Bilboko Andrew lentzeria dendan jarri zuen ikusgai bere lehen erakusketa, 1989an, eta hiru hamarkada beranduago, Gure Artea saria jaso du Miren Arenzanak (Bilbo, 1965). Sari honekin, eskultore bilbotarraren ibilbide artistikoa aitortu nahi izan du epaimahaiak, eta 90eko hamarkadaz geroztik, industriako eta eskulangintzako materialekin egindako sorkuntzak ekarritako aldaketa nabarmendu dute, lan hori ondorengo belaunaldientzat “erreferentea” dela adieraziz. Miren Arenzanak Arte ikasketak egin zituen EHUn, Londresko Royal School of Art-en Diseinua ikasi zuen gero, eta Ingalaterran eta Frantzian urteak egin ostean, Bilbon bizi da gaur egun. Estudio bat alokatu du eta hori atontzen ari da, Euskal Herrian denboralditxo bat emateko asmoz.

Hiru hamarkadatan lanean aritu ostean, ibilbide artistikoa aitortzen duen Gure Artea saria jaso duzu. Zelan sentitu zara?

Aitortza horrek moralki laguntzen du eta oso eskertua nago, zinez. Euskal Herrian komunitate artistiko bat dago, solidoa dena, nazioartean errespetatua den lana egiten duena, eta prekarietatean bizi bagara ere, produzitzeko aukera dugu. Horrelako babesa garrantzitsua da, eta babes gehiago ere behar dira, noski. Sariak, bekak? beharrezkoak dira artista eta sorkuntza sare bat egon dadin. Produkzio artistikoak egoten jarraitzeko ezinbestekoak dira. Orain, haratago joan beharra dago, artiston lan baldintzak egituratuz, prekariotasun handia baitago gure lan arloan.

Gizartearen aitortza falta dagoela uste duzu?

Lehenik eta behin, errespetua behar da, eta aitortza ere bai, jakina. Gure gizartean artea ez da beharrezkoa, beste edozein gauza izan daitekeen moduan. Lurralde edo herrialde bat ordezkatu nahi duenean baino ez da beharrezkoa. Europa iparraldean eta beste leku askotan artistei ordaindu egiten diete euren lana. Beraz, bai, beharrezkoa da aitortza bat. Aitortza da, lehenik eta behin, zure lanetik bizi ahal izatea, baloratua izatea, hau da, egiten duzun lanari balioa ematea, baita balio ekonomikoa ere.

Epaimahaiak nabarmendu du erreferentea zarela ondorengo belaunaldientzat. Hala sentitzen zara?

Horrek harro sentiarazten nau eta poztasuna ematen dit, nolabait. Borroka asko daude lan honetan: hasieran emakume izatea zen, eta gainera, tradizioari begiratuz gero, eskultorikoak ez ziren materialekin lan egitea. Nik betidanik aldarrikatu ditut material horiek. Pozik nago, azken finean bide berriak ireki-tzea delako, ohikoa ez zen bide bat planteatu nuen eta hurrengo belaunaldiak material horiekin lan egiten hasi dira.

Plastikoa, goma, bordatuak? 80ko hamarkada bukaeran hasi zinen industriako zein eskulangintzako materialak erabiltzen. Ez ziren batere ohikoak garai hartako eskulturan.

Inguruan zegoena burdina zen, maskulinoa, indartsua, soldatzailea? Ni Oteizaren hizkerarekin hasi nintzen eskulturan, eta oraindik ere hala egiten dut, baina beti aldarrikatu ditut, batez ere garai hartan, material zehatz batzuk. Zure hizkuntza eraikitzeko, dagoen alfabetoa erabiltzen duzu, baina nire eremura eramaten nuen; horrela zure burua definituz zoaz, pentsatuz, eginez?

Ez zenuen zure burua material horiekin identifikatzen?

Ez, batez ere material horiek aurreko industria garai batekoak zirelako, ez nire sasoikoak. Garaikidea eta berritzailea aurrera joatea dela uste dut nik, eta gainera, ikuslearekin elkarrizketa bat ezarri nahi nuen beti, beraz, nire generoaren elementu propioak sartzen hasi nintzen. Esaterako, 1989an egin nuen lehen erakusketan kosmetika kutxa bat erabili nuen. Argi utzi nahi nuen: ni emakumea naiz eta eskultorea naiz. Egiten nuena ez zen ortodoxoa. 80ko hamarkada bukaeran geunden, giro jakin bat zegoen, punka gori-gorian, dena zen alternatiboa. Bakoitza bere garaiaren alaba da, badakizu.

Generoaren aldarrikapena beti egon da presente zure lanean.

Hasierako planteamendua beti zen: “zertaz nahi dut hitz egin eta zer zentzu izan behar du nire lanak?” Aldarrikatu nahiko nuke emakume eskultoreak daudela. Erabilitako objektuen semantika ere aipagarria da; garai hartan, erabiltzen ziren materialak burdina, brontzea eta egurra ziren. Ni, ordea, eguneroko bizitzako elementuak berrerabiltzen hasi nintzen, baina sinbologia edo esanahi bat zutenak: kosmetika kutxa bat, luma arrosadun kapela bat, takoi batzuk? Horiei esanahi berri bat emanez. Nola hitz egin dezaket generoari buruz, emakumeontzat esklabutza diren gauza horiez guztiez? Baina, era berean, eskulturari buruz ari naiz hitz egiten.

Erakusketa bat antolatzerakoan, espaziora egokitzen duzu zure lana, edo alderantziz?

Beti ikusi behar dut espazioa lehenago, eta beti egiten dut lan espazio konkretu bat buruan dudalarik. Hau da, niri erakusketa bat eskatzen badidate, lehenengo eta behin tokia ikusi behar dut. Esaterako, behin Bilboko Carreras Mugica galerian areto zuri bat erakutsi eta esan zidaten hori izango zela nire lanak jartzeko lekua. Zelako arriskua! Pentsatu nuen. Astebetez egunero joan nintzen galeriara, azken finean, hori da egiten dudan ariketa, zer egin dezaket espazio honekin? Zer egin dezaket espaziotik bertatik ateratzeko, espazioari buruz hitz eginez? Obrak paretan eskegi edo jarriz gero, beti egin ohi dena egiten ari naiz? Erronka handia da, baina hori da nire lana.

Horregatik ez duzu inoiz erabiltzen idulkirik zure artelanak erakusteko?

Hori da, beti jolasten dut espazioarekin.

Gero eta soilagoak dira zure piezak.

Beti saiatzen naiz ahalik eta zehatzena izaten, anekdota saihesten. Gutxiago gehiago da. Nire lanetan aldarrikapenak txertatzen jarraitzen dut, baina piezak gero eta sotilagoak dira, sintetikoagoak. Adibidez, koloreek gauzei buruz hitz egiteko balio didate, baina austeritate handiarekin egiten dut, betiere.

Ikusleekin elkarrizketa bat sortu nahi izaten duzu beti. Lanaren soiltasunak badu eraginik horretan?

Bai, ikusleek zerbait ulertzen dute lana ikusten dutenean harridura moduko bat dagoelako. Artisten arazo nagusietako bat irakur zai-tzakeen norbait aurkitzea da. 2000. urtean Londresera joan nintzen berriz ere eta produktuen diseinuari buruzko masterra egin nuen Royal SchoolofArt-en. Garai hartan egin nituen pieza guztiak komunikazio artefaktuak ziren, pieza interaktiboak. Programazioari lotutako diseinuan aritu nintzen, erabiltzailearen jarrerari erantzuten zioten piezak lantzen, hain zuzen.

Artea eta teknologia elkartu dituzu zure azken lanetan.

Bai, baina nire lana kontzeptuala da. Garran-tzitsuena beti da ideia, eta ondoren, ikerketa dator, ideia horrek eskatzen dizunaren arabera. Arazo hori konpontzeko modua aurkitzeko ikertzen duzu eta arazoak teknologia eska-tzen badizu, arlo horretan sartu beharko zara. Baina beti ordena horretan.

Eskulturaren mugak gainditu ditu zure lanak, arkitektura eta diseinua ere aurki daitezke proposamenetan. Eroso sentitzen zara diziplinen arteko mugekin jolastuz?

Altzari baten bidez eskulturari buruz hitz egin dezaket. Espazioaren inguruko pisu kontzeptuala oso garrantzitsua da. Arkitektura da, diseinua edo eskultura? Hiruren artean dago. Agian horregatik esaten dute lan hibridoa dela, diziplina artean egotea gustuko dudalako. Ez nabil pieza egiten diziplina batekoa edo bestekoa dela esateko. Diseinuaren mundutik hurbil dagoen pieza batetik abiatuta, nola joan naiteke harago eta eskulturari edo instalazioari buruz hitz egin, beste diziplina bateko elementu baten bidez? Hori da egiten dudana.

Enkarguak egiten dituzu, eta horiek ere eskulturaz hitz egiten dute.

Bai. Mahai bat eskatu zidaten, orain instalazio bihurtzen ari naizena. Nire sorkuntzak beti ari dira erabiltzailea probokatzen, eurekin jolasteko edo, nolabait, bere egin ditzan.

Atzerrian izan zara duela gutxira arte. Nola sentitu zara bueltan? Badago artista sarerik Euskal Herrian?

Duela urte batzuetatik hona sare bat eraiki da. Esaterako, erakusketen aurkezpenetan guztiok elkartzen gara, unibertsitatetik atera berriak zein jada urteetako ibilbidea dugunok ere. Sarea egotea garrantzitsua da, bertan errespetua dagoelako. Eskuragarri egiten gaitu eta elitismoa zein hierarkia apurtzen ditu.

Estudio bat hartu duzu Bilbon. Denbora batez bertan gelditzeko asmoa omen duzu.

Hori da asmoa, bai. Baina 2013tik daramat horrela, Euskal Herrira bueltatu eta berriro ere joan behar izaten, kontu bat edo bestea dela. Orain lonja bat hartu dut Bilbon eta hemen errotzea da nire plana.