HIRU hamarkada dira Sorotan Bele taldea sortu zenetik, eta urteurren horrek ospakizun berezia izango du aurten. Euskal Herriko hainbat bandekin egingo den ikuskizuna da Sorotan Bele Gogoan. Asmoa da herriz herri joatea eta tokiko bandek taldearen abestiak interpretatzea. Proiektu horretara batu dira Sorotan Beleko taldekide izan ziren Urbil Artola (Hondarribia, 1972) eta Gorka Sarriegi (Hondarribia, 1973) ere. Ikuskizunaren prestaketa lanetan ari dira orain; partituren moldaketak egiten, eta zein talderekin arituko diren zehazten, besteak beste. Hori dela eta, kontzertuak maiatza amaieran edo ekainaren hasieran eskaintzen hasteko asmoa dute.

BAPATEKO ERABAKIA “Sorpresaz” hartu zuen proposamena Urbil Artolak. Izan ere, Xabier Zabala musikariaren ideia izan zen proiektua martxan jartzea, eta bera ari da bandentzako konponketak egiten. “Komentatu zigun taldearen zalea zela, eta aspalditik zebilela ikuskizun hau egiteko gogoz”, azaldu du Sorotan Beleko partaide izandakoak. Artolak azaldu duenez, ikuskizun hau egitea proposatu ziotenera arte “aparkatuta” zeukan Sorotan Bele, eta “pare bat egunetan” erabaki behar izan zuten proposamena onartu ala ez: “Urteak igaro dira amaitu genuenetik, eta orain arte ez dut kantuak berreskuratzeko behar berezirik sentitu”, onartu du Artolak.

Kantuak han-hemenka entzun dituen arren, ez duela diskoa hartu eta entzuteko joerarik izan aitortu du Artolak. Hala ere, proiektu berezi bat zela pentsatuta, parte hartzera animatu zen. “Kantuak errepasatzean, berriz etorri zaizkit oroitzapenak burura”, azaldu du. Hala ere, hasieran zaila egin zi-tzaion Sorotan Beleren kantuak banda batek jota imajinatzea, baina proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkiotenean argitu zitzaizkion zalantzak. “Xabier (Zabala) eta Gorka (Sarriegi) aritu izan dira horrelako gauzak egiten, eta beraiek egiteko aukera ikusten badute, posible delako da”, adierazi du Artolak.

Sorotan Bele Gogoan ez da taldearen itzulera bat; urteurrena dela eta egingo den proiektu bat baizik, “kantu batzuk plazaratzeko modu bat”. Hori argi utzi nahi izan dute ikuskizunaren izenburuan ere. Horrekin asmatzea “garrantzitsua” zela uste du Artolak. Aitortu du taldea utzi eta urte batzuetara, berriz elkartzeko ideia sortu zitzaiela taldekideei, baina azkenean ez zela asmoa gauzatu. “Etapa bat izan zen, eta amaitu zen”, adierazi du.

Taldeko bi partaide bakarrik egongo dira ikuskizunean, eta gainerako musikariak herrietako bandetako kideak izango dira. Bandekin jo-tzea “oso ezberdina” izango dela dio Artolak. “Aldaketa handiak egongo dira; soinuak aldatuko dira, baita armoniak ere”. Ordubete inguruko emanaldia izango da, eta taldearen lehenengo diskoko abestiak interpretatuko dituzte. “Garaiko irudiak ere jarri nahi ditugu, baina oraindik forma ematen ari gara horri”, gaineratu du Artolak. Oraindik zehazteke dago zein bandek hartuko duten parte emanaldietan, eta gonbidapena proiektuan parte hartu nahi duten talde guztiei bidali diete. “Segun eta zein herritatik deitzen duten, herriko bandak nahiko balu, egingo genuke, eta udalerri horretan bandarik ez badago, agian alboko herrikoarekin egin daiteke”, iritzi dio Artolak. Deiak jasotzen ari dira, eta interesa duena harremanetan jarri daiteke Baga Biga disketxearekin edo proiektuan parte hartzen ari direnekin.

Ibilbide oparoa 1990ean sortu zen Sorotan Bele, eta 1996ko azaroaren 30ean eskaini zuten azken kontzertua, Irunen. Artolaren ustez, “intentsitate handiko urteak” izan ziren, eta oroitzapen “ederrak” dituela nabarmendu du. “Gazteak ginen, 18 urte inguru genituen, eta garai horrek bereziki markatzen zaitu”, uste du. Euskal Herriko udalerri txiki asko ezagutzeko aukera izan zutela azaldu du, bestela agian bisitatuko ez lituzketenak. Orain, distantzia batetik ikusita, sei urteko ibilbideak laburra eman dezakeela dio, baina Artolaren iritziz, hain biziak izan ziren, denbora “dezente” izan zela sentitzen du.

Oso ezaguna egin zen taldea 90eko hamarkadan, eta argitaratu zituzten hiru diskoekin nolabaiteko aztarna utzi zuten euskal musikan. Horren adibide da prestatzen ari diren ikuskizuna. Hondarribian sortutako zazpi kideko taldeak folk-rock musika hartu zuen ardatz, eta arrakasta handia izan zuen Euskal Herrian. Artolak azaldu du ingurukoek esaten zietela “leku guztietan” zegoela Sorotan Bele. Urte asko pasa diren arren, kantuek iraun dutela uste du Artolak, entzun direla han-hemenka. Musikariak kontatu duenez, taldea martxan zegoen garaian jaio gabe zegoen jendearen artean ere badituzte zaleak, eta “bitxia” iruditzen zaio hori. “Nahiz eta taldea bere horretan ezingo duten ikusi, izango dute kantuak zuzenean entzuteko aukera”.