artea

Isiltasunaz eta zarataz

Oihane Iraguen artistaren erakusketa ikusgai dago Bilboko Rekalde Aretoan,  Barriek 2019 programaren barruan. ‘Apenas zurrumurru bat’ izenburupean, soinua protagonista den bilduma osatu du, irudi, marrazki eta eskulturei ere lekua eginez

09.02.2020 | 06:07
Ekainaren 30erarte izango da ikusgai erakusketa. juan lazkano

Oihane Iraguen artistaren erakusketa ikusgai dago Bilboko Rekalde Aretoan

SOINUEKIN egiten du lan Oihane Iraguenek (Bilbo, 1985), eta soinuz bete du Bilboko Rekalde Aretoa. "Erakusketa bat, azken finean, espazio bat betetzea da, ekoitzitakoa erakustea. Eta nire helburua espazioa soinuak berak okupatzea zen, zarata eta isiltasuna soinu direla aintzat hartuz", azaldu du Apenas zurrumurru bat bildumaren egileak. Izan ere, isiltasuna eta zarata txanpon bereko alde bi direla uste du artistak. "Isiltasuna zarataz beterik dago, eta alderantziz. Isiltasun guztiek ez dute soinu berdina, ezta zarata guztiek ere. John Cagek esaten zuen moduan, isiltasun erabatekoa ezinezkoa da, gure gorputzaren zainek ere soinua sortzen baitute". 


Iraguenen ustez, bakoitzak eratzen ditu bere isiltasunak eta bere zarata propioak, baita komunikatzeko ere. Izan ere, sorkuntza honen mamia komunikazioaren azpi-jokoak, ezintasunak, joerak eta komunikatzeko modu berri eta abstraktuak ikertzen hasi zenean garatu zuen Iraguenek. "Komunikazio esparruan lan egin izanak arrotza dena eta komunikazio galera aztertzera eraman ninduen, orduan hasi bainintzen hitzetik eta alderdi bisualetik harago dagoena aztertzen", kontatu du. Horrela, komunikazioan hasi zen ibilbideak komunikazio-ezera eta iradokizunera eraman zuen artista bilbotarra, eta ibilbide hori islatzen saiatu da erakusketan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Barriek 2019 egitasmoaren barruan koka-tzen da erakusketa. Ekainaren 30era arte ikusgai egongo den bilduma honetan erabilitako soinuak azken urteetan Iraguenek berak jasotakoak eta sortutakoak dira. "Azken urteetan, pasiatzen nenbilela, tabernetan, lagunekin solasean edo isiltasunean grabagailua atera eta soinuak erregistratu ditut. Soinu horiek moldatu egin ditut, berriak eratu eta simulazio-ezaren oinarritik abiatu naiz soinu berriak eta propioak gara-tzeko", azaldu du.

Diziplina berria Soinu horiek agerrarazteko, baina, beste hainbat euskarri erabili behar dira. "Arteen arteko artea deitu izan zaio horri         -argitu du Iraguenek-. Ez da arte berri bat, baina Estatu mailan duela bi hamarkada eskas onartu zen, diziplina independientetzat hartuz", agertu du bilbotarrak. Horrela, soinuz eta isiltasunez betetako irudiak, marrazkiak eta eskulturak topatu ahalko ditu Rekalde Aretora hurbilduko den ikus-entzuleak. "Bertan, bost kanaleko soinu-konposizioa dago, soinu kanal bakoitzak bere disposizio eskultorikoa duelarik, eta euren artean ibilbide ezberdinak egin daitezke soinuak bideratuta eta norberak erabakita", dio artistak.

Horrez gain, lau akusmografia osatu ditu artistak, musika partitura baten kontrako norantza duten marrazkiak, hain zuzen ere. "Soinuaren aurpegiak amaigabeak dira, eta soinu bakar batekin hainbat akusmografia egin ditzaket. Akusmografiek soinua eta zentzuaren arteko hika-mikak islatzen dituztela uste dut", iritzi dio Iraguenek. Horretarako, soinua konposatu ostean, Acousmographe deituriko software batetik soinua pasatu behar da. Bertan, marrazkian egiteko parametro batzuk agertzen dira. Azkenik, bideo bat ere ikusi ahalko du bisitariak. Bertan, Ibon RG artista eta musikariak egindako eta Iraguenek moldatutako kanta kakofonikoak ikus daitezke. 

Nondik datorren ez dakigun soinua entzutea proposamen ezohikoa da, dena kontrolpean izatera ohituta gauden garai hauetan. Hala ere, kontzeptua zaharra da oso, Pitagoras izan baitzen honen aitzindaria, Iraguenek jakinarazi duenez. "Gero eta komunikatuago bizi gara eta komunikazio hori modu indibidualean ematen da, bakoitza bere pantailarekin. Nire proposamena ezezagunarekin jardutekoa da, ikusi ezin ez dena, iturri finkorik ez duena. Entzutea ere sorkuntza ekintza bat baita, bakoitzaren entzute eta arreta mailak ezberdinak dira, eta entzundakoaren bitartez gauza ezberdinak irudikatzen ditugu".

Sekulako sorpresa hartu zuen Iraguenek Apenas zurrumurru bat lana Barriek 2019 programan aukeratua izan zela jakin zuenean. Sorpresa eta poza ere bai. Programa honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkun-tza Artistikoko Bekak irabazi dituzten artistek parte hartzen dute. Hala, artista bilbotarrak uste du "artelanak ekoizten jarraitzeko aukera eta alderdi teorikotik ikertutakoa prak-tikarekin uztartzeko aukera" emango diola beka honek.