literatura

Errebeldian erreferente

Euskal Herriko 50 emakume eta kolektiboren istorioak bildu dituzte  ‘Errebelde 50 bider’ liburuan (Erein). Eurengandik espero ez zena egin zuten emakumeen bizitzak ikusarazi dituzte, erreferenteak sortzeko helburuarekin

08.02.2020 | 22:59
‘Errebelde 50 bider’ liburuaren egileak, lana eskutan dutela. EREIN

Historian zehar garrantzi-tsuak izan diren Euskal Herriko 50 emakume eta kolektiboren istorioak bildu dituzte Errebelde 50 bider liburuan Angela Garcia Mardonesek, Andrea Perales Fernandez de Ganboak eta Maria Orcasitas-Bikandik. Zortzi urtetik gorako irakurleei dago zuzenduta liburua, umeei ere bai, beraz, eta ilustrazio deigarriz lagunduta dator.



"Hezkuntzan hutsunea" zegoela ikusi zuten egileek, eta horixe izan zen proiektuaren abiapuntua. Ohartu ziren liburuetan ez zegoela emakume erreferenterik, eta hainbat esparrutan, burura datozkigun lehenengo izenak gizonenak direla: "baina ez emakumerik ez zegoelako, andreen historia ezkutatzeko asmoa egon delako baizik", diote. Hala, haurrek liburuan irakurritakoaren bidez emakumeen istorioak ezagutuko dituzte eta horiek ere izango dituzte erreferente, ez soilik gizonak. "Bizi garen mendean, gure arloetatik nolabaiteko ekarpena egin nahi genuen eta horrelako proiektu baten bidez emakumeak ikusaraztea modu egokia iruditu zitzaigun", kontatu du Angela Garcia ilustratzaileak. Kasu honetan, Euskal Herrikoak dira liburuko protagonistak. "Erreferenteak andreak eta bertokoak izatea bilatu dugu", adierazi du Garciak.



Euskal Herriko emakumeei buruz ikertzen hasi eta "guk ere ezagutzen ez genituen istorioen berri izan dugu", diote liburuaren egileek. Pirata bat, matematikaria, kirolariak? Askotariko emakumeen biografiak bildu dituzte. Garaikideak, jada bizirik ez daudenak? baina denak ala denak errebeldeak. "Euren garaian eurengandik espero zenarekin apurtzen saiatu ziren denak, bakoitza bere mailan". Askotan, emakumeei buruzko bildumak egiten direnean,profil ilustratuak baino ez direla agertzen diote egileek, baina eurek apalenak ere jaso dituzte, "guztiak baitira garran-tzitsuak", egileen esanetan.



Horrez gain, kolektiboak ere jasotzen ditu liburuak. Etxeko andreak, baserritarrak zein arraunlariak ere ikusarazi nahi izan dituzte, besteak beste. "Pertsonalizatzeak zentzurik ez zuela iruditzen zitzaigun eta liburuan mota horretako kolektiboek ere tokia izatea beharrezko ikusten genuen, ikusezinetan ikusezinenak baitira".



50 emakumeren bizitzak 50 emakumeak hautatzea ez da prozesu samurra izan, Garciak azaldu duenez. "Bakoitzak zerrenda bat egin genuen, liburuan sartzea gustatuko litzaigukeen andreen izenekin. Gero, komunean jarri eta oreka bat bilatzen saiatu ginen; esaterako, hiruron artean hamar musikari baino gehiago genituenez, gustukoenak aukeratu behar izan genituen". Behin protagonistak zehaztuta, Perales eta Orcasitas dokumentazio eta erredakzio lanarekin hasi ziren. "Hasieran, emakume bakoitzaren inguruko testu labur bat idaztea pentsatuta genuen arren, Maria eta Andreari ez zitzaien batere erraza suertatu istorio horien laburpena egitea. Gainera, haurren-tzat erakargarria izango zen idazkera erabili beharra zuten".



Ilustrazioak ontzeko, bildutako informazioa Garciari pasatu zioten idazleek. Honek, erronka bat jarri zion bere buruari: protagonista bakoitza marrazteko estilo ezberdina erabiltzea. "Hainbat emakume sartu ditugu liburuan eta hain ezberdinak dira euren artean? Ilustrazioek indar handia dute lan honetan eta hori helarazi nahi izan dut teknika anitzen bidez. Gainera, nire estilotik ateratzeak ikasteko aukera polita eman dit eta aberasgarria izan da ilustratzaile gisa ere", kontatu du Garciak.



Egileak "harritu" zein "markatu" egin dituzte zenbait istoriok. Edozein aukera aprobetxatzen baitzuten euren helburuak lortzeko, "eguneroko iraultza eginez". Garciak Anarirena aipatu du, bere musika eta hitzen bitartez "asko transmititzen" duela deritzo. Bestalde, aurretik ezagutzen ez zituen emakumeak ere deskubritu ditu proiektu honi esker. "Ernestina de Chanpourcin poeta gasteiztarra marraztea asko gustatu zitzaidan", kontatu du.



Lehen liburu hau argitaratuta, egileek aitortu dute hainbat izen geratu zaizkiela kanpoan eta horiekin bigarren ale bat prestatzeko irrikaz daudela. "Euskal Herrian beste emakume errebelde askoren istorioak daude oraindik jasotzeke, eta proposamenak ere egin dizkigute liburuaren aurkezpenetan".