Zinema zuzendaria

Lur Olaizola: "Asko sinisten dut zinean, horregatik egiten dut egiten dudana"

Zineak hitzetik haratago dauden errealitateak gerturatzeko ahalmena eta mundua eraldatzeko indarra duela uste du Lur Olaizola zine zuzendadiak. Zinebi jaialdian saria jaso zuen 'Zerua blu' lanagatik

08.03.2021 | 14:26
Lur Olaizola zinema zuzendaria

ZINEBI jaialdian, Espainiako film labur onenaren saria jaso zuen Lur Olaizola Lizarraldek Zerua blu lanagatik. Martxoaren 16an, Punto de Vista jaialdiko Paisaia sailean jarriko dute ikusgai bere bigarren lan hori. Xulia lehen lanarekin ikasitakoa lagungarri izan zuen Zerua blu film laburrean. Orain, hirugarren lan bat du esku artean.

Hilabete batzuk igaro dira 'Zerua blu' lanari esker Espainiako labur onenaren saria jaso zenuenetik. Ajea pasata jada ala oraindik emozioak pil-pilean?

- Horrelako sari bat jasotzen dudan lehen aldia da, eta nahiz eta hilabeteak pasa, oraindik ere poza sentitzen dut; gehienbat, horrelako sari batek proiektuak egiten jarraitzeko gogoa eta indarra ematen dizulako. Nik uste dut hori dela gehien nabaritzen dudana; gogo hori.

Momentuan bertan, kontziente al zinen sariak emango zizun indarraz?

- Egia esan, momentu oso pozgarria izan zen, kurioso samarra. Aurten, dakizuen bezala, ez da sari banaketa galarik egon Zinebin; etxean nengoen ni bakarrik telelana egiten, eta Twitter bitartez enteratu nintzen saria eman zidatela. Berehala jaso nituen dei pila bat, eta ilusio ikaragarria egin zidan, bai niregatik eta baita film laburra egin duen talde osoagatik ere. Izan ere, ni zuzendaria naizen arren, nire lana oso kolektiboa da. Beti da polita lan egiten duzun jendearekin ere ospa-tzeko aitzakia bat edukitzea.


Kontaiguzu; nondik sortu da 'Zeruan blu'?

- EKEk, Euskal Kultura Erakundeak, Uztari-tzen dauka artxibo bat, eta artxibo horretan ikerketa txiki bat egin nuen. Ipar Euskal Herriko ahozko memoria jasotzen dute; 2017tik gaur egun arte, elkarrizketa ugari egin dituzte, gehienbat, bertako biztanle helduei beraien bizitzari buruz galdetuz. Ipar Euskal Herriko jendeak zineko ikusle gisa zuen esperientzia ezagutzeko kuriositatea nuen nik. Hori izan zen abiapuntua, eta artxiboko kideekin lanean, beraiek erakutsi zidaten Mamaddi Jaunarenari Terexa Lekunberrik egin zion elkarrizketa. Eta elkarrizketa horretan berak kontatzen zuen zehatz-mehatz nola izan zen 1951n ikusi zuen pelikula hura. Istorio horrek erabat harrapatu ninduen, oso boteretsua zela iruditu zitzaidan, zineak zein indar eta eragin eduki dezakeen erakusten zuelako nolabait.

Zineak badu indarra, hortaz, zure ustez.

- Nik uste dut zineak badaukala mundua eraldatzeko indarra; iruditzen zait askotan, zinearen bitartez, imajinatu ditzakegun mundu horiek erakutsi eta partekatu ditzakegula. Modu berean, harritu ere egin ninduen, askotan, zinearengandik teoriatik pentsatzen dudalako, eta, bat-batean, ikusle bat ikustea, zeinek ez duen zinearekin inongo harremanik, eta nola kontatzen duen pelikula batek nola aldatu zuen bere bizitza€ Oso adibide zehatza iruditu zitzaidan, oso indartsua, batik bat, erakusteko zinearen bitartez gauzak aldatu daitezkeela.

Hori, baina, 1951. urtean izan zen. Zinearen indar hori, urteen poderioz, gutxitu ala areagotu egin da zure ustez?

- Nik jarraitzen dut sinisten zineak badaukala gauzak aldatzeko boterea; kontua da askotan gehien ikusten den zinea zinerik komertzialena izaten dela; hau da, jendeak eskura daukana, askotan, entretenitzeko egiten diren pelikulak izaten dira. Entretenimendua bada pelikula baten helburua ez da hain erraza eraldaketa baten nahia edukitzea. Agian, zine mota batek soilik eduki dezake gauzak alda-tzeko botere hori. Zineak, gainera, hitzetik haratago dauden errealitate horiek gertura-tzeko ahalmena daukala iruditzen zait. Asko sinisten dut zinean, horregatik egiten dut egiten dudana.

'Zeruan Blu'-n, Mamaddiren istorioa bere ilobaren eskutik deskubritzen dugu, memoriaren transmisioari lekua eginez pelikulan.

- Bai, hala da, memoriaren transmisioa egiten da pelikulan. Eta, bestetik, Mamaddiren bilobak Mamaddik berak bidaia egin zueneko adin bera dauka pelikulan, eta hori da, adibidez, zineak daukan beste gaitasun bat; alegia, denboran salto emateko aukera hori ere ematen du. Eta, bat-batean, pertsona bat beste bat bilakatu daiteke fikzioaren bitartez.

Memoriaz ari garela, Mamaddi izan zen kasu horretan Ameriketara abiatu zena, baina ez zen Euskal Herriko pertsona bakarra izan bidaia hori egin zuena. Memoria kolektiboari ere, keinu egiten zaio pelikulan.

- Bai, dudarik gabe, pelikulak keinu egiten dio gure historia kolektiboari. Azkenean, nire ustez, gure historiaren zati bat da Ameriketara garai hartan egon zen migrazioa. Kontua da, normalena zela mutilak joatea, ar-tzain lanetan, eta horregatik ere, Mamaddiren istorioaren berezitasuna; garai hartan emakume bati Ameriketara bakarrik joaten uztea oso kasu arraroa baitzen.


Eta jasotako sariak, aitortzak, norbere lana gehiago baloratzea egiten al du?

- Nik uste dut denontzat dela beti pozgarria, eta bai ematen dizula segurtasun handiagoa egiten ari zaren horretan jendeari gustatzen bazaio eta sari bat jasotzen baduzu. Nik uste dut, hala ere, oso garrantzitsua dela norberaren ideiak jarraitzea, eta, askotan, norbere ideiek ez dute bat egiten ematen diren sariekin. Baina, behin gertatzen dela, asko eskertzen duzu, eta egiten duzun lanarenganako segurtasun handiagoa hartzen duzu.

Segurtasun berarekin egin al zenuen, esaterako, 'Xulia' lehen lana? Lehen aldiak, bereziak eta bakarrak izaten dira sarri askotan, behin-tzat.

- Bai, egia esan, ikaragarri ikasi nuen prozesu horretan. Lehen aldiz egiten dituzun lanak ikasketaz betetako prozesuak izaten dira, eta nik Xulia-rekin asko ikasi nuen. Zeruan Blu-ren kasuan, nabaritzen nuen, dudarik gabe, Xulia eginda zegoela, bai erabakiak hartzeko momentuan, bai filmatzerako momentuan... Prozesuaren etapa askotan nabaritzen nuen dagoeneko lehenengoa eginda neukala.

Lehenengo lanetik bigarrenera esperientzia da aldatu den gauza bakarra?

- Alde batetik, esperientzia edukitzea da aldatu dena, dudarik gabe, baina, bestetik, gaiak berak markatzen du diferentzia bataren eta bestearen artean. Xulia-ren kasuan, heroina eta ihesarekin lotutako istorio bat zen film laburraren abiapuntua, eta uste dut gaiaren sakontasuna eta seriotasuna erronka bat izan zela niretzat. Agian, nire bizitza zeharkatzen zuen gai bat zen gehiago, eta horrelako proiektu bati aurre egiten diozunean badirudi zama handia edo zalantza asko gainditu behar dituzula prozesuan zehar. Bigarren lan honetan, gaia ere arinagoa izan da, zinea bera, gehien gustatzen zaidan zerbait; desiratik abiatzen den proiektu bat da.

Gaur egun, zinemagintzak nolako egoera bizi du? Esaterako, jendeak zinemara joateko ohitura galdu duela esango zenuke?

- Tabakalerako zine programaren koordinatzailea ere banaiz, eta azkenaldian ikusten ari gara saio guztietarako ari direla sarrerak agortzen. Badakit orokorrean beldur asko dagoela, badirudielako, agian, zine aretoak ixteko aukera egon daitekeela; baina gu, behintzat, jendea gogoz dagoela ari gara ikusten eta bizitzen.

Zu, adibidez, zinema aretoetara joaten den horietakoa al zara?

- Esango nuke orokorrean jendearentzako erosoagoa dela etxeko plataforma baten bitartez pelikulak ikustea, baina, aldi berean, iruditzen zait jendea gogoz dagoela zine aretoetara joateko. Niri, esaterako, ilusioa egiten dit zinera joateak. Niretzako ez dauka zerikusirik etxean pelikula bat ikusteak zine areto batean ikustearekin: ez bakarrik pantaila handi batean pelikulak hobeto ikusten direlako, niretzako testuinguruak ere pisua hartzen duelako; adibidez, etxean bakarrik bazaude iruditzen zait atentzioak beste modu batera funtzionatzen duela, mugikorra, esaterako, piztuta daukazu eta€ Plataformak aukera ona dira etxetik zinea ikusteko, baina kontua da plataformaren arabera ere, iruditzen zaidala edukiek askotan ez daukatela kalitate handirik; gainera, egiten dituzten aukeraketetan, askotan ez dira oso pelikula onak izaten. Dena den, etxean pelikula asko ikusten ditut; azkenean, nire lana da eta baita nire zaletasuna ere. Baina, pelikulak zinema areto batean ikustea nahiago dut, dudarik gabe.

Planak egin nahiak ala zineaz gozatzeko irrikak bultzatuta joaten al dira egun ikus-entzuleak zine aretoetara?

- Nik asko lotzen dut planak egiteko gogo horrekin, baina zinearentzat uste dut momentu honetan hori positiboa dela; nahiz eta ez jakin oso ondo zein den arrazoia. Eta horrela jarrai dezala. Iruditzen zait plan berezi horrek jarraituko duela urteetan. Agian, positiboegia naiz.

Eta zure lanek jarraituko al dute? Lehen eta bigarren lanez aritu gara€ Hirugarrenik badaukazu esku artean?

- Justu, proiektu berri batekin nabil; oraingoz, Hirugarren koadernoa da izenburua, ikusiko dugu zertan bukatuko den. Proiektu hau garatzeko Eusko Jaurlaritzak proiektu artistikoen ekoizpenerako ematen dituen lagun-tzetako bat jaso nuen. Ikusiko dugu noiz aterako den, baina horretan nabil.

Oraingoan ere, film laburra izango al da?

- Ez dakit oraindik zein iraupen edukiko duen. Ikus-entzunezko bat izango dela seguru, baina oraindik, ikerketa fase batean nago.

Más información