Agoitzen jokatuko da gaur NBT-ren bigarren finalaurrekoa
Saioko irabazleak abenduaren 2an jokatuko den finalerako zuzeneko pasea eskuratuko du
Nafarroako Bertsolari Txapelketak ez du atsedenik hartzen eta dagoeneko bere azken txanpan sar-tzear dago. Bigarren eta azkenaurreko finalaurrekoa gaur jokatuko da, 17:30ean, Agoizko Kultur Etxean. Bertan arituko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil, Julen Zelaieta Iriarte eta Urko Gartzia Aleman. Maialen Belarra izango da gai-jartzailea; epaile lanetan, aldiz, bost laguneko taldea ariko da: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Atzo sarrera gutxi batzuk besterik ez ziren gelditzen bertsosarrerak.eus atarian, eta oraindik ez badira denak agortu Kultur Etxeko leihatilan salduko dira saioa hasi aurretik.
Saioko irabazleak zuzenean eskuratuko du abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako txartela; gainontzekoek, finalaurreko guztiak bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. Momentuz, Saioa Alkaiza Guallar da sailkatu bakarra, pasa den larunbateko Altsasuko saioa irabazi eta gero. Heldu den larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Lesakan, eta hor argituko da finalisten zerrenda.
Erran bezala, sailkapenen zerrendarnen buru dago Alkaiza, 506,5 punturekin eta Patxi Castillok ixten du zerrenda, 445,5 punturekin. Tarte horretatik ez dira sobera urrundu beharko bertsolariak finalera iristeko aukerak eduki nahi badituzte.
Finalari begira
Datorren asteburuan, azaroaren 19an, jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Lesakan, hain zuzen ere finaleko zortzikotea zein izanen den argituko duen saioa. Han arituko dira Beñat Astiz Isasi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Alzuri eta Mikel Lasarte Cia, Alaitz Rekondeoren gaiei erantzuten. Saioak piztu duen ikusmina medio, saioa Kultur Etxetik pilotalekura aldatzea erabaki da, antolatzaileek argitu duten moduan.
xehetasunak
l Non, noiz. Gaur, 17:30ean, Agoizko Kultur Etxean.
l Bertsolariak. Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil, Julen Zelaieta Iriarte eta Urko Gartzia Aleman.
l Gai-jartzailea. Maialen Belarra.