Benito Lertxundi (Orio, 1942) Kursaal antzokiko agertokira igoko da, ostiralean, urtarrilaren 6an. Berarekin batera, ohiko lagun eta taldekideak arituko dira:, Juantxo Zeberio (piano eta teklatua), Gurutz Bikuña (gitarra); Angel Unzu (gitarra, bouzukia eta perkusioa), Xabier Zeberio (arrabita eta nyckelharpa), Pello Ramirez (celloa eta eskusoinua), David Gorospe (bateria), Amaiur Cajaraville (baju eta kontrabajua), Intza Unanue (ahotsa) eta Olatz Zugasti (ahotsa, harpa eta teklatua).

2018an argitaratutako ‘Ospakizun gauean’ diskoko bira pandemiaren ondorioz eten egin behar izan zenuten. Nola bizi izan zenuen pandemia?

Pandemia espero ez genuen zerbait izan zen. Ez dakigu, behin ere, zergatik diren gauza hauek. Nik oso modu berezian bizi izan nuen. Esperientzia bizia izan da, leihoa irekita kanpoan inor zain ez izatea, inongo konpromisorik ez izatea. Gizakiaren harrabotsak eta mugimenduak ez ziren ikusten, bai ordea animalienak. Horrek, barnera begira beste ikuspegi bat eman zidan. Lehendik nituen pertzepzio asko oso garbi jarri zizkidan aurrez aurre pandemiak. Kanpora begira bizi izan gara eta bat-batean, naturan gertatzen diren gauza horiengatik, babestu eta bere lubakian sartu denean, bakoitzak bizitzeko modu berri bat esperimentatu du denboraldi batean.

Konposatzeko balio izan al zizun?

Oharkabean testu bat idazten hasi eta konturatu nintzen, urtetan arrastaka neramatzan zenbait pertzepzio agertzen zirela. Inoiz idatzi dudan testurik errazena, naturalena izan zen; horrelako erditze leun bat. Bazirudien, barrenetik horrela egina etorri zela. Letania baten moduko kantua izan zen. Pandemian denbora soberan nuenez bost kantu egin nituen testu horrekin eta azkenekoarekin geratu nintzen. Gainera, beste kantu berri pare bat ere baditut.

Pandemia, beraz, sorkuntzarako ondo etorri zitzaizun.

Kualitatiboki bai. Niretzako ez da ezer grinatsuagorik, gauzen berezkotasuna ulertzea baino. Gertatzen dena da, gure buruak, hainbat arrazoirengatik, kolonizatuak gertatzen direla, eta pertsona bat kolonizatua dagoenean bere adimena, jada, ez da adimen, mentalitate bazik. Horretaz ohartzen bazara, garbiketa egin behar duzu, baina ez bultzaka, baizik eta hausnarketaren bitartez. Horrela egitean, inongo tendentziarik gabe, jaio berri baten antzera ikusi zer diren zure adimenari behar bezalako pertzepzioa ukatzen dioten gauzak. Ederra iruditzen zait konturatzea, gauzak ez direla antolatutako sistemek esan diguten moduan. Badira gizartean indartsu sentitzeko besteren onespena behar dutenak, eta ideia horrekin sortzen diren doktrina eta iritzi guztiak pozoi hutsa dira. Horretaz guztiaz ohartzen ez baldin bazara, gregarioa izango zara, alienatuta biziko zara. Niretzat, modu horretan bizitzeak ez du zentzurik. Kontrara, uste dut ez dugula ezer sakratuagorik gure adimenaren askatasuna baino.

Kursaalean izango zara ostiralean, abesti berriak joko dituzu?

Bai, joko ditut. Lehen aipatutakoa azkena izateko pentsatua daukat. Azken-azkena izango da. Behin bisak etortzen direnean, nire azken kanta izango da. Behin hori botatzen dudanean, banda jotzen geratuko da eta ni joan egingo naiz, eta ez da kantu gehiagorik izango. Ez dago ezer ni berriro itzul araziko nauenik. Zer esan nahi du horrek? Ez dakit zer esan nahi duen, baina nik horrela sentitzen dut.

Ez zara agertokira itzuliko, baina jotzen eta abesten jarraituko duzu, ezta?

–Bai, bai, bai. Egunerokotasunean bizitzea gustatzen zait eta egunerokotasunak esango dit, aldiro, nola nagoen. Indarra, osasuna eta argia dudan bitartean, horretan egoteko moduan naizen bitartean, hor egonen naiz. Lanbide hau bizitza publikora eramaten zaituen lanbidea da.

Bizitza publikoa ez zaizu inoiz erakargarria egin.

Ez zait inoiz bereziki gustatu baina horretan egona naiz eta, orain ere, hor nago.

Ostiralean, gainera, zure urtemuga izango da. 81 urte beteko dituzu. Taula gainean ospatuko duzu? Kontzertu berezia izango al da?

Berezitasunetan eta ospakizunetan sartzea ez zait bereziki gustatzen. Ez dakit berezia zer den ere. Orain ez da atzo edo ez da bihar. Orain, oraina da. Askatasuna ez da ezaguera bat, ez da oroitzapen bat, jarrera bat da. Horren arabera jarraituko dut. Ez dut etorkizunean proiektatu eta programatu beharrik, nahiz eta lanbide guztiek pixka bat antolatzera eramaten zaituzten. Kontzertu guztiak dira bereziak niretzat.

Zergatik?

Kontzertu bakoitzean izaten diren sentipen askotarikoak adi-adi begiratuz hasten da artista. Egia da kasu honetan, Kursaala artistaren alde jokatzen duen espazio egokia dela. Lan bat garatzen laguntzen du, baina egunak ez du berezi egiten.

Egunerokotasunean bizitzeko aldarria egiten duzu. Abesti berriak badituzu, baina disko berriren bat grabatzea ba al duzu buruan?

Ez dakit disko berririk etorriko den. Oraintxe, proiektu berri baten aldeko apusturik, grinarik, sukarrik edo beharrik ez dut sentitzen. Kantu mordo bat ditut eta antzokiko leihatilatik pasata jendeak erosten duen ekitaldi hori egiten ahal dut; orain, geroari begirako fantasia horietan sartzeak ez du zentzurik. Disko berri bat egingo ote dudan? Agian bai, agian ez dut egingo, edo agian kantu batean laburbilduko dut dena.

2021ean zure lehen disko luzea argitaratu zenetik mende erdia bete zen. Momentuan bizi al zinen garai horretan ere? Ez zenuen zure burua etorkizunera proiektatzen?

Uste dut jarrera hori, modu batera edo bestera, beti izan dudala. Bizitzan hitzorduak dituzu, esan dizudan bezala, eta hitzordu horiekin konplitzen saiatu izan naiz. Horrek, noski, nolabaiteko denboraren antolamendura eramaten zaitu. Bihar deitzen diogun hori ez da existitzen: bakarrik itxaron egiten dugu. Iragana oroitzapen bat da eta hura ere ez da existitzen. Errealitate bakarra oraina da, eta orain hori ulertzea iraultza bat da. Hau da inporta zaidana: Zer sentitzen dut orain? Zer da orain daukadana? Nola nago? Nola nago adimenez, indarrez, neure harremanetan? Hori da egia bakarra eta horren jorraketa gogotsu hartzen dut.

Beraz, ez duzu atzera begiratzen.

Egiten dut kantuak kantatzen ditudanean. Azkenean, kantuak datozen tokitik datoz. Gainera, konturatzen naiz nire ofizio honek nostalgiaren sentimendua sortzen duela jendearen artean. Kontzertu batera zer abesti kantatu behar dituzun buruan eramaten duzu, baina, agian, publikoak abesti bat edo beste eskatzen dizu. Edo, bestela, haiek esperotako kantuak abesten ez badituzu, kexuka etortzen zaizkizu. Oraindik, pasatzen zaizkit horrelakoak. Baina horiek guztiak iragana badira ere, orainean sentimenduak sorrarazten ditu, kantuaren ahalmena hori da.

Gaur egun ere oihartzuna duen iragan horretan, 50 urte bete ziren iaz Ez Dok Amairu disolbatu zenetik. Zer sentimendu loratzen dizu horrek?

Ez Dok Amairu bataioa izan zen niretzat. Abesteko zaletasuna banuen eta nire burua aurkeztu nuen Donostiako Arte Ederrak antzokian egiten zen artista nobelentzako sariketa batera –1965ean izan zen–. Oso lotsatia nintzen eta oraindik ere kosta egiten zait bizitza publikoan eroso egotea. Halere, valium pare bat hartuta agertokira agertzen nintzen. Valiumengatik esan diren guztien ondoren, ez dakit oraindik bizirik nola nagoen ere. Bi valium handi hartuta agertzen nintzen. Hori dena egiten da zure izaera lotsatia gainditzeko asmoarekin. Farmaziak, agian pozoitsua den aukera bat ematen dizu, baina hori egiteko ahalmena ere ematen dizu.

Bertsioak egiten hasi zinen.

Senaz hasi nintzen, gustuko nituen abestiak nirera ekarriz. Elvis, The Shadows eta Keith Richards bezalako artisten kantuen euskarazko bertsioak egiten nituen. Niretzako, naturala, euskaraz kantatzea zen. Espainolez eta kantatuz ez naiz inoiz eroso sentitu. Euskara hizkuntza ezin ederragoa iruditzen zait, irudi poetikoak sortzeko aukera ematen duena. Euskaraz bizi eta pentsatzea oso ederra da niretzat. Garai horretako La voz de España egunkariak, sariketako kronikan, oriotar gazte bat faboritotzat jotzen zutela argitaratu zuen, honakoa gaineratuz: “Con la peculiaridad de que canta en vascuence”.

Sariketa 1965. urtean ospatu zen eta handik gutxira sortu zen Ez Dok Amairu.

Alde batetik, argitara eman zen euskaraz kantatzen zuen oriotar bat bazela. Bestetik, Katalunian bizi ziren euskal ikasleek Nova Cançó mugimendua ezagutzen zuten eta hemen antzeko zerbait antolatzen saiatu ziren. Horretarako, hemen euskal kantaririk ba ote zen begiratzen hasi ziren eta horietako bat neu izan nintzen. Hala sortu zen Ez Dok Amairu.

Musika arloko erreferentzia batzuk aipatu dituzu, literatura munduan ezaguna da Fernando Pessoa poeta portugaldarrari diozun miresmena. Zure azken diskoan, esaterako, haren bi poesietan oinarritutako abestiak sartu zenituen.

Literaturako autoreak, halako batean, ondoan erortzen zaizkizu eta orduan ezagutzen dituzu. Horrela, Pessoa irakurtzen hasi nintzen. Ez dut esango Pessoa, oro har, ehunetik ehun gustatzen zaidan idazlea denik. Halere, poesian baditu zenbait atal zeinetan bere ikuspegia oso hurbilekoa egiten zaidan. Konturatu nintzen berak zioena oso ondo ulertzen nuela, oso bikia nuela. Bere poesian batzuetan esaten zituenak neronek esan nitzakeen kontuak ziruditen, baina hark esandakoak ziren. Poema horiek euskaratu eta neure egin izan ditut. Gustatzen zait munduari begiratzeko duen ez-ikuspegi gregarioa. Beti gogoratzen du Leonardo Da Vincik bere aforismo batean esan zuena: “Salvajea da salbatzen dena”. Nik Pessoari salvaje puntu hori ikusten diot, salbatua zela gizon hura. Nik erabili ditudan bere poemak, oso nire sentitu ditudalako erabili ditut, eta ikaragarri gustatzen zaizkidalako.

Eta Benito Lertxundi salbatuta al dago?

Ez dakit. Batzuetan galdetzen dut, zerengandik salbatu behar gara? Kolonizatu izatetik. Adimena adimena da, bakarrik, aske baldin bada. Askatasuna da daukagun gauzarik sakratuena. Askatasuna galtzen denean, adimena mentalitate izatera pasatzen da. Zer da mentalitatea? Bada, mundu gregario bat non balore zerrendak, sineskeria batzuk eta ospakizun bizitzak beharrezkoak diren. Gizarte honetan tristeziaz ikusten dut hori, eta hortik salbatu behar gara.