Hegazti errariak nola

Jone Bengoaren 'Kabia' izango da aurtengo Gasteizko Zurrunbilo antzerki jaialdiaren emanaldietako bat. Gasteizera lanera iritsitako emakumeen testigantzak hartu ditu hizpide lanak

09.05.2021 | 13:13
Jone Bengoa bera igoko da oholtzara 'Kabia' ikuskizunean.

Lanagatiko migrazioak ez dira kontu berri. Hain zuzen, 1960ko hamarkada bitarte, Arabako hiriburua askoren helmuga izan zen. Lurrak, industria eta beste sektore batzuetan bezala, etxeko lanak egitera etorri ziren emakumeak ere asko izan ziren, urteekin Gasteizen errotu egin direnak. Neskame lan horiek, ordea, eremu pribatuan izaten ohi ziren, eta horrenbestez, bizipenak, esperientziak eta anekdotak ere etxeko gotorrean geratzen ziren. Ideia horretatik abiatuta bada, idatzi du Jone Bengoa (Gasteiz, 1992) artistak Kabia izeneko antzerki-dokumentala. Datorren astean aurkeztuko du lehen aldiz, Gasteizko Baratza aretoan, 2021eko Zurrunbilo jaialdiaren harira.

Izeba du Bengoak maizter gisa etorri zen emakume horietako bat. Orduko istorioak, berriz, orain gutxi ezagutu ditu. "Esperientzia horiei garrantzia aitortzea da asmoa, emakumeei ahotsa ematearekin batera", azaldu du gasteiztarrak. Hala bada, Bengoak adierazi duenez, sorkuntza prozesu praktikoan murgildu aurretik, Gasteizera lanera joandako baldintza betetzen zuten emakumeekin bildu zen, gerora taula gainean jartzeko asmoz.

Kabia da etxea

Txorien migrazio bidaiak hartu ditu bere lanerako izenaren aitzakia. Hartara, hegaztiak emakumeak lirateke Bengoaren analogian, eta egilearen hi-tzetan "beste leku batetik iritsita kabia egin dute". Herrialdearen hiriburuan bizitzen geratutako etxea da kabia.

Nola aldatu da bizitza azken 60 urteetan? Iragan hurbila urrundu al zaigu? Inguruko emakumeen ahotsak entzungo bagenitu, zer entzungo genuke? Galdera horiek aurkezpen gutunean topatuko ditu ikusleak. Erantzun guztiak, aitzitik, ez ditu hain erraz aurkituko. Azkenengoari dagokionez, hala esan du antzerkigileak: "Emakume horiei galdetu diedanez, eta hitzak euren ahotan jarri ditudanez, esan daiteke erantzun egin dudala". Beste bietan publikoaren esku utziko du erantzun propioak topa ditzaten.

Jone Bengoa bera, eta bakarrik, igoko da oholtzara da ikuskizunean. Izaera eta asmo desberdineko atalek banatzen dute obra. Bengoak, zuzendari gisa hautu horren aldeko arrazoiez mintzatuko da batetik. Antzerkiaren partea lau "momentu" izendatu dituenen bitartez egingo du: andrazkoen azalean jarriko da, aipatu elkarrizketetako bizipenak oinarri. Alderdi teorikoagoa ere egongo da, fenomeno horren inguruko informazio objektiboa ere eskainiko baitu.

"Errealitate konkretuetatik abiatzen den momentuan eta istorioak izan ziren bezala kontatzen dituen momentuan dokumentala da lan hau", adierazi du sortzaileak, lanaren izaeraz ari dela. Informazio historikoaren gaineko trataera desberdinik egin ez duela azpimarratu du zentzu horretan, baina ez du ohiko ikus-en-tzunezko baten formatuan aurkezteko pieza. Izan ere, dramatizaziotik gertuago dauden elementuak ere badirela gaineratu du: pertsonaiak, istorioak, kutsu poetikoagoa duten zatiak, musika€

Erdibidean

Gasteizko Udalaren iazko Gazte Sortzaileak deialdiaren saritutako lanetako bat da Kabia. Hain zuzen ere, eskertuta ageri da halako deialdiak direla-eta: "Ekonomiaren aldetik oso ondo daude materiala lortu behar denean edo kolaboratzaileak behar dituzunean". Ildo horri eutsita gehitu du sortze prozesuak iraun bitartean, diru sarrera bat beharrezkoa dela, eta, maiz, diru-laguntzei esker ordu gehiago sar dakizkioke proiektuari. "Zabaltzeari dagokionez ere asko eskaintzen da egiten dioten propaganda". Laguntza horrez gain, bestelakorik ere izan du. Hannah Wheelan eta Marina Suarez izan ditu "kanpo begirada" gisa, eta TAE eta Baratza aretoekin kolaborazioan egon da halaber.

Proiektua, hortaz, labetik atera berri du. Zurrunbilo Jaialdiko emanaldia izango da publikoaren aurrean aurkeztuko duen aurreneko aldia, eta bukatu gabe du oraindik. "Gordin" eta "kozinatu gabe" dagoen lana dela dio antzerkigileak. Hala ere, badu helburu argi bat: jendearekin frogatu nahi du, erantzunak jasotzeko, eta erantzun horien gainean lanean jarraitzeko. "Pieza aldaketetara irekia dago", azaldu du.

Kabia ez da Bengoaren lehenengo lana, ordea. Madrilen urtetan egon da beste kide batzuekin batera sortutako konpainia kolaboratibo batekin eta haur-antzerkiaren munduan murgildurik. Gasteizen ere, bidea egin du, bereziki Baratza Aretoari eta Parasite konpainiei esker. Datorren larunbatean estreinatuko du Kabia, iluntzeko zazpietan.

noticias de noticiasdenavarra