Helena Bayona zuzendari iruñarrak bere egiten ditu Romipen dokumentaleko elkarrizketatu batek esandakoak: “Ez dago ijito izateko modu bakar bat, ezta emakume edo feminista izatekoa ere”. Norberak ijitotasuna bizitzeko duen era, horixe da Romipen, Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federaziorekin elkarlanean Bayonak egin duen bigarren lana. Euren artean oso ezberdinak diren zazpi emakume ijito elkarrizketatu ditu Bayonak, autokritikarako eta hausnarketarako gonbitea luzatuz. Zuzendari iruñarrak aitortu du harreman estua sortu duela dokumentaleko protagonistekin eta horrek konfiantzan oinarritutako elkarrizketa sakonak eta ezberdinak edukitzera eraman duela. Zazpi emakumeen hitzak bere horretan utzi ditu Bayonak, ia inolako esku-hartzerik gabe, “euren ahotsa baita dokumentaleko protagonista bakarra”.

Nondik sortzen da dokumentala egiteko ideia?

EHUn Kazetaritza ikasten ari nin-tzela, emakume ijitoak protagonista izango zituen ikus-entzunezko xume bat egitea proposatu zidaten Gaz Kalo-tik, Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federaziotik. Baiezkoa eman eta Mordiendo el aire (2017) dokumental laburra egin nuen, elkarrizketa ezberdinekin osatuta. Nahiz eta dokumental labur eta xumea izan, oso harrera ona izan zuen jendartean; eskoletan eta unibertsitateetan material didaktiko gisa ere erabili zuten. Iaz dokumental horri jarraipena emateko gonbitea luzatu zidan Gaz Kalok, eta birritan pentsatu gabe jarri nintzen lanean. Izan ere, nahiz eta egindako lanagatik gustura sentitu, ikus-entzunezko laburrarekin oso gainazalean geratu nintzela uste dut: askotan tratatutako gaia landu nuen eta betiko galderak egin nizkien, nire ezjakintasunetik abiatuta eta estereotipoei helduta, akaso. Oraingo honetan argi nuen politikora gehiago jo behar nuela, eta halaxe saiatu naiz egiten.

Zeintzuk dira ‘Mordiendo el aire’ eta ‘Romipen’-en arteko alde nagusiak?

Gaz Kalo-ko zuzendariak esan zidan behin: lehenengoa landa eremuko ijitoentzat egindako lana da, eta Romipen “payo”-entzako dokumentala da. Eta hortxe dago koxka. Batek pentsatu dezake: ijitoak dira ijitoen gauzei buruz hitz egiten, bai, baina konturatuko zara esaten dituzten gauza horiek ez daudela zure errealitatetik oso urrun. Hein handi batean, guri zuzendutako mezuak dira eta guri dagokigu, dokumentala ikusi ondoren, hausnarketa eta autokritika egitea. Gai askoz ere sakonagoak eta ezezagunagoak lantzen dira Romipen-en, askoz ere politikoagoa da; beste gauza batzuen artean, eztabaida feministaren erdigunera jotzen du dokumentalak. Baina gauza guztien gainetik, dokumentalean parte hartzen duten emakumeen ahotsen garrantzia azpimarratuko nuke. Hau da, ni ez naiz inoren salbatzaile eta superheroi dokumental hau egiteagatik, ez dut hori inoiz bilatu. Eurak dira benetako protagonistak eta euren mezuaren esentzia ahalik eta garbien uzten saiatu naiz. Medioak nik jarri ditut, baina kasu askotan haiek gidatu naute ni, naturaltasunez, eta horrek balio handiagoa eman dio lanari.

Zazpi emakume dira protagonista, euskal herritarrak gehienak eta ijitoak denak.

Emakume eta ijito diren aldetik hitz egiten dute denek kameren aurrean, eta emantzipaziorako duten etengabeko borrokaren lekuko dira guztiak, oso ikuspuntu ezberdinetatik. Silvia, Saray, Carmen, Joana, Angela, Andrea eta R. Jimenez. Bata ama da 20 urterekin, beste bat doktoregoa ikasten ari da unibertsitatean, badira aktibistak direnak, beren herriarekiko kritiko agertzen direnak, Euskal Herriko hiribururen batean umiliazio publikoak jasan dituztenak? Eta, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina ijito eta emakume izateaz harro daude guztiak. Gauza askotan, esaten dutenetik urrun sentituko da ikusle “payoa”; baina, beste batzuetan, mezuarekin oso lotuta sentituko da, eta beste zenbaitetan bere pribilegio egoerak ezkutatu dizkion baina horiek entzutean bere egiten dituen aldarrikapenak aurkituko ditu.

Euren diskurtsoen artean dauden ezberdintasunak ere nabarmenduko nituzke. Ijito izanagatik diskurtso asumitua dutela pentsatuko du norbaitek, eta dokumentalean ikusiko du ezetz, kontraesanak daudela euren artean, eta iritzi dibertsitatea dela nagusi.

Bestetik, esango nuke ez dela dokumental erosoa. Nork ikusiko du Romipen? Euskal Herriko eta Espainiako jendeak, ijitoen ondoan bizi garen herritarrok ikusiko dugu. Zenbat ijito ezagutzen ditugu? Zer dakigu eurei buruz? Oso gutxi, eta dakiguna, okerra da.

‘Betaurreko moreak jantzi nituen, baina kendu egin behar izan nituen, ez nuelako senti-tzen ordezkatzen nindutenik’, dio protagonistetako batek.

Feminismo hegemonikoak alboratu egin dituela sentitu izan dute elkarrizketatutako batzuek, eta zentzu horretan, Romipen-en bada feminismoa birpentsatu beharraren ideia. Ez da gauza berria, feminismoa etengabe ari baita eraldatzen, baina eztabaida feminista aberastu dezakeela uste dut. “Soldata berdintasunaz hitz egiten ari zinetenean, gu oraindik ez ginen lan mundura iritsi?”, dio batek. “Sei ume eduki nahi ditudala esaten dudanean, feminismo zuriak zalantzan jarriko du nire erabakia”, beste batek. Besapean ileak askatasunez eramatea aldarrika-tzen dugun bitartean baliteke mahuka laburreko kamiseta jartzerik ez duten emakumeak egotea. Horregatik diote protagonistetako batzuek ez direla “payo”-en diskurtso feministarekin identifikatuta sentitzen. Ez dut esaten besopean ileak askatasunez eramatea aldarrikatu behar ez dugunik, inondik inora ere, baina uste dut kontu gehiagorekin ibili behar dugula, bakoitzaren unea identifikatu eta egokitu.

Kontua ez da feminismo zurruna sortzea, emakume guztiak ordezkatuko dituena baizik, gure artean dagoen dibertsitatea aintzat hartuz. Eta horretan ari garela uste dut. Ni ez nago ados dokumentalean agertzen diren iritzi askorekin, eta eurak ere ez daude ados euren artean. Eztabaida naturala sortzen da egoera horretan eta horrek asko aberasten du eragin esparrua. Gauza batzuk bateragarriak izango dira eta beste batzuk ez. Azken batean, elkar ulertzera behartuta gaude emakumeok eta adi egon behar dugu ematen dugun pauso bakoi-tzeko inor atzean ez uzteko.

Atentzio keinu bat, akaso.

Identitate kontua da dena, eta norberak era ezberdinean bizi du identitate hori. Zer da emakume izatea? Zer da ijito izatea? Norberak aztertu behar du nola bizi dituen horiek biak eta zer-nolako kontraesanak sortzen zaizkion nahasketa edo elkarreragin horretan. Nire kasuan, adibidez, kontraesan eta galdera mordoa sortu zitzaizkidan feminismora iritsi nintzenean. Hau edo hori egiteagatik gutxiago al naiz? Zer gertatzen da hau janzten badut? Elkarrizketatu ditudan ijitoen artean feminismoari buruzko era guztietako ikuspuntuak daude: batek bere nebak jasotzen duen tratu bera jasotzea nabarmentzen du feminismoaren adierazle gisa, beste batek amonak familia mantentzeagatik egindako lana goraipatzen du eta beste batek unean uneko egoeraren arabera erabakiak hartzeko gaitasuna edukitzea nabarmentzen du, hezkuntzan murgiltzeko unea edota haurrak edukitzeko unea erabakitzea, besteak beste. “Ez dago ijito izateko modu bakar bat, ezta emakume edo feminista izatekoa ere”, dio elkarrizketatuetako batek. Eta hortxe dago gakoa. Nor da ijitoagoa? Nor emakumeagoa? Nor feministagoa?

Integrazioaren inguruan darabilgun diskurtsoarekin ere kritiko azaldu dira batzuk.

Integrazioa eta asimilazioa maila berean jar-tzen dituzte hitz egin dudan ijitoetako askok. Nekatuta daude “ijitoak ez dira gizarteratzen, gure eskubide berdinak nahi dituzte baina ez dira integratzen” entzuteaz. Eurek gurekin batera ibili nahi dute, baina eurenari uko egin gabe. Oso harro sentitzen dira euren kulturaz eta euren familien sustraiez, eta mehatxu bezala ulertzen dute hainbestetan errepika-tzen dugun integrazioaren kontzeptua. Bazkaria etxeko balkoian sukaldatzeagatik pertsona ez-gizarteratua dela esango dugu, guk ikasi dugun bezala egiten ez duelako? Ijito hori integratu ez dela esango dugu guk bezala agurtzen ez duelako? Edo bere ordutegiak gureak bezalakoak ez direlako?

Nafarroako Filmategian aurrestreinatu zenuen lana, protagonisten eta euren senide eta lagunen aurrean. Zer esan zizuten dokumentala ikusi ondoren?

Oso hunkigarria izan zen saio hori. Urduri geunden guztiok, bai ni eta bai elkarrizketatuak ere. Besteak beste, dokumentalean zehar erabilitako “begirada garbia” nabarmendu zuten, nahi zutena nahi zuten bezala konta-tzeko aukera eman niela eta ondo ordezkatuak sentitu zirela guztiak. Hori oso garran-tzitsua da niretzat, euren ahotsak baitira lan honen protagonista bakarrak.