Ia 70 urtez, emakumeak Estatu mailako zein nazioarteko frontoietako protagonistak izan ziren. Historiaren zati hori hain ezaguna ez den arren, 1917tik 1980ra modu profesionalean aritu ziren milaka erraketista horien presentzia aldarrikatu nahi dute Emakumea eta euskal pilota erakusketaren bitartez. Bolibarko Simon Bolivar museoan dago ikusgai, urriaren 27ra arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Erakusketa Ibiltariak programaren baitan.

Emakumea eta euskal pilota 2013an aurkeztu zen lehenengoz Gernikako Euskal Herria museoan, Felicitas Lorenzo zuzendariak erraketista izandakoen “kontakizun bizia” jaso-tzeko premia ikusi eta proiektua abian jarri ostean. Arantxa Pereda komisarioak modu berezian gogoratzen du proiektua: “Pilotan jokatu zuten emakume horiekin zerbait egin beharra zegoen. Oso informazio gutxi zegoen euren inguruan eta horietako batzuk oraindik bizirik zeuden, baina jada oso adinekoak ziren. Premia bat zegoen erakusketa hori egiteko, lekukoak desagertu egingo baitziren, eta kontakizun hori protagonistengandik jaso-tzea ezinbestekoa ikusten genuen erakusketarako”. Hala, sasoi hartan pilota modalitate horretan profesional izandako emakumeei omenaldia egin nahi die erakusketak, baina batez ere, “memoria berreskuratzea” du helburu, emakumeek frontoian izan zuten parte-hartzea eta presentzia “ahanzturan gera ez dadin”.

Bizkaiko zein Gipuzkoako erraketista ohiekin harremanetan jartzea lortu zuten arduradunek eta, euren oroitzapenetan arakatuz, garai hartako irudi bat osatzen hasi ziren, lan samurra izan ez bazen ere. “Senideek ere esaten ziguten: ez pentsa amak horri buruz askorik kontatzen duenik, orain ari gara gauza gehiago jakiten. Apaltasun apur bat ere erakusten zuten kasu batzuetan, ez zuten ulertzen gaiak izan zezakeen interesa: nola kontatuko dizut hori? Oso hurbilekoa izan zen esperientzia, euren oroitzapenak kontatu zizkiguten, sentipenak, pilotalekuan bizitakoak?”, kontatu du komisarioak.

Erraketistak oso gazte hasi ziren jokatzen eta frontoietatik aldendu ostean euren bizitzak guztiz aldatu zirela kontatu du Peredak: “pilota uzterakoan, euren bizitzek beste norabide bat hartu zuten, gehienek familia bat sortu zuten, batzuek negozioak.... Hor egon ziren eta jokatu zuten, baina ez zuten sentitu historiaren parte zirenik. Inork ere ez zien horri buruz gehiago galdetu”.

Erraketa jokoak 60 urte baino gehiago iraun zuen arrakastatsu. Ildefonso Anabitarte zesta-punta jokalari ospetsu eta pilotalekurik garrantzi-tsuenen enpresaburua izan zen Atlantikoaz beste aldean zabalkundea lortu zuena. Hark pentsatu zuen emakumeek profesionalki jokatu zezaketela, eta horretarako, frontoiaren neurriak, erraketa eta pilota egokitu zituen. “Berak sortu zituen erraketisten lehenengo eskolak. Hamahiru eta hamalau urte inguruko neskak fitxatzen zituzten, nahiko azkar ikasten zuten jokatzen, sei bat hilabeteren buruan partida profesionalak jokatzeko prest zeuden”, azaldu du Peredak.

Hiru atal Sakea, Tanto kopurua eta Kantxa, jatorrizko erakusketako hiru atal daude Simon Bolivar museoan ikusgai. Sakea izenekoan, pilotaren jatorria topatuko dute bisitariek: erraketa, emakumeentzat frontoiko espazioa nola sortu zen? “Estilo ezberdina zen, tenis piloten ordez larruzkoak erabiltzen hasi ziren, eta aldaketa hura zela eta, soka sendoagoak behar zituen erraketak. Frontoia ere laburragoa izanik, pilotak hartzen zuen abiadura handiagoa zen”. Jokalarien janzkeran ere aldaketak egon ziren, batez ere gonen luzeran. Mercedes de Miguel diseinatzaileak ere parte hartu du erakusketan, eta zazpi iruditan, erraketisten janzteko moduaren bilakaera kronologikoa bere erara aurkeztu du.

Bigarren atala Tanto kopurua da, eta bertan erraketisten mundua frontoietan nola hedatu zen jaso dute. “Bitxia da, erraketistak Euskal Herrikoak ziren arren, frontoi arrakasta-tsuenak Estatuan edo Ameriketan zeuden”. Protagonistak ezagutuko dituzte bisitariek, euren entrena-tzeko modua, zer lorpen izan zituen bakoitzak?

Azkenik, frontoiak geografikoki kokatu dituzte Kantxa-n. Erraketistentzako lehen pilotalekua Madrilen zabaldu zen, 1917an, Cedaceros kalean. Euskal Herrian Bilboko Euzkel-Jai eta Donostiako Gros pilotalekuetan baino ez zen jokatu erraketa jokoan. Ameriketan jokoak izugarrizko arrakasta izan zuen eta pilotaleku askotan, hala nola, Kubako La Habana-Madrid edo Mexikoko Metropolitano pilotalekuetan jarraitzaile sutsu ugari izan zituen. Arkitekturari dagokionez, frontoiak leku interesgarriak ziren, gero, hotel eta zinema bilakatuko ziren horietako asko, baina garai hartan, arkitekto entzutetsuek parte hartzen zuten frontoien eraikuntzan.