzen dut espero ez dugun aro ezberdin bat datorkigula eta, horrekin batera, halako sentipen, egitura edo kultura berri bat ere. Guzti honen barruan, nahiko aparte egon naiz diskoarekin. Hau da, diskoa kanpoan dagoen zerbait da, bere gisa dabilena, eta beste gauza bat da zuk kantu horiekin ematen dituzun kontzertuak. Gertatzen dena da jada bi urte egon garela geldirik. Ez dut kontaktu handirik izan kanpoko munduarekin, oso barne munduan egon naiz. Orain hasi naiz kontzertu batzuk ematen, aspaldi jotzen ez nituen kantu zahar batzuk berreskuratu ditut... Pandemia garai honetan ikusi eta sentitu ditudan gauzen araberakoak.

Nola bizi izan duzu pandemia?

-Bizpahiru kantu berri egin ditut, eta kantuak egiteko modua ere diferentea izan da. Nolabait, denboraren joan hori galduta eduki dut. Izan dut garai bat ez dudala jakin zein ordutan bizi naizen, zein egunetan bizi naizen... Oso berezia izan da alde horretatik. Orain ematen hasi naizen kontzertuetan ere sentipen berri batzuk izatea ekarri du guzti honek.

Denboraren kontzeptua bera ere aldatu da...

-Asko, gainera. Ni ez naiz behin ere oso atzera begira egotekoa izan. Denboraren zama oso gutxi sufritu dut, egia esan. Baina kasu honetan, banuen halako sentimendu bat, batez ere konfinamenduaren hasiera hartan, leihoa ireki eta halako isiltasun berezi batena, txoriak kantari, inor ez kanpoan esperoan, inor ez zain... Horrelako zerbaiten beharra izango genuela ere pentsatzen dut.

Fernando Pessoaren hitzak jaso dituzu 'Ibaiertzean' kantan, hain zuzen ere egiazko gauzen soiltasunaz hitz egiten duena.

-Gehiegi bizi gara besteei begira, besteek zer esango duten zain, besteen epaiketaren zama horren beldur. Eta hor, bakoitzak bere nortasuna galdu egiten du nolabait. Pandemia honekin batzuk oso gaizki pasa dute, baina niri konfinamenduaren hasiera gustatu ere egin zitzaidan. Baliteke nik ere halako joera dudalako izatea, ez dudalako askotan jende artean trumilka egoteko beharrik izaten. Agian jende artean bizi naizelako, publikoaren aurrean. Uste dut garai ona izan dela gure buruari galdetzeko zerk lagun-tzen digun bizitzan, barneko begirada hori edukitzeko, sentimendu hori izateko.

Eta zerk laguntzen digu bizitzan?

-Zenbat eta gehiago bizi mundu kodifikatuan, dena emanagoa datorkigu, bizimoldeak datozkigu. Bizimolde horietan gure izaera galtzen dugu, pixka bat robotizatu egiten gara. Oso inportantea izaten da guzti horri begiratzea: alienazioak, ohituretara egokitzeak, inguruak ematen dizun ustezko ongi-izate edo gaizki-izate horiek guztiak... Inportantea da norbera izatea eta horretarako adimena beharrezkoa da. Eta adimena, edo aske da, edo ez da adimen. Aske ez bada mentalildadean bihurtzen da eta norberaren kontra jotzen du.

Norbere buruari galderak egiteko gaitasuna ere garrantzitsua da?

-Epaiketaren baldintzapen horretatik kanpo dagoenean, betiere. Galderak epaiketa moduan egiten badituzu, esan nahi du hierarkia baten eskutik zoazela, balore moduan jaso duzun horren eskutik zoazela. Eta orduan ez zara zu, korronte batek eramaten zaitu. Oso garrantzitsua da ezer ez epai-tzea, gauzak bere horretan ikusten jakitea. Orduan hasten da adimena, bere askatasun osoarekin, gauzak begiratzen. Orduan konturatzen da bat norbere zentsuretaz. Jaso dugun kulturarengatik, gauza pila bat har-tzen ditugu txar edo kaltegaritzat, baina gero konturatzen gara moral, balore edo mentalidade kontuengatik dela.

'Besteen bidean ibiltzea da ezagu-tza, berjabe gogoaren kontzientzia, jakintza' diozu diskoari izena ematen dion abestian.

-Bai, bi gauza desberdinak direlako. Berjabetzea diodanean, zerbaitetaz berriro jabetzeaz ari naiz. Askatasun horren kontzientzia da jabetza. Jakin-tza azken finean da erdaraz esango genuken "aprehender": digestioa egina dago, barneratu duzu, jada ez duzu pentsatu behar, berez ateratzen zaizun zerbait da. Gorputzak eta metabolismoak dituen bereko jakinduria hori da. Guk mentalki gauzak dakizkizgunean, irentsi ditugunean, hori da jakintza. Erudizioa da ezagu-tza.

Eta hortik desikastearen garrantzia ere.

-Bai, pertzeptzioei tokia egiteko beharrezkoa da. Gauza askotan, jasotako guzti hori oztopoa izaten da berezko hori jaso ahal izateko. Desikastea oso inportantea da berezko gauzak jakiteko. Alienatuak, desalienatu egin behar du.

Alienazioaren jabeagoak gara orain, gizarte bezala?

-Nik, egia esan, uste dut gauza hauek ezin direla modu kolektiboan ikusi. Iraultza beti bakarka da, iraultza antolatzerik ez dago. Historian ezagutzen ditugun iraultzak patroi aldaketak dira, aurreko baloreak utzi eta beste berri batzuk hartzean oinarritzen dira. Niretzat, iraultza beti da bakarka, pertzeptzioaren eta gauzak bereiztearen ondorioa da. Baloreetaz mintza-tzen da mundua, baina baloreak berez ez dira existitzen, existitzen diren bakarrak balorazioak dira. Kultura bakoitzean ematen dira. Ederra beti izango da, onura izango da gauzak barrenetik hasten direnean. Orduan egiten dira erraldoi.

Askatasunaz mintzatzen zara zure abestietako batzuetan. Zer nolako askatasuna?

-Askatasunaz hitz egiten dugunean gauza asko esaten dira, baina askatasuna ulertu beharreko zerbait da. Askatasuna ez da nik nahi dutena egin ahal izatea. Zer da egin nahi dutena egin ahal izatea? Ez baldin badakit begiratzen nire nahia, nondik natorren, zertara natorren... Bakoitzak badaukagu gure egoa, gure ni-a. Ni horrek bizio asko izan ditzake, eta horri jarraituz sortzen badut nire askatasuna, libertadea libertinaje bilakatu daiteke. Libertadea, nolabait esateko, adimena bizi den etxea da. Libertadea eta adimena gauza berdina dira, bata bestea gabe ezin dira izan.

Eta zertan datza guzti hori?

-Hiru gauza badira, azken batean: natura, kultura eta egoa. Egoa haur bat bezalakoa da: haur batek jolastu egin behar du, baina jolasten dabilen bitartean ezin diozu begirik kendu. Bestela, atsekabe bat emango dizu. Egoa gure pentsamendua da: nire iri-tziak, nire usteak eta hortik sortzen diren tentazio guztiak. Begiratzen baldin badakizu, konturatu baldin bazara zer den, badakizu bere jostaketa egiten ari dela, baina badakizu ere gutxi gorabehera begiratzen, eta garaiz helduko diozu.

Hori egoari dagokionez. Eta natura eta kultura?

-Konturatzen baldin bazara, jendea beti mintzatzen da natura norberetik aparte dagoen zerbait balitz bezala: natura zaindu behar dugula esaten dugu. Ez dugu gure burua naturan integratuta ikusten, "ni" horretaz aparte dagoen zerbait bezala. Batek ez badu modu holistiko batean ikusten bere burua, guzti horren parte bezala, ez du ulertuko zer den natura. Eta kultura, jaioz geroztik egiten dugun guztia da. Bizitza bera da kultura: inbidia, gorrotoa, tortura... Hori ere kultura da. Beste gauza batzuk egingo ditugu hobeagoak direnak, baina hori ere bai bada. "Guztia guztiz egina dago", hori ere esaten dut abesti batean.

Kontzeptu guzti hauetaz hausnartu ahal izateko, denbora ere beharrezko osagaia izanen da...

-Bai, baina badakizu zer gertatzen den denborarekin? Hau ere fikzio bat dela. Denbora da gure memoria: guazak gogoratzen ditugu, eta gogoratze horrekin denbora neurtzen dugu. Baina denborarik ez dago, gure ilusioa baino ez da. Kontraesan ikaragarri bat sortzen da hor, ulertzen ez dugun kontzeptu bat delako. Gizakiak beti esaten du bizitza oso motza dela, azkar pasatzen dela. Baina beti dago denbora-pasa, beti dago denbora kixkaltzen. Egiten duen guztia entretenitzeko da, denbora pasatzeko, aspertu egiten da... Eta, aldi berean, bizitza motza dela esaten du. Alfer-begiradak egiten dituelako, egiazko begiradak beharrean. Zer da bizitza? Motza? Luzea?

Jarrera kontua da?

-Denbora, berez, norbera bere pentsamenduan dagoenean, planto egiten duenean, horra begira dagoenean ikusten duen zerbait. Hor dago atzo egin nuena, herenegun egin nuena, duela hamar urte egin nuena. Hori da nire argazkia, nire denbora. Zurekin hizketan ari naiz orain, ezta? Ba eternidadea hauxe bera da. Zurekin hitz egiten nagoen une hau bera. Hizketan ari gara, bai zu eta bai ni, iraganeko gauzen inguruan, baina hitz egiten dugun momentuan argi baldin badaukagu kontzientzian hori argazki bat baino gehiago ez dela, hori da betikotasuna. Instante hau da eternitatea. Ez du mugarik, ez da segundu bat edo segundu-ehunen bat, adi, puntu horretan baldin bagaude.

Denbora, askatasuna, pertzepzioak...Oso presente dauden kontzeptuak dira zure abestietan. Baita, pertzeptzioen haritik, errebeldia ere. Zein da bi kontzeptu horien artean dagoen erlazioa?

-Adibide bat jarri dezakegu, adibidez, euskararekin. Niri askotan esan didate: "Aizu, zenbat egiten duzun euskararengatik". Eta nire egoak gustura entzuten ditu horrelakoak. Baina begiratzen diot nire egoari eta kontura-tzen naiz nik euskararengatik baino euskarak egin duela gehiago nigatik. Azken finean, nik ez dakit euskararekin izan ez banintz egin ditudan kantuak zer izango ziren, edo izango ote ziren ere. Testuinguru horretan erori naizelako edo, kantu batzuen edo nolabaiteko izaera baten jabe naiz. Eta konturatzen zarenean euskararen kalapita horretan nola bizi garen, saiatzen zara ahalik eta hobekien bideratzen arazo horren irtenbidea. Eta hor ez gatoz bat: ba-tzuk esaten dute folklorea egin behar dela euskara salbatzeko eta, nik, euskara salbatzeko politika egin behar dela pentsatzen dut. Hor agertzen da errebeldia. Errebeldia sentitzen dut galdu dugulako politika sena. Otzandua ikusten dut herria.

Zergatik gertatzen dela uste duzu?

Ez garelako aske, herri bezala, eta besteek jarritako musikaren erritmoan dantzatzen dugulako.

"Ni ez naiz oso atzera begira egotekoa izan. Denboraren zama oso gutxi sufritu dut"

"Desikastea beharrezkoa da pertzeptzioei tokia egiteko eta gauzei berez diren moduan begiratzen ikasteko"

"Konturatzen naiz, nik euskararengatik baino, euskarak egin duela gehiago nigatik"