Oholtza prest Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerakoIban Aguinaga
Loriatze garai betean dago nafar bertsogintza, eta horren erakusle da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio honetako finalak emanen duen jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa. Izan ere, lehenengoz Nafarroa Arenan eginen da azken saioa azaroaren 29an, inoiz baino ikusle gehiagorekin: 2500 bertsozale bilduko dira bertan sarrera guztiak saldu ezkero, txapela finaleko oholtzara iritsi diren zortzi bertsolarietako zeinek jantziko duen ikusteko. Joanes Illarregi, Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena arituko dira lehian, Nafarroako Bertsozale Elkartetik aditzera eman bezala, belaunaldiartekotasunari eta generoari dagokionez “argazki berri bat” osatzen duen zortzikotea.
Txapelduna nor izanen den ezin jakin, bai aldiz zeinek jantziko dion. Aurten, Iruñeko kultur eragile nagusietako bat den Zaldiko Maldiko elkarteak izanen du ardura eta ohorea, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Nerea Bruñok azpimarratu bezala. “Euskaldunentzat arnasgune izatea, euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin duen harreman estua eta bertsolaritza sustatzeko egindako ekinbide guztiengatik eskerrak eman nahi dizkiogu elkarteari”. 1981ean sortu zen elkartea, eta handik urtebetera lehen bertso eskola antolatu zen bertan Lontxo Aburuzarekin. “Ordutik eta gaur egunera arte, bertsolaritzak presentzia izan du elkartean: bertso eskolak, Bardoetako saioak, eskolartekoak, Señora Sariketa eta beste hainbat bertso ekimenen aterpe izan da”. Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu arituko dira gai jartzaile lanetan eta Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena izanen dira bertsolarien lana epaituko dutenak.
Finalistak
- Joanes Illarregi Marzol. Leitza, 1999. 2025ekoa du bere bosgarren Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta laugarren aldiz izango da finalean.
- Julio Soto Ezkurdia. Gorriti, 1987. 2006an sartu zen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Tapelketako finalean eta sei alditan izan da txapelduna.
- Xabat Illarregi Marzol. Leitza, 2001. 2019, 2021 eta 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu du eta hiruetan iritsi da finalera. Laugarren finala du hau, beraz.
- Eneko Lazkoz Martinez. Etxarri Aranatz, 1983. 2004an hartu zuen parte lehen aldiz txapelketan eta 2010etik finalista izan da tapelketa guztietan. Lau aldiz izan da txapeldun orde.
- Saioa Alkaiza Guallar. Iruñea, 1991. 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan jantzi zuen txapela. Aurtengoa izango du hirugarren finala.
- Ekhiñe zapiain Arlegi. Bera, 2002. Bortzirietako bertso eskolan 8 urterekin hasia. Nafarroako eskolarteko txapelduna izan zen 2020an. Aurten du lehenengo finala.
- Sarai Robles Vitas. Barañain, 1996. 2023an sailkatu zen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera. 2025ekoa du seigarren txapelketa eta bigarren finala.
- Eki Mateorena Zozaia. Leitza, 2005. 2023koa izan zen bere helduen mailako lehenengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Aurten sailkatu da lehen aldiz finalera.
Azaroaren 29an bere helmugara iritsiko den txapelketa irailean abiatu zen, 24 bertsolarirekin. Ordutik, Saioa Oneka elkarteko komunikazio arduradunak nabarmendu bezala, “Nafarroako berde, hori eta gorriak zeharkatu ditu”, bertsolaritza lurralde guztira hedatzeko apustuari jarraiki. “Bidea emankorra izan da”, gehitu zuen atzo Bruñok finalaren aurkezpenean, “eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela: bai bertsogintza aldetik, baita zaletu kopuruaren aldetik ere”.
Izan ere, inoiz baino jende gehiagok jarraitu du txapelketaren azken edizio hau. Lehenengo faseko lau saioetan 600 ikusle bildu ziren, eta hiru finalaurrekoetan 650. “Goraldi horrek eman digu apustua egiteko indarra, eta apustu horren erakusle da finala Nafarroa Arenan izatea”. Onekak gehitu bezala, “inoizko finalik jendetsuena” izatea espero da. “Orain arte bildutako bertsozale kopuruak eta sortutako giroak horrela pentsatzeko heldulekuak ematen dizkigu”. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.
Gogoa, ilusioa eta ardura
Finalaren atarian, txapelketako azken oholtza izanen duten Nafarroa Arenan bildu ziren atzo zortzi finalistak. Urduritasuna airean badago ere, gogoa eta ilusioa izan ziren gehien errepikatu ziren hitzak bertsolarien ahotan. Txapela edonork jantzita ere, helburu nagusia maila altuko final bat eskaintzea dutela ere nabarmendu zuten, bakoitzak beretik. Izan ere, oholtza gainean bide eta une askotarikoetan dauden bertsolariak bilduko dira. Bost gizon eta hiru emakumek osatzen dute zortzikotea. Julio Sotok eta Saioa Alkaizak jantzia dute inoiz txapela, Sotok seigarrena irabazi zuen aurreko edizioan; eta Alkaizak jantzi zuen 2021ean. Bestalde, azken edizioetako finaletan ohikoak diren Eneko Lazkoz, Joanes eta Xabat Illarregi daude. Sarai Roblesentzat bigarren finala izanen da aurtengoa; eta Ekhiñe Zapiainen eta Eki Mateorenaren kasuan lehenengo aldiz igoko dira azken oholtza horretara.
Alkaizak aski ongi laburbildu zuen atzo bertsolarien sentipena, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalari dagokionez: “Txapelerako lehian zortzi gaude eta denok nahi dugu estutu gure burua. Ederra izanen da bidea baldin eta bide horretan denok eskaintzen ahal badugu daukagun gehiena. Bertsozale Elkarteak apustu handia egin du Nafarroa Arenaren alde eta guri dagokigu apustu horri eustea, ahalik eta gehien estutzea gure burua eta sorkuntza bere horretan”.