Erakusmahaiak prest daude jada Durangoko Azokaren 60. edizioko ateak ireki eta hasiera emateko. Euskal Herriko kulturaren plaza handienak sei hamarkadako bide bihurgunetsua egin duen honetan, Iratxe Reparaz diseinatzaileak aurtengo kartelean islatzen duen moduan, azokak ospakizun handirik ez baina nobedade ugari izanen ditu. Protagonisak, alta, berdinak izaten jarraituko dute: Euskal Herriko argitaletxe, idazle eta musikariek 2025ean ekoiztu eta argitaratutako lanak. Nafarroako argitaletxeak euren uztaren onena erakutsiko dute, beste behin. Hala, Pamielak, Txalapartak, Ereinek, Katakrakek, Igelak, Denonarteanek, Mintzoak eta Nabarraldek ez diote hitzorduari hutsik egingo.

Pamiela

Sona handiko izenak idazle berrien ondoan agertuko dira Pamiela etxearen salmahaian. Nobedade nagusien artean, zalantzarik gabe azokako liburuetako bat izango dena: Bernardo Atxagaren Enarak, idazle asteasuarraren azkena, hitzaren zentzurik zabalenean. Idazleak bere unibertso literarioaren jatorria gogora ekartzen duen eleberria idatzi du, bere ibilbideko hamaikagarrena.

Alboan izanen du euskal literaturako beste totem bat: Arantxa Urretabizkaia, aurten plazaratutako Zahartzaroaren maparen bila liburuarekin. Saiakeren alorrean, Joseba Sarrionandiaren sinadurarekin datozen bi lan: Joseba Sarrionandiaren zinema paperak, 1977tik 1980ra Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzitako zinema kritika eta komentarioen bilduma; eta We hare plenty in here, Euzkadin eginak, Sarrionandiak editatutako Simon Sam Gandariasen testuen inguruko saiakera.

Egile berrien artean, aipatzekoa Arantzazu Lizartza leitzarraren 0 positiboa poesia lana. Medikua ere bada Lizartza, eta bere egunerokoaren ertzetan aurkitu du poesia idazteko materiala.

Txalaparta

Egoitza bakarrik ez eta irudia ere berritu du nafar argitaletxeak, badu hortaz zer erakutsi azoka honetan, 40 urteko ibilbidean ekoiztutako fondoa ahaztu gabe, noski. Nobedadeei dagokienez, Laura Mintegiren Akabo eleberria da aipagarrienetako bat, indarkeria psikologikoa eta inkomunikazioa oinarrian dituen eleberria; baina ez bakarra. Laurie Halxe Andersonen Utzi kontatzen gazte zein helduentzako eleberri ezaguna ere ekarri dute apaletara, Ainhoa Mendiluzeren itzulpenarekin; baita (H)ilbeltza itzulpen bekari esker Amaia Apalauzak euskarara ekarritako Guillem eleberri dokumentala ere. Guillem Agulló gazte antifaxistaren hilketa aztertu du Cadenesek eleberrian, sumarioan murgilduta, garai hartako prentsak emandakoa bilduta, eta Guillemen familiakoen eta lagunen testigantzak jasota.

Azpimarratzekoa, halaber, komikigintzari egindako ekarpena, Eneko eta Ibai Iztuetak sortutako Kontua eta zikina. Euskal pop noir bat lanarekin.

Erein eta igela

Erein argitaletxearen apaletan haur eta gazte literaturako ale berriak aurkituko ditu Landako gunera bertaratzen denak. Aipatzekoak irakurle gazteen zaletasuna piztu duen Anna Kopeken abentura berria. Anna Kopek eta ezpata bikingoa, baita Nerea Loiolaren azkena ere: Oraire, “aukeratu zure abentura” formatuko eleberria. Etxeko sinadura handiak ez dira faltako ere, noski. Ereinen salmahaian egonen dira Jon Arretxeren azken eleberri beltza, Txerriak eta Loreak; eta Toti Martinez de Lezearen Ahotsak, gazteleraz ere argitaratu dena Voces izenburupean. Hamabost narrazio labur bildu ditu bertan, ohikoa duen moduan, errealitatea eta fantasia uztartzen dituztenak.

Igela zigiluaren eskutik, euskarara ekarritako bi lan aipagarri dakar argitaletxek. Alde batetik, Delphin de Viganen Esker onak, Aiora Jakak itzulita; eta, bestetik, Yoko Okawaren Haurdunaldi oharrak eleberria, Iker Alvarezen itzulpenarekin.

Katakrak

Iruñeko argitaletxearen eskutik, saiakera lan ugari iritsiko dira Durangoko Azokaren 60. edizio honetara. Ekologismoaren gaiari helduz, Eider Beobidek itzulitako Lehen astinduak. Iraultza ekologista bat, lurraren defentsa erdigunean jartzen duen Lurraren Altxamenduak tokian tokiko borroken sarearen inguruko liburua aurkitu ahal izanen da salmahaian. Aiora Enparantzak euskaratuta, emakumearen askapeneko funtsezko testuetako bat plazaratu du Iruñeko argitaletxeak, bestalde: Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza; eta azpimarratzekoa da ere Roland Barthesen Dolu-egunerokoa, Danele Sarriugarteren itzulpenarekin. Kontutan hartzeko beste izenburuen artean, Vera Zasulitxen eta Karl Marxen Errusiako gutunak, Jone Gartziak itzuli duena; eta Paul Matticken Marx eta Keynes. Ekonomia mistoaren krisia, Garazi Goldarazenaren eskutik euskarara ekarria.

Denonartean

Haurrentzako literatura Durangoko Azokako protagonistetako bat izango da eta, horretan, Nafarroako Denonartean argitaletxeak katalogo zabala eramanen du. Adin tarte guztietarako aleak aurkitu ahal izanen dira bere erakusmahaian. Nabarmentzekoak izanen dira etxeko egileen lanak, hala nola Olaia Martinez Altunaren Dunixe, Yolanda Arrietaren Zurtz, Muxi Garai Alonsok idatzi eta Mirari Sagarzuzak ilustratutako Uhin baten istorioa edota sinadura nafarra daraman beste bilduma bat, Amaia Elizagoienek idatzi eta Juan Angel Perotxenak maisuki ilustratutako Ortzi-mugan.

Gazte literaturan ere lan aipagarriak ekarri ditu argitaletxeak, tartean Ane eta Tom, Saltxisaurus rex, Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Antton Olariagak ilustratutakoa; edo Eloy Morenoren Sareak eleberria.

Orozek bere liburua aurkeztu zuen. Iban Aguinaga

Mintzoa eta nabarralde

Nafarroako historiak bere lekua izanen du, beste behin, Durangoko azokan. Mintzoak bere fondo zabaleko lanak argitaratu berri dituen lanekin aurkeztuko ditu, tartean Orozen eskutik marraztutako Antso Azkarra erregearen inguruko liburua. Nabarraldek ere bere komiki bildumari gehitutako ale berriak aurkeztuko ditu, saiakera liburuekin uztartuta. Juan Luis Larrazaren Luis Lizarraga kapitaina eleberria ere aurkituko da Nabarralderen mahaian, Nafarroaren independentziaren alde borrokatu zuen figura ezezagunaren ingurukoa.