Mohammed el-Kurd poeta, kazetari eta militante palestinarra da. Lagun batek gomendatuta, duela urte batzuk solte idatzitako poema dozena bat inprimatu eta gelako zoruan jarri zituen, testuan harilkatuko zituen gai komun bat bilatzeko helburuarekin. Eta hortxe agertu zen Rifqa. Israel bera baino zaharragoa zen amatxi, Nakbak eragindako suntsiketaren lekuko estoikoa. Hala, bere amatxiren irudi horretan oinarritu zen el-Kurd bere lehenengo poema liburua izanen zena eraikitzeko. Berriki, Katakrak argitaletxeak Rifqa plazaratu du euskaraz, Eider Beobide Urkizarrek itzulita. Gaur, arratsaldeko 18:00etan, poesia errezitaldi formatuan aurkeztuko du liburua Beobidek alba Ramirez kazetari eta musikariarekin batera, Laban. Aurkezpena baino, gaurkoa “ikuskizuna” izanen dela nabarmendu du itzultzaileak.
Zure lehenengo itzulpen lana izan da ‘Rifqa’. Nola iritsi zen proiektua zure eskuetara?
–Lehenago ingelesez irakurrita neukan haren bertsio ofiziala, jatorrizkoa. Katakrakeko editore Hedoi Etxartek lana itzultzeko proposamena luzatu zidan, nire karrera amaierako lana ere poesiaren inguruan zen eta lehen itzulpen lan bat egiteko prest nengoela erabaki nuen.
Itzulpena testuaren barrunbeetan sartzea den heinean, nola definituko zenuke zer den ‘Rifqa’?
–Esanen nuke Palestinan gertatu dena osotasun batetik ulertzeko bidea dela, umoretik, tristuratik eta minetik. Mohamedek ere nola sentitu duen guzti hori, bere amona zein den… Badauka osotasun bat.
Amatxiren irudi hori baliatzen du liburuari osotasun bat emateko, nahiz eta ez den bere amatxiren inguruko lan bat, Palestina du mintzagai ikuspegi askotatik. Zeren inguruan hitz egiten du, zehazki?
–Egia esan oso gai ezberdinak jorratzen ditu. Palestina hor dago, genozidioa aipatzen du data eta lekuekin, baina hitz egiten du baita LGTBI mugimenduari buruz, hura bizi izan den beste lekuei buruz, Atlanta eta Estatu Batuak adibidez, eta horrek eragiten dizkion arazoei buruz, ingelesez idazteari buruz…
Kontraesanei buruz ere? Ingelesez idatzita dago eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan da. “Ez galdetu nongoa naizen” esaten du poemetako batean, adibidez.
–Bai, bada gai bat bere egunerokotasunean oso presente dagoena, beti sentitzen baitu inoiz ez dagoela etxean eta horrek eragina du bere izaeran eta, noski, bere idazteko eran.
Familia testuingurua ere garran-tzitsua da liburuan, ezta?
–Bai. Bera oso txikia zela, israeldar kolonoak bere etxean sartu eta familia etxearen erdiaz desjabetu zuten. Pareta soil batek banatzen zituela bizi behar izan ziren eta horrek eragina izan zuen beregan. Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ikastera eta han masterra egin eta idazten hasi zen. Bere ama ere poesia idatzitakoa da, bere ahizpa bikia kazetaria da eta Palestinan bizi da gertatzen ari den guztia kontatzen… Oso presente dago guztia bere inguruan.
Kazetaria ere bada. Kutsu hori nabaritzen zaio bere poesiari?
–Bai, hortik ere badauka. Ez dakit bere barrutik ateratzen zaion zerbait ote den, gauzak ongi azaltzeko behar hori. Izan ere, bada poesia baina bada oso prosaikoa aldi berean.Horrek laguntzen du irakurlea sartzera poeman, ulertzera, datuak jasotzera… Ez da goitik datorren zerbait, baizik eta egunerokotasunera lotutako zerbait.
Zein da erabiltzen duen hizkera?
–Ingelesez bera ere oso hizkera erraza erabiltzen du, ulergarria. Metaforak presente daude baina ez da hauek sortzeko beharra duelako, bakarrik agertzen direlako baizik. Azkenean, Palestinako egoeran, metaforak eta horrelako kontuak bakarrik ateratzen dira. Komentatzen du, adibidez, bere amona beti ikusi duela haifaren giltza lepotik zintzilik eramaten. Hori bada oso gauza sinboliko bat, aldi berean egunerokotasunean oso presente daukatena palestinarrek. Badaude metaforak, baina oso errealistak eta gertukoak dira.
16-17 urte zituela hasi zen idazten liburuan agertzen diren poema batzuk. Hitzatzean dioen bezala, zailtasunak izan zituen hitz batzuk aukeratzerakoan. Hitzak ez dira inpartzialak, berak dioen bezala. Itzultzaile bezala, hori erronka bat izan da zuretzat?
–Bai, oso handia. Irakurtzean eta itzultzean, hitzak bereziki aukeratzen dituela konturatzen zara, eta badakiela zehazki zer esan nahi duen. Ingelesarekin ere hori gertatzen da, badituzte hitzak gauza zehatz batzuetarako euskaraz oraindik ez ditugunak. Beraz, horrekin bai egon da lanketa handi bat, arabierazko jatorrizko hitzarekin eta ingelesez aukeratutakoarekin, euskaraz nola esan erabakitzeko.
Poesiaz harago garrantzia duen zerbait, kontutan izanda egungo egoera Palestinan.
–Bai, guztiz. Eta berak sare sozialetan asko nabarmentzen duen kontu bat da, hedabideek Palestinaz hitz egiteko erabiltzen dituzten adierazpenei eta hitzei dagokienez, adibidez. Hitzek garrantzia handia daukate.
Liburu honek ez dauka berez lotura zuzenik Israelek Palestinan urritik aurrera daraman suntsiketa kanpainarekin, aurretik idatzitakoa den heinean. Hala ere, zergatik erranen zenuke dela beharrezkoa liburu hau irakurtzea?
–Gaur egun oso presente dagoen gaia da, baina duela urte asko hasitako genozidio bat da Israel Palestinarekin egiten ari dena. Oso ongi azaltzen du poema guzti hauetan hori, eta barrura iristen den modu batean. Hau irakurtzerakoan, bere azalean eta bere bizitzan sartzen zara.