Heldu den astelehenean, urtarrilaren 22an, abiatuko da (H)ilbeltza, Baztanen ospatzen den Euskal Nobela Beltzaren Astea. Hamargarren edizioa izanen du aurtengoa, asteazkenean antolakuntza taldeko kideek Karrikirin egindako aurkezpenean azpimarratu zuten bezala: “Hamar egin ditugu, bakarra eginen genuela uste genuelarik”. Hala, urtez urte indartuz joan da ekimena, Euskal Herri mailan erreferentziazko hitzordu kulturalean bilakatu arte.

Aurtengo edizioan, astelehenetik igandera bitartean, hainbat liburu aurkezpen eta solasaldi eginen dira, besteak beste, Miren Agur Meabe, Jon Alonso, Ernesto Prat, Mikel Begoña eta Xabier Lasa egileen parte hartzearekin. Josu Martinezen Mirande, film baterako zirriborroa ere emanen da. Larunbatean, sorgin-ehiza izanen dute mintzagai Amaia Nausiak, Asiskok eta Juainas Paulek, Ane Eslavak gidatuko duen mahainguruan. Larunbatean, Susmagarrien Gaua ospatuko da Erratzun eta igandean iritsiko da zikloa bere amaierara, mendi itzuli beltzarekin eta Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza bilduko dituen bertso saio batekin.

Urtero bezala, (H)ilbeltza bekarako deialdia ere egin dute Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak. Haurten, bekaren xedea Núria Cadenes idazle katalanaren Guillem eleberriaren itzulpena izanen da. Parte hartu nahi duenak eleberriaren lagin bat itzuli eta martxoaren 8a baino lehen aurkeztu beharko du Baztango Udalaren erregistroan. Apirilaren 30a baino lehen jakinaraziko da bekaren irabazlearen izena.

EGITARAUA

  • 22, astelehena. VI.(H)ilbeltza bekaren irabazlea: Beñat Irastorza Ugalde Altxa, hildakoak. 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean.
  • 24, asteazkena. Eusebio Erkiaga: Arranegitik bertze auzo batzuetara, Miren Agur Meabe. 19:00etan Anizko elkartean.
  • 25, ortzeguna. Jon Alonso, Carvalho Euskadin. Elkarrizketa-tzailea: Irati Jimenez. 19:00etan Berroetako elkartean.
  • 26, ortziralea. Mirande, film baterako zirriborroa, Josu Martinez zuzendariarekin. 19:30ean Iruritako Gizarte Bilgunean.
  • 27, larunbata. 11:00etan mahai-ingurua: Sorgin-ehiza Euskal Herrian. Arizkunenea kultur etxean, Elizondon. 14:00etan bazkaria Erratzuko Elkartean. 17:00etan liburu aurkezpenak. 18:30ean Susmagarrien gaua Erratzun.
  • 28, igandea. 10:30ean, Erraiak etsai itzuli beltza Beartzunen. 19:00etan, bertso saioa. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza. Arizkunenea kultur etxean, Elizondon.