ÚLTIMA HORA
Sánchez hará una declaración institucional sobre la pandemia a las 13.00 horas
Sonakay taldeko abeslaria

Yoni Camacho: “Sustrai sendo eta zaharrak dituzten herri bi ordezkatzen ditugu”

Euskal musika eta runba flamenkoa nahasten ditu Sonakay taldeak. ‘Denontzat-Tour 2019’ ikuskizun berezian daude murgilduta, euskal dantza eta dantza flamenkoa ere uztartuz

09.02.2020 | 02:54
Sonakay taldeko kideak, Yoni Camacho abeslaria buru dutela.

Ijitoak, euskaldunak eta musikariak dira Sonakay taldeko kideak. Telebistako talent show batean flamenko estiloan Mikel Laboaren Txoria txori abesten agertu zirenetik, ez dira gelditu. "Ijitoak eta euskaldunak" direla aldarrikatzen dute gipuzkoarrek eta modu naturalean ateratzen zaie flamenkoa euskaraz abestea, "Euskal Herriko musikan aro berri bat", euren esanetan. 2018 urte amaieran atera zuten euren lehen diskoa Sonakay Denontzat, eta berriki, Izarrak jatorrizko euskal kanta flamenkoa sortu dute, Iker Lauroba musikariarekin batera.

Betidanik izan duzue lotura euskal kulturarekin. Nola hasi zen zuen ibilbidea?

Umetatik, ikastolatik, kuadrillarekin eta ikastolako lagunekin beti egon gara bertoko kulturan murgilduta. Gu euskaldunak gara eta baita ijitoak ere. Txikitatik entzun dugu euskal musika, edozein euskaldunen bizitzako soinu-banda izan daitekeena: Mikel Laboa, Benito Lertxundi? Eta horrez gain, flamenkoa genuen gure etxean.

Urteak daramatzazue talde gisa musika jotzen.

Bai, beste musika talde batzuetan aritutakoak gara, baina 2009. urte aldera eman genuen gure lehen emanaldia Sonakay gisa. Donostiako Altxerri Jazz galerian izan zen. Gogoan dut apirilaren 8a zela, Ijitoen Herriaren Nazioarteko Eguna, eta ordutik martxan gabiltza. 2015ean euskarazko abestien bertsioak egiten hasi ginen.

Orduan, taldearen hastapenetan ez zenuten euskaraz abesten?

Ez. Izan ere, euskaraz abestea ez da helburu bat izan, modu naturalean eman zen zerbait baino. Ez dugu inoiz esfortzu berezirik egin. Entsegu batean atera zen. Bukatzen ari ginela, Mikel Laboaren kantu bat abesten hasi nin-tzen. Berez atera zitzaidan, natural. Ez zen bilatutako zerbait izan, horrelako zerbait ez baita nahita ateratzen. Nik uste dut hori igarri egiten dela.

Euskaraz abesten hasi zinenean, zein izan zen gainerako taldekideen erreakzioa?

Ea mozkortuta nengoen galdetu zidaten! Harrituta geratu ziren, berrikuntza bat zelako, baina saiatzea erabaki genuen.

Laboaren 'Txoria txori' flamenko estiloan abesten egin zineten ezagun 'Got Talent' telebista saioan. Zergatik erabaki zenuten saio horretan abesti hori aurkeztea?

Abestia sarean zegoen jada eta casting zuzendari batek deitu egin zigun. Ez genuen erraz joateko, ez zegoen gure planen barruan, baina argi genuen, joanez gero, egiten ari ginena egingo genuela, hau da, flamenkoa euskaraz. Hori da ezberdina, azken finean. Flamenkoa abesten dutenak pasatu dira saiotik, asko, baina euskaraz egiten dutenak, geu baino ez.

Zergatik uste duzue izan zenutela horrenbesteko arrakasta?

Nik uste berrikuntzagatik eta, batez ere, egiten ari ginenak zuen pisu kulturala dela-eta. Herrien arteko bilgunea islatu nahi genuen, sustrai sendo eta zaharrak dituzten herri bi, eta nik uste dut oso ondo ordezkatzen ditugula.

Eta ordutik oso ezagunak egin zarete. Nolako aldaketa izan da zuentzat hori?

Musika mailan aldaketa ikaragarria bizi izan dugu, asko hazi gara musikalki, orain antzokietan jotzen dugu, Ketamarekin bira egin dugu Euskal Herrian eta izen handiko musikariekin jotzeko aukera izan dugu. Maiatzaren 5ean gure ikuskizun propioa estreinatu genuen Victoria Eugenia Antzokian (Donostia), hainbat gonbidatu berezirekin? Maila pertsonalean, orain jendeak ezagutu egiten gaitu kalean, baina egunero dugu hozkailua betetzeko ardura eta horretan ez da aldaketa handirik egon, egia esan.

'Sonakay denontzat' diskoa argitaratu zenuten iazko urrian. Euskarazko kanten lau bertsio sartu dituzue eta hiru abesti gazteleraz.

Hala da, bai. Mutrikuko AME estudioan grabatu genuen osorik eta bertan Laboa (Txoria txori), Benito (Loretxoa), Urko (Lehenengo ikasgaia) eta Pier-Paul Berzaitzen (Denborarekin) abesti batzuen bertsioak sartu ditugu.

Omenaldia egin diezue Laboari, Lertxundiri, Urkori... Euren abesti ezagunen bertsioak egin dituzue, baina abestiei zuen ukitua emanez.

Noski. Gu flamenkoak gara eta egiten dugun guztiak flamenko kutsua du, horrelakoak garelako, gure izaera da.

Jendeari arreta ematen dio ijito batzuk euskal kantarien abestiak jotzen ikusteak. Baina zuek gipuzkoarrak zarete eta bertan egin duzue bizi-tza. Zergatik harritzen gaitu hainbeste ijitoak euskaraz abesten ikusteak?

Oso normalizatua dugu Kataluniako ijitoak runba katalana abesten entzutea, baina ijito euskaldunok ezin dugu euskaraz abestu? Ba guztia heltzen da, eta hori ere heldu da. Hemen gaude, aitzindari gisa.  Arraroa izan daiteke, ezberdina, orijinala? Iparraldeko flamenkoa da, aro berri bat Euskal Herriko musikan.

Ez duzue gustuko 'fusio' deskribapena, izan ere, ijitoak eta euskaldunak zaretela diozue.

Gurea den zerbait da. Bi kulturak geure izateko zortea dugu eta biak gure gisa defendatu eta ordezkatzen ditugu. Ez dugu aipatzen duten fusio edo mestizaje hori bilatzen. Egia da badela nolabaiteko fusioa, baina guri horrela atera zaigu, esfortzu handirik egin gabe.

Musika proiektu bat izateaz gain, kultura produktu bat "saltzen" duzuela aipatu izan duzue.

Jakina, azken finean, alderdi kulturalak du pisu handiena, horri esker egin gara ezagun.

Ijitoen artean, gustuko dute flamenkoa euskaraz entzutea? Puristak ere egongo dira...

Denetarik dago, payo-ekin gertatzen den bezala. Batzuk kontzertuetara etortzen dira eta argazkiak egiten dituzte gurekin, eta beste ba-tzuek ez dute egiten duguna ulertzen. Beti gertatzen den moduan, kritikak zein laudorioak jasotzen ditugu.

"Askatasunari kantatzen dioten kulturak dira ijitoa eta euskalduna", diozue.

Herri biek gauza asko dituzte komunean: biek pairatu du errepresioa, esaterako. Herri ijitoak hizkuntzaren jazarpena pairatu zuen, galtzeraino, eta euskara egun egoera hobean dagoen arren, hori ere jazarria izan da. Ikusi besterik ez dago, herri bien abesti askok askatasunari egiten diotela  erreferentzia.

Txalaparta ere sartzen duzue zuen abestietan.

Euskal Herriko musika tresnak sartzen ditugu eta, lehenengo momentutik, Got Talent saioan, txalaparta sartu genuen. Orain Gema Ines Murillo eta Lara Mitxelena ditugu gurekin. Harribitxiak dira gure txalapartariak.

'Izarrak' du izena Iker Lauroba musikariarekin batera abesten duzuen lan berriak. Nola sortu zen elkarlan hori?

Biok ezagutzen dugun lagun baten bidez hasi zen guztia. Abesti propio bat euskaraz egiteko pausoa eman behar genuen, eta norekin hobeto Iker Laurobarekin baino? Berak konposatutako abestia da Izarrak, eta guk gure ukitua eman genion. Asko gustatu zitzaigun, oso kanta erromantikoa da, gogoratzeko erraza den balada. Izar baten distirak iraun dezakeenari buruz hitz egiten du.

Euskaraz osotasunean sortutako disko baten lehen abestia da?

Zalantzarik gabe, Izarrak abestiak ateak irekiko ditu gure hurrengo diskorako. Baina, egiari zor, gazteleraz abestea ere oso gogoko dugu. Gure kanta-idazlea ere badugu, Jose Pasaiakoa, abestitzarrak sortzen ditu. Kontatu nahi ditugun maitasun istorioez idazten du eta jendeak horiek ere entzun ditzan nahi dugu.

Beraz, jada bazabiltzate hurrengo diskoan pentsatzen?

Bai, hainbat abesti ditugu jada prest, baina oraindik produzitu egin behar da, estudioan sartu grabatzeko? Ikusteke dago, izarren lorratza jarraituko dugu...

Pasa den astean 'Denontzat-Tour 2019' ikuskizuna estreinatu zenuten, Donostian. Errepikatuko duzue beste inon?

Denontzat-Tour 2019 oso ikuskizun berezia da, Gipuzkoako flamenko talde batek horrelako zerbait egiten duen lehen aldia da. 29 pertsonako konpainia bat, dantzariak, artista gonbidatuak: Iñaki Salvador, Maria Berasarte, Iker Lauroba? Gure asmoa ikuskizun hori mundu osoan zehar defendatzea da. Deitzen diguten tokietara joango gara, hori seguru.