- Bakarka eta pianoarekin. Halaxe arituko da, lehenengoz, Mikel Urdangarik bihar Iruñeko Erraldoien Txokoan eskainiko duen kontzertuan. Emanaldi berezi honek Iruñeko Udalak antolatzen duen Kantu eta Hitza formatu txikiko kontzertu zikloari hasiera emanen dio. Musikari zornotzarrak 25 urteko ibilbide musikalean barrena murgilduko da, bere kanta garrantzitsuenak, belaunaldiz-belaunaldi iraun duten euskal musikaren altxorrak horietako asko, berreskuratuz.

Antolatzaileek aditzera eman bezala, “inoiz erakutsi ez digun talaiatik, bere errepertorioko aukeraketa bat aurkeztuko digu kantari zornotzarrak, azken bi urteetan ondutako bertsio eta sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe”. 2000 urtean erosi zuen Mikelek bigarren eskuko pianoa eta 17 urte beranduago ireki zion lehenengoz tapa. “Apatiatik maitemintzerainoko jauzia. Tapa altxatu; mugimendu txiki horrek ekarri dio mundu berri bat, musika sentitzeko eta agertzeko era berri bat”.

Musikaria 25 Tour bira betean dago une honetan. Kantautore profiletik pixka bat aldenduz, bere alderik indie-na erakutsiko du bere kon-tzertuetan musikariak, zuzeneko soinuaren parte den rock progresiboari keinu eginez.

Erran bezala, dagoeneko egutegi iruindarrean bere lekua egitea lortu duen Kantu eta Hitza zikloaren lehenengo emanaldia izango da biharkoa. Haren ondoren, Joseba Irazoki eta Lagunak, Maite Larburu eta Peru Galbete eta Gu izanen dira zikloari jarraipena emanen diotenak. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, sarrera doakoarekin, hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapenak jasota.

Ekainaren 9an, Zarata Mondo Sonorok 2021eko disko onenaren saria jaso zuen JIEL III lana aurkeztuko du Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak. Zikloaren antolatzaileek deskribatu moduan, “disko heldua da, batez ere Joseba Irazokiren eta haren ohiko taldearen soinu ezagun eta nahastezinez osatua, baina inola ere ez erosoa edo konformista”. Irazokiren bidean joera desberdinak uztartzen dira: folka, rocka, psikodelia eta esperimentazio instrumentala. Félix Buff ariko da baterian eta sintetizadoreetan, Jaime Nieto baxuarekin eta Ibai Gogortza gitarran.

Ekainaren 16an, Maite Larburuk Krak diskoko abestiak abestuko ditu. Album honetan Carlos Taroncher eta Karlos Arancegui musikariak ditu lagun. Hainbat helbururekin sortutako doinuak eta Axut antzerki-taldearen Amua antzezlanerako konposatutako musika biltzen ditu. Musika Larburuk berak osatu du oso-osorik, baita hainbat abestiren letrak ere. Harkaitz Canok idatzitako abestiak, Raymond Carverren poema batean oinarritutako abesti bat eta Amua antzerki-lanaren gidoitik hartutako esaldiak biltzen dituen beste kanta bat ere aurkitu daitezke lan honetan. Diskoko harribitxietako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira, emakume batek idatzi eta ezkutatutakoak.

Ekainaren 23an, Peru Galbetek Beiratu laugarren diskoa aurkeztuko du. Musikari autodidakta eta inprobisazioaren maitalea da, eta batez ere ahotsarekin eta irudiarekin lan egiten du. Haren interesguneak ahotsarekin, inprobisazioarekin eta performancearekin esperimenta-tzea dira, eta banakako piezak sor-tzen ditu, kolektiboak balira bezala. Beiratu hamabi abestik osatzen dute. Xanti Etxeberrik lagunduko dio kontrabaxuarekin eta Idoia Arizaletak gitarra eta teklatuarekin.