Patxo Telleria AKTOREA eta ANTZERKI ZUZENDARIA

“Historian umoreak beti bete izan du toki berdintsua, eta orain kolokan dago”

‘Simpliccisimus kabaret’ ikuskizun garaikidea da, nazismo garaiko pertsonaia eta gertakarietan oinarrituta egon arren. Patxo Telleriak idatzia, umorearen eta haren mugez hausnarketa egitea du helburu. Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute, azaroaren 26an

09.02.2020 | 20:53
Patxo Telleria

Umorea eta horrorea; barrea eta negarra. Simpliccisimus Kabaret ikuskizunak eskainiko dituen osagaietako bi dira. Nazismo garaian kabaretetan umorea oinarri zuten hiru komiko izango ditu antzezlanak oinarri, musika lagun duelarik. Pertsonaia konkretuen istorioak kontatu baino, gertaeren gaineko hausnarketa egitea da helburuetako bat, baita umorea eta haren mugak gogoan izatea ere. Kabaret garaikidea da, egungo gizartearen bizi erara egokitutakoa. Patxo Telleriak idatzitako lana da, eta zuzendaritza lanetan bidelagun izango du Jokin Oregi zuzendaria ere. Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute, azaroaren 26an. Sarrerak eskuragarri daude.

Liburu bat zure eskuetan izan ostean erabaki zenuen 'Simpliccisimus Kabaret' ikuskizuna idaztea. Zer dela-eta?

Kasualitatez irakurri nuen Heil Hitler. El Cerdo Esta Muerto (Biba Hitler. Txerria hilda dago) liburua. Rudolph Herzog idazleak idatzi zuen; Hirugarren Reich-eko umorea du oinarri, garai hartako egoerak gogoan izanda. Bertan komiko ezberdinei buruz hitz egiten zen; azaltzen da zer gertatu zitzaien, nola ibiltzen ziren nazien kontzentrazio esparruetan kabareta egiten. Ideia horretatik abiatuta sortu zitzaidan istorio hau kontatzeko ideia eta gogoa.

Eta ikuskizunaren titulua ere bertatik atera al zenuen?

Berlingo kabaret baten izena zen, lehen eta bigarren mundu gerren artean egon zena. Horrez gain, nobela pikaresko bateko protagonista ospetsu bat ere bazen; Espainiako literaturan Lazarillo de Tormesek betetzen duen lekua osatzen du Alemaniakoan. XVII. mendean idatzitakoa da. Beraz, bi elementu horiek kontuan izanda hautatu nuen titulua. Hala ere, ikuslearentzako ez dauka interes berezirik. Azken batean, ulertu behar dena da Simpliccisimus kabaret garaikidea dela, historia pixka bat tartekatzen duena.

Horretarako liburuan ageri diren hiru komiko eduki zenituen gogoan: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink.

Hori da. Berlingo kabaretetan antzezten zuten komiko batzuk ziren, umore politikoa egin ohi zuten; pentsa, kontzentrazio esparruetara eraman zituztenean ere jardun horretan jarraitu zuten. Haietako bi bertan hil zituzten, gasez itota eta erreta; batek, ordea, Finkek, bizirik iraun zuen. Halere, bertan zeudenean segitu zuten haien ofizioa egiten, baldintza ezberdinetan. Batzuetan, preso-kideei kontsolatzeko egiten zuten; beste batzuetan, haien borreroek, hiltzaileek eskatzen zizkieten, dibertitu zitezen. Batarentzako zein bestearentzako egiten zen umorea, ordea, ezberdina zen. Dena dela, umorea eta horrorearen arteko nahasketa halako toki batean nahastuta ikusteak arreta eman zidan, eta hori islatu nahi izan dut.

Beraz, haien lana askatasunez egin nahi izateagatik jazarpena sufritu zuten komikoei eginiko omenaldia al da antzezlana?

Ez bereziki pertsona konkretuei, baina esan daiteke baietz. Ikuskizunean pertsonaia konkretu batzuei buruz hitz egiten dugu; garai hartan garrantzitsuak izan ziren, baina egun erabat ahaztuta daude. Helburuetako bat da haien egoerak erakustea, zer eta nola bizi izan zuten. Pentsatu behar da orduko panorama politikoak drama eta bizitza berezi bat bizi-tzera eraman zituela. Gaur egun ere zenbait gauza gertatzen dira, eta hausnartu behar da. Historian zehar umoreak beti bete izan du toki berdintsua, eta gaur egun kolokan dago.

Umoreak garai ezberdinetan izandako bilakaera izango al duzue gogoan?

Finean, ikuskizunak denboraren eta espazioaren mugak hausten ditu. Kabaret garaikidea da gurea, eta historiako pasarteak tartekatzen ditugu. Jolasten dugu garai ezberdinetako kabaretekin, gaur egungo ikuspuntua kontuan hartuta.

Eta zeintzuk dira egungo kabaret batek behar dituen osagaiak?

Hasteko, kabaret batean musika asko egotea beharrezkoa da. Pieza asko konposatu ditugu, baita hitzekin ere. Adrian Garcia de los Ojos piano-jolea arituko da gurekin batera, bera izan da konpositorea, eta zuzenean eskainiko du musika. Gainera, aurretik ere egin dugu lan elkarrekin, Ez Dok Hiru musikalean. Horrez gain, ikuskizunean zehar momentu komiko eta dibertigarri asko ere egongo dira; horiekin batera baita une lazgarriagoak, latzagoak ere. Askotan, ikuslea hunkitu egingo da.

Eszenografia horretarako garrantzitsua al da?

Horrek ere ematen dio bizia ikuskizunari. Ikerne Gimenez izan da horren arduraduna. Kabaret bateko oholtza irudikatzen du zenbaitetan; beste batzuetan, berriz, hozkailu hotz bat izango da. Horrek gogora dakartza gas kamerak, kontzentrazio esparruetakoak. Biak dira kontakizunaren parte, eta, beraz presente daude oholtzan ere.

Pertsonaiak gorpuztuko dituzten aktoreak, berriz, hiru izango dira.

Hala da. Olatz Ganboa, Ylenia Bagiletto eta Getari Etxegarai antzezleak ziren hasiera baten protagonistak, eta Grunbaum, Gerron eta Fink gorpuztu behar zituzten. Baina azkenean Bagliettok ezin izango du egin, eta ni arituko naiz haren ordez oholtza gainean. Aldaketa horren ondorioz, zuzendaritza lanetan lagun bat izango dut alboan: Jokin Oregi.

Emakumeek gorpuztuko zituzten hiru gizonezkoak. Propio egindako hautu bat izan al zen?

Kabaretetan sexuen nahasketa, sexu banaketaren haustea betidanik egon da; gizonak emakume bilakatzea, eta alderantziz. Hori gorpuztu nahi genuen. Pertsonaia historikoa gizonezkoa bazen ere, berdin zitzaigun emakume batek egitea haren papera. Sexuen arteko mugak kabaretaren inguruan hautsi egiten dira, eta guk ere hori egin nahi izan dugu.

Hausteak egungo gizartearekin lotura egiteko aukera al dakar?

Egun ere egiten dira horrelakoak, dudarik gabe. Baina Berlingo kabaretetako irudiak ikusi besterik ez dago ikusteko egun modernotzat jotzen ditugun zenbait gauza garai hartan jada egiten zirela. Bi mundu gerrez ari naiz hizketan.

Beraz, umorea eta dramaren arteko nahasketa bat al da kabareta?

Hori da hasieratik buruan nuen ideia. Ura eta olioa nahastu nahi nituen, drama eta horrorearekin umorea bera. Finean, norbanako bakoi-tzaren bizitza bi osagai horiekin dago konposatuta, baita unerik dibertigarrienak ere. Barrea eta negarraren artean bilakatzen da norberaren bizimodua. Hobe barre gehiago eta negar gutxiago egin, baina horretaz gaude eginak. Gizakiok lurra, sua, ura eta airea garela diote, baina malkoa eta barrea ere bagara. Ikuskizun horretan bi osagai horiek egongo dira.

Horrek bide emango al dio ikusleari antzeztutakoaren gainean interpretazioak, hausnarketak egiteko?

Noski. Hori da asmoa. Ikusleari tresna batzuk eman nahi dizkiogu, ikus dezan garai horietan ez ezik egun ere gauza horiek gertatzen direla. Ez dugu dena argi eta garbi esaten, gauza batzuk ageri dira elipsian, baina zeharka bada ere hor daude. Galdera bat ere egiten dugu: egoera berdinean egonez gero, nola erantzungo zenuke? Hori ere inplizituki ageri da, ez da zuzenean egiten dugun galdera bat. Ikusleetako bakoitzari planteatzen zaio.

Hausnarketa propioa bideratzeaz gain, umoreaz eta haren mugez hausnartzeko aukera ere ba al dago? Adierazpen askatasuna ere hor dago...

Baita ere. Kasu honetan, pertsonaia hauen historian oso nabarmena da umorearen marra gainditu zutela; are gehiago, garai hartan umorean zilegitzat har zitekeen hori gainditu zuten. Eta baita larrutik ordaindu ere. Nazismoa gailentzen zen garai horietan, eta harekin gauza asko eramaten ziren muturreraino. Gaur egun ere badaude zenbait adibide. Zorionez, ez dira hain muturrekoak, baina umorearen gaineko kontrola badago. Boterea erne egoten da, eta norbaitek ezarritako muga hori gainditzearekin bat, prest dago gelditu eman eta ordainarazteko. Umorearen mugak eta haren arriskuak denbora osoan daude presente ikuskizunean.

Ikuskizunaren ekoizpenari dagokionean, noiz ekin zenion ideia martxan jartzeari?

Esan bezala, liburua nire eskuetara heldu ostean hasi nintzen ideia martxan jartzen. Bi urte inguru pasa dira orduz geroztik. Gerta-tzen dena da azken urte hauetan ez naizela buru-belarri aritu ekoizpenean, beste mila proiektutan ere egon bainaiz. Tarteka itzuli naiz kabaretera, eta idazten amaitu nuela bada urtebete inguru. Ikerketa lanak ere egin behar izan nituen. Finean, halako ekoizpenek denbora behar izaten dute, eta ohikoa da urteetan zehar luzatzea. Produktu bezala, berriz, ekainean hasi ginen ekoizten.

Hilabete barru egingo duzue estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian. Gogotsu al zaudete?

Hilabeteko entsegu saio bat egin genuen ekainean, eta orain baretzen utzi dugu. Gainera, eszenografia, jantziak eta bestelako materialak, osagaiak ere prestatu behar dira. Dena dela, orain berriz hasiko gara entseatzen, eta azken txanpari ekingo diogu. Bilbon estreinatuko dugu, baina ondoren bira egingo dugu herri ezberdinetatik. Sopelan, Oñatin, Soraluzen edota Gasteizen eskainiko ditugu emanaldiak.