Antzerkia

Erantzungailuan utzitako mezuak

‘Utzi mezua seinalearen ostean’ antzezlana asteartean estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian, euskaraz. Lau emakumeren istorioak kontatzen dira bertan, eta haien erdian erantzungailu automatikoetan uzten dituzten mezuak daude

09.02.2020 | 19:11
Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz aktoreak. J. egaña

‘Utzi mezua seinalearen ostean’ antzezlana asteartean estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian, euskaraz.

Lau emakume eta lau istorio. Lehen begirada batean independenteak diruditen arren, haien artean harremana dute istorioek. Erantzungailu automatikoa dute ardatz, horren bidez bakoitzak gizonezko bati uzten baitizkio mezuak. Eta erantzungailuan berandu edo inoiz entzungo ez diren zenbait mezu jasotzen dira. Terapia pertsonal zein kolektibo ku-tsua ere badute mezu horiek, egun gizartean sor daitezkeen zenbait egoera lantzen baitituzte, zeharka bada ere. Istorio horiez gozatzeko aukera egongo da Utzi mezua seinalearen ostean antzezlanean. Bilboko Arriaga antzokian egingo da estreinaldia urriaren 15ean, euskaraz. Egun bat beranduago estreinatuko dute gaztelaniazko bertsioa.

Fernando Bernues da antzezlanaren zuzendaria, baina istorioa Arantxa Portabales idazleak idatzitako eleberrian dago oinarritua. Carmela, Marina, Viviana eta Sara adin eta gizarte maila ezberdinetako pertsonaiak dira. Bernuesek azaldu duenez, haietako bakoitzaren istorioa partikularra eta zaila da, baina momentu batean erabakitzen dute gertatzen zaiena kontatzea. "Pertsonaietako bakoitzak gizonezko banari uzten dizkio mezuak erantzungailu automatikoan, eremu intimo batean", azaldu du zuzendariak. Eta gaineratu du gizon horiek antzezlanean ageri ez badira ere, badagoela haien berri izateko aukera, haiek ezagutzekoa.

Carmelaren pertsonaia Mireia Gabilondo antzezleak gorpuzten du. Emakumeetan zaharrena da, eta minbizia du. Carmelak haren semeari etxeko telefonora deitu eta mezuak utziko dizkio erantzungailuan, semea Saharan baitago, GKE batekin lanean. Marinak, berriz, mutil-lagunarekin zuen harremana eten berri du; haren erantzungailua izango da helburu. Vivianaren kasuan, aita zenari deituko dio, inoiz azaldu gabekoak eta inoiz entzungo ez direnak kontatzeko. Sara da pertsonaietan gazteena, eta bere buruaz beste egiten saiatu ostean, psikologoa izango du bidelagun. "Istorioek harremanik ez dutela iruditu arren, aurrera egin ahala zilbor heste txiki bat badutela ikusten da", nabarmendu du Gabilondok. Miren Arrieta, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz antzezleak dira azken hiru pertsonaia horiek hezurmamitzen dituzten aktoreak.

Gabilondok dioenez, agertokian ia ez dago pertsonaien arteko interakziorik, haietako bakoitza haren etxean egongo bailitzan ageri baita. Hala ere, zuzendariak azaldu duenez, badute lotzen dituen toki bat: Galiziako herri ñimiño bat. "Herri txiki bateko istorioa da, eta beraz, emakumeek badute bata bestearen berri", adierazi du aktoreak. Hain zuzen ere, Portabales Donostian jaio arren, Galiziatik iritsitako etorkinak ziren gurasoak. Idazlea nerabea zela itzuli ziren haien jatorrizko herrira; istorioaren erdiguneetako bat da tokia.

TERAPIA KUTSUA Gabilondoren esanetan, lau emakumeentzako terapia kutsua du mezu horiek erantzungailu automatikoan uzteak. "Nire pertsonaiak azken deia egitean esaten du egindako deiek eta semeari kontatutako gauza guztiek sendatu dutela", dio Gabilondok. Eta berdin gainontzeko pertsonaiekin. Nabarmendu du mezu horien bidez identifikatu daitekeela emakumeetako bakoitzak egiten duen bidea zein den. Bernuesek, berriz, uste du terapia kolektibo baterako ere lagun dezakeela antzezlanak: "Finean, bizitzari aurre egiten erakusten duten lau emakume dira, momentu okerrenak gainditzeko ausardia dute".

Ia urtebete igaro da egun gutxi barru estreinatuko den antzezlanaren produkzioari ekin ziotenetik. Bernuesek Utzi mezua seinalearen ostean liburua irakurri ostean erabaki zuen haren adaptazio bat egitea. Portabalesekin hitz egin eta lan horretan hasi ziren. "Galiziara ere joan ginen istorioaren oinarrietako bat den herria ezagutzera, eta bertan egon ginen idazlearekin", kontatu du Mireia Gabilondok.

Uztaila eta abuztuan gaztelerazko bertsioa entseatu zuten, eta azken bi hilabeteotan, euskarazkoa. Izan ere, lehenbizi gazteleraz prestatu zuten antzezlana, eta ondoren landu zuten itzulpena. "Euskal Herriko aktoreek aurre egin beharreko zailtasun handienetako bat da hizkuntza ezberdinetako bertsioak egin behar izatea, baina erraz egiten dute", adierazi du Bernuesek. Eta gaineratu du aktoreentzako zein produkziorako "ahalegina" eskatzen duen egoera bat dela.

EMANALDIAK Urriaren 15ean Bilboko Arriaga antzokian eskainiko da obra, euskaraz. Gabilondok dio publikoaren feedbacka jasotzeko "gogotsu" dela taldea. Estreinaldi egunak Bilbon izan arren, ostean egongo da antzezlana herri ezberdinetan ikusteko aukera. Hala nola, Santurtzin, Basaurin, Donostian, Gasteizen edota Arrasaten. Areago, antzezlaneko lagunek nabarmendu dute "pixkanaka" ari direla emanaldi gehiago lotzen.