Murmur hitzak marmarra erran nahi dezake, ahopeko mintzoa. Izan daiteke xuxurla, izan daiteke lurrazpitik doan errekasto baten soinua. Izan daiteke ere etxeko bazter batean piztuta dagoen irrati transistorearen asots urratua ere. Edo urtegi baten azpian aspaldi desagertu zen herri baten oihu itoa. Guzti hori eta gehiago da Murmur, Ane Labaka bertsolari eta idazleak eta Raquel Samitier ilustratzaileak elkarrekin ondu eta Erein argitaletxeak plazaratu duen helduentzako liburu ilustratua, Nafarroako liburu-denden elkarteak aurten saritu duena euskarazko kategorian.
Geruza askotariko lana da Labakak eta Samitierrek eraiki dutena. Kontakizun guztia bustitzen duen testuinguruak 90eko hamarkadara eramaten du irakurlea, nafar historia garaikideko une gogoangarri bezain mingarrienetako batera: Itoizko urtegiaren eraikuntza, eta honen eskutik urpean gelditu ziren zazpi herrien erresistentzia borroka. 1993an hasi zen Nafarroako urtegi handienean bilakatuko zenaren obrak, baina Itoizko Koordinakundea deritzonak 1985etik zeraman herrien biziraupenaren alde borrokan. Labakak adierazi moduan, 1992an sortu bazen ere gertakari hartatik “hainbat gauza oinordetzan” iritsi zitzaizkion, artean “herri hauetako zenbait istorio, zauri eta min”. 2003an bukatu ziren presaren obrak eta urte horretan hasi ziren zazpi herriak husten: Itoiz, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz, Artzi eta Artozki.
Azken honetan bi aste iraun zuen herria hustu aurreko erresistentzia borrokak. Egun latz horietan, besteak beste, artista desberdinen artelanekin osatutako erakusketa bat antolatu zen, Artozki-Artezki izenburupean herria sorkuntzarako, kulturarako eta arterako gune bihurtzeko helburuarekin. Herriko eliza museo bilakatuta, bertako paretetan zintzilikatu ziren obrak, foruzainak eta guardia zibilak bertan sartu, dena hustu eta hondamakinekin suntsitu zuten arte. Hogei urte beranduago agertu ziren, modu anonimoan, artelan horietako batzuk, tartean Jose Luis Zumeta, Juan Gorriti, Jose Ramon Anda, Txiki Agirre edo Anton Mendizabal bezalako artistenak. “Euskalerria Irratian entzun nuen artelanen berreskurapenaren albistea, niretzat lan honen detonantea izan zena eta liburuan bertan agertzen dena”, kontatzen du Labakak.
Ama-alabaren arteko inkomunikazioa, erdigunean
Murmur-eko protagonistak, Iratik, irratian Artozkiko albistea entzuten duen momentuan abiatzen da narrazioa. Idazleak azpimarratu bezala, “ama baten eta alaba baten arteko harremana da trama nagusia. Elkarren arteko inkomunikazioa, esanezinak, isiltasunak…”. Itoizko urtegiaren ingurumarian amak bizitakoak jakin nahiko ditu protagonistak, hura hobeki ezagutze aldera: “Ama baita borroka eta erresistentzia horietan parte hartu zuena, gauza asko isilik gorde dituena... urpean gelditu den istoria erreskatatu nahian”.
“Ez da kasualitatea”, hartara, kontakizunaren protagonista, erresistentzia eta borrokaren protagonista, emakumea izatea eta ez gizona, idazleak argitu moduan, “ikuspuntu feminista batetik eta kritiko batetik”, emakumeek borroka horietan izandako lekua nabarmentzeko baliatu duena. [...] Gaur egun oraindik ere “Itoiz gelditu” oihukatzen diharduen pintadetako bat margotzen, edo are, bere herrikideei besoari helduta poliziaren aurka oldartzen, erresistentzia haragitzen.
Lehenengo pertsonan idatzitako kontakizuna bidaia intimoa da, beraz, non kontatzen ez dena hitzen bitartez esaten den hori bezain garrantzitsua den, liburuaren sorkuntza ahalbidetu zuen Peru Abarka literatur sariketako epaimahai-kideek iaz aditzera eman zuten bezala. Behin testu irabazlea hautatuta, sariketaren epaimahaikideek testua osatzeko ilustratzailea aukeratu zuten, eta hor elkartu ziren Samitierren eta Labakaren lanak. Ilustratzaileari “figura literarioz jositako testua” zela iruditu zitzaion. [...] Murmur da pertsonaia hau, Itoizko urtegiaren uretatik sortzen den silueta misteriotsua, protagonistak alboan daramana beti, narrazioan tarteka agertu eta desagertuz.
Urak bustitako narrazioa
Ikatz-ziriz egindako txuri-beltzeko irudiak tinta akriliko urdinaz bustita agertzen dira liburuan, Labakak azpimarratu bezala, “uraren indarra, urak ororen gainetik igarotzeko duen gaitasuna irudikatuz”. “Ilustrazioen estiloak, koloreak eta konposizioak testuaren intimotasun horrekin orekan egotea” nahi zuela adierazi du ilustratzaileak, “tristura, min isila eta sentsazio itogarria islatzea”. Horregatik, eskuz egindako teknikaren aldeko hautua egin zuen. [...] Tinta urdinak aurreko guzti horrekin kontrastea egiten du eta atentzioa uran eta pertsonaian zentratzea ahalbidetzen du”.
Uraren presentzia ez da soilik irudietan nabarmentzen. Testuan ere pisu nabarmena dauka eta horren aldeko ariketa ere izan da Labakak egin duena: “Argi neukan urak oso presente egon behar zuela, eta hasieran egin nuen ariketetako bat izan zen. Urarekin zerikusia duten hitzen zerrenda luze-luze bat egin nuen, batzuk testuan daude eta beste batzuk ez...”.
Nafarroako liburu-denden sariketako epaimahai-kideek borobildu bezala, Murmur-en orrialdeetan zehar ibiltzea “narrazioaren ibaian sartzea da, ilustrazioaren itsasoan murgiltzea, irakurketaren bidez arima uzkurtzea eta testu osoa blaitzen duen tonuak eztarrian korapiloa edukitzea. Kontatutako borrokekiko keinuz jositako istorio bat. Borroka horietako batzuk ospetsuak izanagatik ahaztu ditugunak, eta aipatu ez diren arren ahaztu ezin diren egunerokoak besteak”.