Audience musika taldea

"Disko honen aurpegi guztiak ikusita ezagutu daiteke Audienceren figura orokorra"

Lau urteko isiltasun diskografikoaren ondoren, bederatzigarren lana kaleratu du 20 urteko ibilbidea duen Audience talde gernikarrak: LP bikoitza, 16 abesti eta ordubeteko musika

03.07.2021 | 11:10
Audience taldea

Audience musika taldeak bere bederatzigarren lana kaleratu du: Tolesdurak. Gaizka Insunza taldekidearen arabera, "orain arteko diskorik onena" da gernikarrena. Andoainen eta Gernika-Lumon lan berria aurkeztuta, "inoiz galtzen ez den ilusioarekin eta beharrezko urduritasunekin" da taldea. Ibilbidea hasi zutenetik 20 urte igaro diren arren, argi utzi dute ez daukatela taldea uzteko asmorik.

Lau urte igaro dira azken lana kaleratu zenuenetik. Atsedenaldia edo lan askoko tartea izan da?

-2017 bukaeran kaleratu genuen Isla diskoa, eta 2018 osoa diskoaren aurkezpenekin aritu ginen; 20 kontzertutik gora egin genituen. Ordutik, diskorik ez dugu kaleratu, baina 2019an, esaterako, Kalaportu bira potoloan sartu ginen. Joseba Sarrionandiaren abestien letretan oinarritutako proiektua izan zen; zuzeneko ikuskizuna. 2019an, jadanik, abestiak konposatuta genituen, eta abenduan abestiak grabatzen hasi ginen Garate estudioetan, Kaki Arkarazorekin. Hamar abesti grabatu genituen, eta handik hilabete batzuetara diskoa amaitzea zen gure asmoa, eta, bat-batean, pandemia iritsi zen. Beraz, bukatu gabeko hamar abesti genituen. Konfinamendua luzatu egin zen, eta konfinamendu horretan nork bere etxean, ideia musikal berriak izan genituen. Estudiora itzultzerakoan, lehendik grabatuta geneuzkan abestiak konpontzea, eta horrez gain, beste abesti batzuk grabatzea pentsatu genuen. Beraz, disko hau bi grabazio prozesuren ondorio da. Orain arteko isiltasun diskografikoak ez du esan nahi, hortaz, geldi egon garenik.


Bi disko ateratzearen ideia, beraz, ez da hasieran zenuten asmoa.

-Hasieran guretzat disko soil bat zen. Disko honetaz gain, gauzatu ez zen proiektu potolo bat geneukan aurreikusita 2020rako. Horregatik erabaki genuen 2019an estudiora joatea, apirilean proiektu horri ekiteko. Baina proiektu hori atera ez zenez, abesti berriak grabatzea erabaki genuen, eta ikusi genuen 16 abesti genituela; 16 abesti bata bestearengandik oso ezberdinak, 20 urte hauetan landu ditugun estilo ezberdinak jorratuta. Hala, 16 abesti horiek nola kaleratu genitzakeen pentsatzen hasi ginen. 16 abestiak argitaratzeko moduan zeudela ikusi genuen; gure ezinbesteko etapa baten isla zirela sentitu genuen, eta abestiak kaleratuko genituela pentsatzen hasi ginen. Abesti bakoitzak bere tokia behar du, eta ikusten hasi ginen, esaterako, bi abestik lehen abesti bezala funtzionatzen zutela, diskoaren hasiera bezala; bazeuden beste bi abesti, diskoa ixteko balio zutenak€ Izan ere, nire-tzako disko bat entzuten duzunean ez da gauza bera abesti bat disko baten hamaikagarrena izatea edo bigarren diskoko lehen abestia izatea. Diskoa bitan banatzea pentsatu genuenean, uste dut laino guztiak zabaldu zirela eta argia ikusi genuela, ikusi genuen hau zela diskoa ateratzeko modua. 16 abesti, ordubeteko diskoa, eta giro ezberdin nahiko.

16 abestitan, musika estilo ugari. Disko bakoitzak berea izango al du?

-Lan honek aukera ematen du disko bakoitzak era sakabanatuan funtziona dezan, baina, modu berean, uste dugu biak batera entzutean batasun bat ere sortzen dela, Audienceren osotasuna nabari daitekela. Estiloari dagokionez, lehen diskoan, batez ere hasieran, sartu ditugu rock gordina bezala definituko nituzkenak, zeinetan gitarra elektrikoak pisu gehiago daukan. Abesti organikoagoak dira, soinu aldetik nahiko gordinak. Aldiz, bigarren diskoan, konponketak preziosistagoak dira. Abesti batzuk, dibertigarriak ere badirela esango nuke; orain arte askotan erakutsi ez dugun gure aurpegi bat erakusten dugu. Edozein kasutan, ez nuke esango lehen diskoa guztiz gogorra dela eta bigarrena guztiz alai eta dibertigarria.


'Tolesdurak' deitu diozue zuon azken lanari, eta abestirik ez da izen horrekin. Nondik dator izen hori?

-Zuk objektu bat ondo ezagutzeko, begiratu behar duzu, goitik, azpitik, hegaletik€ Eta horrela hasten zara gorputz hori benetan ulertzen. Horregatik, Tolesdurak: gorputzaren ertz guztiak begiratu behar dituzu. Guk disko hau modu horretan ikusten dugu: Audiencek aurpegi ezberdinak ditu, eta disko honek dituen aurpegi guztiak ikusita ezagutu daiteke zein den Audienceren figura orokorra.

Egungo musika kontsumitzeko ohitura ikusita, LP bikoitza kaleratzea erabaki ausarta al da?

-Musika mundu honetan egotea, 20 urtez musikaren aktibitate hau jarraitzea, guretzako jada bada jarrera inkonformista bat. Musikaren mundua bataila handi bat da, eta 20 urteren ondoren, merkatuan jarrai-tzeak konpromiso bat adierazten du. Beti esan izan dugu gure karrera ibilbide luzeko karrera bat izango dela, eta uste dut bederatzigarren disko honekin erakusten dugula. Hartu ditugun erabakiak egungo merkatu musikalaren joeren guztiz kontra doaz. Batetik, disko bat kaleratu dugu pandemia baten erdian; eta datuak hoberantz doazela dirudien arren, ez dakigu zein baldin-tzetan emango ditugun, esaterako, kontzertuak. Bestetik, uda garaian gaude, eta beti entzun izan dugu uda garaian disko bat ateratzea ez dela erabakirik onena, eta hori ere, erabaki arriskutsua da. Eta, gainera, gaur egun, musika entzuteko berehalakotasuna bilatzen du jendeak; hainbeste artista eta abesti daude eskuragarri, jendea ez dela gai artista edo disko bat entzuteko bere sakontasunean. Guk gainera, binilo formatuan atera dugu azken lana, eta bikoitza, gainera. Beraz, gure ausardia edo konpromisoa adierazten dugu zentzu horietan guztietan.


20 urte eta bederatzi disko kalean. Zein puntutan dago Audience momentu honetan?

-Argi dago ez daukagula uzteko asmorik. Taldea uste dut osasuntsu dagoela, eta ilusioz gainezka. Niri, esaterako, ilusio ikaragarria egiten dit oraindik biniloak edo diskoak etxera heltzen direnean. Badago galdu dugun nolabaiteko inozentzia, baina bada baita ere bide honetan irabazi dugun esperientzia. Ondo ezagutzen dugu zeintzuk diren gure indar puntuak, eta oso ondo dakigu non kokatuta dagoen taldea eta norantz begiratu behar dugun. Taldean, modu kolektiboan, bizi ditugun esperientziek zein modu pertsonalean bizi ditugun egoerek badute eragina egiten dugun musikan.


Badago azken lan hau zuen ibilbide osoko disko onena eta osatuena dela esaten duenik. Hala dela uste duzue zuek ere?

-Niretzako, momentu honetan, zalantzarik barik, egin dugun diskorik onena da. Hau da harroen sentiarazten nauen diskoa, norbaiti disko bat erakutsi behar badiot, noski erakutsiko diodala gure azken diskoa. Disko bat kaleratzen duzun momentuan hain daukazu ilusio handia€ Horiek dira konposatu dituzun abestiak, eta, beraz, diskoarekin nolabaiteko identifikazioa sentitzen duzu; beraz, azkeneko diskoa beti da onena. Baina nik badakit denborak gaitasun bat ematen dizula diskoak baloratzeko. Adibidez, iraganeko diskoekin orain egin sailkapen bat egin dezaket, ez litzatekeena guztiz kronologikoa izango.


Disko horretan, badaude abesti bereziak, Gernikako Trinkete antitxokoari eskainitakoa, esaterako.

-Trinkete eta Audienceren artean harreman oso estua izan da beti. Trinketeko lehen kontzertua Audiencerena izan zen. Pandemia garaian itxi egin behar izan zen, eta pena izugarriarekin egin genuen, kulturari hainbeste eman dio, hain ondo pasatu dugu€ Gure bizitzako 20 urte onenak bertan pasatu ditugu. Diskoan sartu dugun abestia, omenaldi abesti bat da, Trinketeri gure maitasuna adierazten diona.

A-8an biolina jotzen egoten den Josebari egindako abesti bat ere jaso duzue.

-2019ko abenduan diskoa grabatzen hasi ginenean, fijatzen hasi ginen Gernikatik Andoaingo estudiorako bidean. Gogoratzen dut klaxona jo-tzen geniola, eta berak agurtu egiten gintuela. Bere kausaz gain, guri bere erresistentzia historia interesatzen zitzaigun. Audiencek 20 urte daramatza, eta arrakasta istorio bat bezala laburbiltzen dut, nahiz eta ez izan arrakasta komertziala. Baina bada erresistentzia historia bat ere, egin duguna egiteko hainbat arazori aurre egin behar izan diegulako. Eta pentsatzen dugu metafora ona dela Joseba autopistan egiten ari dena; berak bost urte daramatza, euri zein eguzkiarekin, egunero, bere aldarrikapena plazaratuz.


Oraingoan ere, kolaboraziorik apenas dago zuon lanean.

-Gure bederatzi diskoetan oso jende gutxik kolaboratu du; gure hirugarren diskoan, punteatze bat egin zuen Batiz gitarra jole gernikarrak. Gure kolaborazio lana Isla da; Kuban grabatu genuen, eta bertara joan ginenean bai kontratatu genituen musikari eta abeslariak. Baina gure gainontzeko diskoetan ez da beste kolaboraziorik. Disko honetako kolaborazio bakarraAudienceko kideon seme-alabek egin dute, azken abestian.

Kolaboraziorik ez, baina lana kaleratzeko beste hainbaten parte har-tzea izan duzue, modu batera edo bestera.

-Beste behin, autoekoizpenerako apustua egiten duen Bidehutsekin atera dugu diskoa; Nagore Legarretak atera dizkigu argazkiak, eta argazki horietan oinarrituta, lanaren azalaren diseinuan Gernikako Roberto Quintanak parte hartu du, beti bezala. Joseba biolin jolearekin grabatutako bideoa, aldiz, Amaia Badiolak zuzendu du.

noticias de noticiasdenavarra