Durangora, maleta bete nobedade
Pamielak, katakrakek, txalapartak, igelak eta denonarteanek prest dituzte azokarako nobedade guztiak
Fantasia lemapean, prest daude dagoeneko Landako guneko salmenta postuak, ailegatu dira ere diskoetxe eta argitaletxeak, nobedade bete kutxa, aurtengo uztaren hoberena erakusteko gogoz. Gaur zabalduko ditu atean Durangoko Azokako 58. edizioak eta igandera bitartean, euskal argitalpenen erakusleiho handienaz gozatzeko parada izanen dute bertaratuko direnek. Nafar argitaletxeek ere ez diote hutsik egingo urteko hitzordu nagusiari. Pamiela, Txalaparta, Igela, Denonartean eta Katakrak bertan egonen dira, urtero bezalaxe, euren eskaintza berriena jendarteratzeko prest.
PAMIELA
Urtetik urtera, gero eta nobedade gehiago ekoizten ditu argitaletxe nafarrak. Helduei zuzendutako lan berezienen artean, etxeko ohiko egileetako batek, Joseba Sarrionandiak Markos Gimenori egindako aitortza lana: Markos Gimenoren 101 Letrakartel. Bertan, Sarrionandiak 44 urte zituela bere buruaz beste egin zuen sortzaile eta artista parekorik gabeko honen palindromoak bildu ditu.
Pamielako beste sinadura handienetako bat ere ez da faltako. Bernardo Atxagaren Paradisuaren kanpoko aldeak lanean, asteasuarrak han eta hemen sortutako idazki eta kontakizunak bildu ditu, berak esan bezala “idazketaren inguruko manifestua” den honetan. Fikzio lanen artean, Nafarroan girotutako bi eskaintza nabarmentzekoak dira: Fertxu Izquierdoren ...eta gauetik, euria thriller kutsuko eleberria; eta Garazi Albizuaren Gaizkileen galtzada. Leitzako dorreak XIV. mendeko Nafarroan kokatutako eleberri historikoa.
Saiakera lanen artean, azpimarragarria Xamarren lan berria: Biziaroak. Aurreko lanen ildotik, oraingo honetan ere euskal gizarteko aspaldiko garaietako erritual, ohitura eta ospakizunetan pausatzen du begirada egileak.
Etxeko txikienentzako eskaintzaren artean, Pamielak gaurkotasun handiko ipuin berezi bat darama aurten azokara: Immingranteak, Marcelo Simonetti kazetari txiletarrak idatzi eta Sarrionan diak euskaratu duen liburua.
Katakrak
Argitaletxe iruindarrak, beti bezala, ekarpen zabala egin dio aurten beste hizkuntzatatik ekarritako saiakeren atalari. Aurten, besteak beste, nabarmentzekoak dira bell hooksen Transgresioa irakasgai, Hezkuntza askatasunaren praktika gisa, Amaia Apalauzak itzuli eta Nora Salbotxen hitzaurrea daramana; Edorta Mataukok itzulitako Stefan Zweigen Gizadiaren oren gorenak, Nerea Ibarzabalen hitzaurrearekin; Friedrich Engelsen Etxebizitzaren auzia, Ane Garcíak itzulitakoa eta Amaia Prietoren hitzaurrea daramana; eta Koro Navarrok itzulitako Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen. Gizakiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat. Argitaletxearen betiko ildoari jarraituz, irakurleari gaurkotasunezko gaiei eta inguratzen gaituzten errealitateei begiratzeko modu berri eta kritikoa eskaintzen dizkioten saiakera lanak, pentsalari unibertsalen eskutik.
Txalaparta
Txalapartak, ohikoa duen moduan, genero anitzetako liburuak eramango ditu aurten Durangora, haur eta gazte literaturatik hasi eta helduentzako saiakera eta narratiba lanetara, komikietatik pasatuz. Hain zuzen ere azken genero honetan kokatzen da nobedade azpimarragarrienetako bat: Iris XII. Yurre Ugartek idatzi eta Julen Ribasek marraztutako kontakizuna etorkizun distopiko batean kokatzen da, kutsadurak eta aldaketa klimatikoak suntsitu ondorengo mundu batean.
Poesiaren atalean, azpimarragarria Silvia Federiciren Hitzak palmondo bilduma, Amaia Astobizak itzuli eta Begolia Santa-Ceciliak ilustratutakoa. Egileak gizartean piztutako suak eta kezka partekatuak islatzen ditu bere poesian.
Irakurle gazte eta txikiek ere izanen dute non aukeratu Txapalartaren stand-ean. Hala, Bakarne Atxukarrok eta Izaskun Zubialdek, Aitziber Alonsoren marrazkiekin lagunduta, herri inauterietako pertsonaiak berreskuratzen dituzten album ilustratua plazaratu berri dute: Herri inauteriak. Haurrentzako ipuinak.
Igela
Zalantzarik gabe, Igela argitaletxeak ekarpen ezinbestekoa egiten dio itzulpengintzaren sektoreari. Aurten, aipatzekoak dira nazioarteko egile handien euskarara ekarritako hurrengo lanak: Yukio Mishima japoniarraren Maskara baten aitortza, Iker Alvarezek itzulitakoa eta Angel Erroren gibelsolasa daramana; Karl Marxen Luis Bonaparteren Burmairearen hemezortzia, Idoia Santamaríak itzulitakoa, Emilio Majueloren gibelsolasarekin; Aleksander Wolfen mamua, Josu Zabaletak itzulitako Gaito Gazdanov idazlearen lana; eta plazaratu duen azkena, Joyce Carol Oatesen Bortxaketa. Amodiozko istorio bat, Xabier Olarrak itzuli duena. Argitaletxeak bere ohiko bideari eutsi dio, kalitatezko itzulpenak edizio zainduarekin plazaratuz.
Denonartean
Txikienek erruz gozatuko dute Denonarteanen txokoan. Aurtengo nobedadeen artean, Olga de Dios maitatuaren Pilota piztia, Jabier Muguruzaren Jajatxo, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Pantxo zezena, Ixabel Agirresarobe eta Mattinen Primi eta Maurizia. Larru marruak eta Mikel Uribelarrearen Gorputz txiki batean jaio nintzen aurkituko dituzte, beste hamarnaka lanen artean.
Temas
Más en Cultura
-
Un niño daña un cuadro valorado en 50 millones de euros en un museo de Róterdam
-
El Beltza Weekend celebrará su 7ª edición los días 4, 5 y 6 de septiembre
-
'Casting Lear' y 'El día del Watusi', favoritos a los Max de teatro con cuatro nominaciones cada una
-
'Cambium' y 'Kukuaren Kanta', en Documenta Madrid