Lehen eta azken saioa zuen txapelketa honetan, eta ez zuen hutsik egin. Maialen Lujanbiok txapelari eutsi zion atzo Nafarroako hiriburuko Nafarroa Arenan ospatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Hasi eta buka, bikain aritu zen hernaniarra. 2013ko finaleko argazkia errepikatuz, Lujanbiok Arzallusekin batera jokatu zuen buruz-burukoa; eta hauen atzetik gelditu ziren Aitor Mendiluze, 1507 punturekin; Sustrai Colina, 1495 punturekin; Alaia Martin, 1493,5 punturekin; Beñat Gaztelumendi, 1443,5 punturekin; Nerea Ibarzabal, 1435,5 punturekin; eta Joanes Illarregi, 1421,5 punturekin. Iñaki Muruak jantzi zion txapela Lujanbiori: hirugarrena, beraz, berarentzat.

Azken agurra, egungo gizartea gurutzatzen duten problematika desberdinei aurre egiteko deia egiteko baliatu zuen txapeldunak. “Laguna altza adi / bultza hainbat borroka / ederren martxari / kontra pisu eginez / eskuin balantzari / txapela bete indar / mingaina dantzari / borroka irabazteko / desesperantzari”, bukatu zuen.

Baina lehia ororen gainetik, atzokoa bertso besta erraldoia izan zen. Harmailetatik pistara eta pistatik errebotera, lepo bete zuten 13.000 zaleek Nafarroa Arenako aretoa, eta txalo zaparradaz hauspotu zituzten txapelketako zortzi finalistak oholtzara igo bezain laster. Goizeko bertsoaldia zuzen baina tarteka epel joan bazen ere, arratsaldekoan goia jo zuen. Bazkaltzeko atsedenaldiaren ondoren, izan ere, indarberrituta oholtzaratu ziren zortzi finalistak, giroak nabarmen egin zuen gora eta publikoak erruz gozatzeko parada izan zuen.

Lujanbio eta Arzallus, bikain

Buruz-burukoan, Arzallusek eta Lujanbiok publikoaren eztanda eragin zuten elkarrekin eskainitako bertso erakustaldiarekin, bai Iparragirre abila dela doinuan, baita zortziko txikian ere. Txapeldun eta txapeldunorde postuak ongi merezita daukatela erakutsi zuten, zalantzarako zirrikiturik utzi gabe. Lujanbiori buruzko pelikula biografiko bat egiten ari direla eta, Arzallus Maialenen rola egiten duen aktorearen paperean jarri zuen Alaitz Rekondo gai-jartzaileak. Halaxe bota zion bigarren bertsoan hernaniarrak: “Bastante ona zara / errean kopian / nere kolorerik ez / dezu bekokian / burua nola jarri / pinta egokian / ilea dugu juxtu / kontrako tokian”. Eta Arzallusek erantzun: “Ai gure lepo gainak / nolako kulunka / zu sotana bat zara / ni elur maluta / kostako da berdintzen / zuk daukazun looka / ez dakit nork egin behar / didan ba peluka”.

Zaleek lepo bete zuten Nafarroa Arena. Unai Beroiz

Bakarkaka egindako lanetan ere ez zuten huts egin bi bertsolariek. “Ez dago B planik” izan zen ganbarako lanerako luzatutako gaia, eta hernaniarrak edukiz betetako hiru bertso josi zituen, hasi eta buka, plan falta hori pandemia ondorengo garaiari lotuz: “Egin genuen elkar zaintza ta / auzo zaintzen propaganda / baina aukera heldu denean / edo ekiteko txanda / komuna izan ziteken dena / komun zulotik joan da”.

Gainontzekoek ere bero utzi zuten oholtza, izan ere, denek izan zuten une disdiratsuak uzteko parada, ariketa desberdinetan. Mendiluzek, ohi duen moduan, ez zuen hutsik egin saio osoan zehar, eta puntu erantzunetan nabarmendu zen bereziki. Martin ere ongi aritu zen, akaso arratsaldeko saioan finago, eta Ibarzabalekin batera zortziko txikiko ariketa borobila eskaini zuen. Markina-Xemeingoak, bere aldetik, dagoeneko bere marka pertsonala duen bakarkakoak eskaini zituen, gaiei ertz berriak bilatuz, ia ikus-entzunezkoak diren bertsoak josiz. Gaztelumendik ere bere ohiko maila mantendu zuen saio osoan zehar, eta Illarregik berea eman zuen, saioaz eta plazaz gozatuz. “Etxean” jokatzen zuen leitzarrak, eta nabaritu zen gustora aritu zela.

Giroa bero, goizetik

Finala, aurreikusita zegoen moduan, 11:00en bueltan abiatu zen. Nafar hiriburuan nabarmena zen bertso giroa asteburu osoan zehar, eta atzokoan ere hala izaten jarraitu zuen goizeko lehen ordutik. Ateak goizeko 9:00etan ireki baziren ere, 7:30etik dagoeneko jende taldetxoak bazeuden Arenako inguruetan, antolakuntza lanetan laguntzen aritu ziren 350 langile bolondresetako batek Nafarroa Arenaren atarian adierazi bezala.

Finalak “historikoa” izateko osagai ugari zituen: lehenego aldiz Iruñean, lehenengoz hiru emakume finalisten artean, lehenengoz nafar bat azken saio handian. Hala, zaleen artean zirrara eta urduritasuna nabarmenak ziren.

Hala ere, eta antolakuntza bikainari esker, jende pilaketarik ez zen gertatu eta lasai, estualdirik gabe sartu ahal izan ziren zaleak Arenako harmailetan eta pistan lekua hartzera. Eserlekuak betetzen joan bitartean bertsolariei hauspoa eta babesa ematera bideratutako pankartak agertuz joan ziren harmailetako balkoietan: “Zu zarelako gaur adibide, bizitzan dena dela posible. Egurra, Joanes!”, “Morez jantzi duzu pista, eskerrik asko Alaia, gora bertsogintza feminista”, “Bukatu gabeko herri huntan, ametsak egia bihurtu”...

Bertsolariak, goizean, oholtzara hurbiltzen. Unai Beroiz

Zozketatutako ordenari jarraituz, Mendiluzek eta Ibarzabalek eman zioten hasiera finalari, eta aski ongi erantzun zioten lehen ariketari, diru-laguntzarik gabe gelditu diren bi ikerlariren roletik abestuz. Azpimarragarria izan zen, zortziko handian, Lujanbiok eta Martinek osatutakoa ere. Itsasoaren parean dagoen denda txiki baten jabeak, aldaketa klimatikoa tartean saltokia lekuz aldatu edo ez eztabaidan jarri zituen Ion Zaldua gai-jartzaileak. “Ekonomia zirkular hori / hau baldin bada ba, kito / lehenengo juxtu, ondoren pobre / ta azkenerako ito”, borobildu zuen Lujanbiok hirugarren bertsoa.

Zortziko txikiko ariketak, ohi den moduan, umorerako tartea eskaini zuen. Fin aritu ziren ariketa horretan denak, baina akaso Colinak eta Martinek osatutako elkarrizketak eragin zituen barre gehien. Puntuei erantzuten ibili ondoren, seiko motzari ekin zioten zortziek.

Ganbarako ariketan osatu zituzten bertsolariek goizeko ale ederrenak, hala ere. “Irribarre konplizea egin diozue elkarri” gaiari erantzunez, istorio eta ikuspegi desberdinak oholtzaratu zituzten. l

PUNTUAZIOA

Maialen Lujanbio 2240

Amets Arzallus 2166

Aitor Mendiluze 1507

Sustrai Colina 1495

Alaia Martin 1493,5

Beñat Gaztelumendi 1443,5

Nerea Ibarzabal 1435,5

Joanes Illarregi 1421,5

Azpimarratzeko

Txapeldunaren agurra. Herriak ta hizkuntzak / zuten norantzari / gai gehio lotu zaio / lehengo ardatzari / ta munduak hartu du / itxura latzari / aurre egiteko beraz / laguna altza adi / bultza hainbat borroka / ederren martxari / kontra pisu eginez / eskuin balantzari / txapela bete indar / mingaina dantzari / borroka irabazteko / desesperantzari.

Hurbiletik

l Iñaki Murua, txapel-jartzaile. Bertsolari, eragile eta urte luzez Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako Iñaki Muruak jantzi zion txapela irabazleari, benetan hunkigarria izan zen une batean. Bertsogintzaren munduak, hala, bere omenaldia eskaini nahi izan zion bertsolaritzari hainbeste eskaini dionari, antolatzaileek aditzera eman zuten moduan.

l Epaimahaia. Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurto, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkoz aritu ziren atzo epaile lanetan.

l Antolakuntza lan ezinbestekoa. 350 langile bolondres aritu ziren atzo Nafarroa Arenako antolakuntza lanetan laguntzen.