Nortasunaren eraikuntza ez da afera makala izaten, eta esan ohi da bizipen, erabaki, eta jazoera orok duela eragina bakoitza nor den egituratzerakoan. Osaketa hori, txiki txikitatik hasten da; are, jaiotzatik bertatik. Izen bat jasotzen du jaioberriak, seguru aski betirako identifikazio marka bihurtuko den deitura bat. Bizitzako lehen erabaki hori ez du munduratu berri den haurrak hartzen, ordea, haren partez erabaki ohi dute gurasoek; eta hor hasten da hika-mika.

Umeari lehen identitate marka hori jartzeko zerrendetara jo dezakete gurasoek; eta euskarazkoen kasuan, Euskaltzaindiak osa-tzen ditu listok. Orain artekoan zerrendek genero marka nabarmena izan dute; hots, nesken izenak eta mutilen izenak bereizi izan ditu beti Euskaltzaindiak. Orain, ordea, Euskaltzaindiak pertsona izendegia gaurkotu eta panorama berria zabaldu du: aurrenekoz izen epizeno edo neutroen zerrenda osatu du, eta bertan genero markarik gabeko ia 500 izen jasotzen dira.

IZAERA DINAMIKOA Urrats historikoa eman du euskararen akademiak; mugarri bat da, akaso. Euskaltzaindiak pertsona izendegia gaurkotu -2011koa zen azken eguneraketa- eta pausu bat harago joatea erabaki du, lehenengoz osatu baitu haurren sexuaz gaindi erabili daitezkeen pertsona izenen sorta. Amaiur, Amets, Aloña, Araitz, Ehiartz, Euri, Haize, Nahi? orotara, ia 500 izenez osatua dago zerrenda, eta Roberto Gonzalez de Viñaspe Euskaltzaindiaren onomastikako batzordeko buruak azaldu duenez, izaera “zabala eta dinamikoa” izango du zerrendak. Era horretan, une honetan izendegi mistoa eratzen duen zerrenda geroz eta luzeago izatea du helburu Euskaltzaindiak. “Gaur egun izen batzuk zerrenda horretan ez agertzeak ez du esan nahi bihar, etzi egongo ez direnik. Lehengo fase honetan sartu ditugu ba-tzuk, eta beste batzuk dagoeneko aztergai ditugu edo etorriko dira”, eman du jakitera Gonzalez de Viñaspek.

Listaren sorrera ez da kasualitate hutsa eta ez da bat-batean sorturiko zerbait; izan ere, elkar loturik dauden bi kontu direla eta hartu du erabakia Euskaltzaindiak. Batetik, gurasoen kexa ugari jaso ditu Akademiak azken urteetan, erregistrora bertaratzerakoan arazoak izan baitituzte haurrari izena jartzeko. Euskararen kasuan, erregistroak, batik bat, Euskaltzaindiaren irizpideak jarraitzen ditu izen bat onartu ala ez erabakitzeko, baina kontua atzeragotik dator.

LEGEARI BEGIRA Kexa eta Euskaltzaindiaren hutsunearen atzean legeak dioena dago, eta hor dago benetako oztopoa. Momentura arte behintzat, Espainiako Erregistro Legea traba izan da izendegi neutroa sortu eta aplikatu ahal izateko. Izan ere, 1957. urtean -frankismo garaian- sortu zen pertsona izenei dagokion arauren arabera, izenak ezin du sexu nahasmenik eragin; eta hortaz, marka nabarmen femeninoa edo nabarmen maskulinoa behar du izan. Lege hori euskararekin bat ez zetorrela iritzita, aldaketa eske idatzi zion Euskaltzaindiak Madrileko Justizia ministerioari. “2011an onartu zuen Espainiako Kongresuak erregistro zibilaren legea eta hor sexu bereizketari dagokion auzia konpontzen zen. Arazoa da lege hori dagoeneko ez dagoela indarrean guztiz, eta guri dagokigun gaia ez dago eguneratua, baina ezin dugu horren zain jarraitu”. Errealitate sozialak itxaronaldi legala gainditzen zuela iri-tzita, Euskaltzaindiak hautu propioz aurrera egitea erabaki zuen, arauak arau. Onomastika batzordeko buruak azaldu duenez, iaz jakinarazi zuen Madrilek 2020ko ekainera arte atzeratuko zuela lege aldaketa.

Euskal Herrian, baina, bada beste errealitate bat ere. Frantziako legeak ez du horrelako neurri murriztailerik jasotzen; eta hortaz, Lapurdi, Baxe Nafarroa zein Zuberoako gurasoek libertate osoa dute, eta izan dute seme alaben izena erregistratzerakoan. “Euskaltzaindiarentzat iparraldea hegoaldea bezainbesteko lan esparrua da eta Ipar Euskal Herrian sexua ez da arazo, legeak ez du horrelako bereizketarik jasotzen”.

Legea eguneratu zein ez, gurasoek arazoak izan dituzte sarritan seme-alaben izenak erregistroan jasotzerakoan eta hainbat izan dira Euskaltzaindiari arazoa jakinarazi diotenak. “Errealitate eta eskari sozialari erantzuteko beharra zegoen: gauza jakina da aspaldidanik zenbait gurasok arazoak izan dituztela halako izenen aldeko hautua egin nahi zutelako”, kontatu du Gonzalez de Viñaspek. Orain arte gurasoek ezin zioten alabari Amets izena jarri; edota alderantziz, ofizialki, semea ezin zuten Aloña izenarekin erregistratu, besteak beste.

Horregatik, zero zerrenda hau osatzeko zenbait irizpide izan ditu kontuan Akademiak. “Errealitatera jo dugu zuzenean. Lehenago aztertu nahi izan ditugu berez izaera neutro hori oso errotua duten izenak. Hor badaude erreferentziazko izen batzuk; kasurako, Amets. Zuzeneko sarbidea eman diegu izen horiei”. Gonzalez de Viñaspek azaldu du badirela berez gaur gaurkoz eta datuei erreparatuz, batera zein bestera dagoeneko erabiltzen diren izenak. Horiek izan dira, hain zuzen ere, zerrendaren oinarria.

EUSKARAK, GENERORIK EZ Eskari sozialaz gain, hizkuntzaren berezko ezaugarriei ere erreparatu die Akademiak. Bada, gauza jakina da euskarak berez ez duela genero gramatikalik; eta hortaz, zerrendan ageri diren izen asko bi multzotakoak dira: batetik, lexiko arrunteko hitzak: madari, izurde, zeru? eta bestetik, toponimoak. “Euskaraz bada hizkuntza aldetik dagokion izen sorta handia neutroa dena: lexiko arruntetik datozenak eta berdin leku izenetatik, toponimoek berez ez dute generorik. Hortaz hau errealitate bat da eta hor harrobi agortezin bat dago”, uste du Gonzalez de Viñaspek.

Erabilera arrunta eta hizkuntzaren nolakotasunaz gain, tradizioa da kontuan izan duten hirugarren ardatza. Horrela, badira zenbait kasu berezi zerrendan; esaterako, Haize izena topa daiteke izen neutroen zerrendan. Haizea, aldiz, emakumezko izen zerrendan aurki daiteke. Lehen begiratuan tradizioari atxiki dio diferentzia Gonzalez de Viñaspek: “Haizea momentu honetan daukagun tradizioari begiratuz, nabarmen erabilia da emakumezko izen moduan; aldiz, Haizeren kasuan, ez dago horrelako erabilerarik. Lehenengo azterketa batean haize bezalako izen bati zuzenean dagokio zerrenda horretan izatea, eta Haizea adibidez aztertu beharko dugu”. Atzerago ere egin dute eta historia errepasatuz Erdi Arotik datozen zenbait izenek genero marka atxikia dutela ohartarazi dute.

Dena den, tradizioarekin ere erne ibili behar dela uste dute Akademiako kideek, Gonzalez de Viñaspek dioenez: “Oreka bat bilatu behar da: tradizioa kontuan hartu behar dugu, baina tradizioaren gatibu ez gara izan behar”. Horregatik, etorkizunean izenak zerrenda batetik bestera dantzan egon daitezkeela uste du. “Dinamikoa eta zabala da zerrenda, ez murriztailea eta osatzen joango da beharren arabera”. Zerrendaren heda-tzeari dagokionean bi bide aipatu ditu Akademiak: Euskaltzaindiak egindako ikerketen emaitza edota herritarrek Euskaltzaindiari egindako eskari zehatza.

Izaera aldakor horren adierazle da zerrenda ez dela bat bateko inertziaren fruitu; eta are, etorkizunerako erronka gisa ikusten du euskararen erakundeak norabide berria: “Hau hasiera besterik ez da”. Gonzalez de Viñaspek garbi dio asmoa ez dela inondik inora zerrendaren aurkezpenarekin misioa bukatutzat ematea. Are, zehaztu du atzetik datorren eta aurrera jarraituko duen ibilbide baten urrats bat dela izendegiaren eraketa. “Inportanteena da aukera berriak zabaldu ditugula, orain gurasoek badute nora jo euren sentsibilitate edo gustuaren arabera; aukerak zabaltzea da kontua”.

IKUSPUNTU FEMINISTA Eta prozesuaren analisi zintzoa egin nahi bada, mugimendu feministak auzian egindako ekarpenari ere arreta jarri behar zaio ezinbestean. Urteak dira feminismotik gaia mahai gainean jar-tzeko ahaleginak egiten hasi zirenetik. Kasurako, 2010ean argitaratu zuten Bilgune Feministak eta Emaginek Izena eta Izana ezbaian liburuxka, izenak norbanakoaren eraikun-tzan jokatzen duen paperaz hausnartu nahian.

Horrela, batetik izen neutroen zerrenda eza salatu zuen eragileak; eta, bestetik, izenaren garrantziaz kontzientzia piztu nahi izan zuten jendartean. Bertan, desobedientziarako dei egiten zioten jendarteari, legeak zioenaren kontra zirrikituak bilatu eta izen neutroen aldeko hautua egiteko. Horrela, zenbait estrategia jasotzen ditu idatziak: ospitalean bertan izena erregistratzea, izenak asmatzea edota toponimo eta izen fantastikoak erabiltzea, besteak beste.

“Izenak berak aurreiritziak sortzen ditu. Aukera dago -eta horrek ez du esan nahi denok derrigor horrela egin behar dugunik- izen neutroak jartzeko, genero markarik gabeak. Aukera bat da eta jendartea horren kontziente izatea nahi dugu”, adierazi zuten orduan korronte honen defendatzaileek. Eta gaur, bederatzi urte beranduago, forma har-tzen hasia da eskari hura.

Euskaltzaindia, bere aldetik, prest agertu da etorkizunean Bilgune Feministarekin gaia lantzeko egon daitezkeen aukeren aurrean. “Bilgune Feministak egin ditu bere ekarpenak, nola ez; baina errealitate soziala ere badago. Errealitate horretan dago mugimendu feminista, baina guk marko orokorrean jarri behar dugu arreta”, uste du Gonzalez de Viñaspek. Halaber, argi utzi du beste edozein eragile eta mugimenduri besteko garrantzia ematen diola mugimendu feministari. “Gure ahalegina da halako gaietan ere beste ikuspuntu batzuk ezagutzea, hori baita guztiontzat aberasgarriena. Jarrera irekia du Euskaltzaindiak talde politiko eta eragile sozial guztiekin”.