Lanaren kanta eta Mailua abestien ostean, bere hirugarren eta azken abestiarekin aurkeztu du disko berria Vulk musika taldeak: Vulk ez da - abestiari zein diskoari izena ematen dion deitura-. Orain arteko esentzia mantenduta, aldaketekin datoz bizkaitarrak: ingelesez abestetik euskara hutsean egindako diskoa aurkeztuz, eta erritmo aldetik ere aldaketak gauzatuz. 2022ko bira prest dute: beraien gustuko taldeekin batera joko dute zenbait emanalditan, aurretik ezagunak dituzten lekuetan izango dira batzuetan, eta agertoki berrietara ere eramango dute euren musika beste hainbatetan.

Diskoari izena ematen dion hirugarren eta azken abestia aurkeztu duzue: "Vulk ez da". Nola definituko zenukete abesti hau?

Kantak bi parte ditu: lehenengo zatia oso indartsua da, zuzena, eta bigarren partea barrura begirakoa, lasaiagoa. Kanta, azken finean, gure taldeari bidaltzen diogun manifestu bat da, gure burua berresteko.

Abestiaren egiturak oso ondo islatzen du hori; askotan erabaki bat hartzen duzunean harrotu egiten zara zure erabaki propioekin, eta aho betez esaten duzu. Kantaren lehenengo zatia pixka bat txuloa da zentzu horretan.

Bigarren parteak, ordea, harrotasun manifestu baten atzean norbere buruarekin eduki behar den momentu lasai hori erakusten du. Erabaki bat hartzean egoten diren prozesuak islatzen ditu abestiak.

Vulk ere halakoa al da? Indartsua modu batean eta lasaia era berean?

Askotan esaten digute jarrera eszenikoa daukagula eta asko pozten nau jendeak hori sentitzen duela entzuteak. Hala ere, gu entseatzen gaudenean ez diogu gure buruari horrelako jarrera izatea eskatzen; inposatutako zerbait izango balitz txarto pasatuko nuke, maketatutako zerbaiten parte naizenaren sentsazioa izango nuke.

Hartzen ditugu erabaki batzuk, eta gero, erabaki horien baitan, barrenetik ateratzen da gure jokabidea. Esango nuke gauzak lasaitasunez hartzen ditugula, baina beste batzuetan lehertu egiten direla.

Zer da Vulk ez dena?

Halako esaldi zehatz eta indartsu bat botatzean, badirudi horrek baldintzatzen gaituela hein handi batean azaltzera zer den ez garena, baina nik uste dut modu bat dela gure oinak lurrean jartzeko, eta esateko harro gaudela egiten dugunaz eta inoiz baino harroago gaudela guk hartuko ditugun erabakiez.

Ez gara ez duguna izan nahi, eta, aldi berean, hori da gauza bat egunero erabakitzen dena. Nahiz eta erabaki prozesuan zalantzak eta eztabaidak izan, zure buruarekin bakarrik zaude, eta zure lana zuretzako da. Horregatik ez da, niretzat ez bada ez delako inorentzat.

Eta zer da Vulk dena?

Zer da? Ez dena ez, gainontzeko beste dena. Harrotasunari buruz hitz egiten du honek. "Vulk ez da" esaldiarekin ez dugu definituko momentuz zer nahi dugun, momentutik momentura ikusiko dugulako, eta ateak zabalik utziko ditugu. Ateak zabalik uzten dizkiogu denari, gauza bati izan ezik, momentuan egin nahi ez dugunari.

2018an Javier Marco Chavik bateria jotzailearen postua utzi zizun behin-behinean, eta ordutik, Vulken bateria jotzailea zara. Zer suposatu zuen zuretzat?

Vulken sartu nintzenean nire munduko talde gustukoena zen, eta orain bertan nago lanean. Aldaketa hori bere garaian pasatu zen eta geroztik Chavi oso presente egon da arlo askotan, baina dagoeneko ez dut aldaketa bezala ikusten, nire burua aspalditik sartuta dagoen taldearen beste pieza bat bezala sentitzen dut.

Taldea bera ere aldakorra izan da; taldekide orijinal bakarrak Julen eta Andoni dira, gero sartu zen Chavi, eta Alberto ondoren. Taldeak gaur egun daukan nolakotasunean guztiok izan dugu zerikusia. Taldearentzat aldaketa bat baino, uste dut gehigarri bat izan dela.

Vulken birsortzeaz hitz egiten du jendeak azken lanarekin. Birsortua izan behar al du Vulkek?

Hizkuntza aldatzeak egin dezake, agian, birjaiotza batekin lotzea, baina guretzat ez da horrenbesterako. Abiapuntu ezberdin bat izango dugu, baina ahaztu gabe aurreko guztia. Bat-batean ahaztuko bagenu aurreko guztia, ez nuke Vulkekin konposatzen jakingo. Are gehiago, batzuetan ahaztu egiten zaigu euskarazko kantak egiten gabiltzala orain eta lehen ingelesez.

Askotan konturatzen gara berriro haste bat dela, pandemiaren ostean ere, guztiontzako berriro hastea izan delako hein batean. Badago birjaiotze bat baino aurreko guztiarekin mimetizatuz. Ez da aldaketa bat, eraldaketa baizik.

Hizkuntzaz gain, beste aldaketarik ekarriko al duzue disko berriarekin?

Egia esan, diskoa nahiko frenetikoa dela esango nuke. Entzuleek nabarituko dute kantek aldaketa asko daukatela, erritmo aldaketa eta salto asko. Uste dut hori dela konposizio prozesua oso luzea izan delako.

Beti ditugu gure talde kuttunak, entzuten ditugunak, baina seguru duela zenbait urte entzuten genituenak eta egungoak ezberdinak dira, eta horren isla ere izan daiteke. Bestalde, Vulken esentzia mantentzen dugu, edo hori hala izatea gustatuko litzaidake, hori delako beti helburua.

Azken bideoklipean taldearen arteko konexio bat nabaritu daiteke. Zuek ere hala sentitzen al duzue?

Ni sarritan baterian oso kontzentratuta egoten naiz, baina batzuetan burua altxatzen dut eta ikusten dut gure arteko kimika. Vulkekin jotzen hasi nintzenetik nabari izan dut nik hori.

Ez dugu hitz egiten gure artean, baina begirada eta mugimenduekin beti jarri naiz ni oso bero. Abesti berriak jotzean ere hala gertatzen da, eta hori da niretzako politena.

Gustatuko litzaidake jakitea zer den egiten duguna hau lortzeko, horrela ez nuke inoiz galduko, beti jakingo nuke zer egin. Baina, zoritxarrez ez dakit, eta berez ateratzen da. Ateratzen jarraitzea da nire esperantza.

Ezinbesteko pieza izango da egiten duzuen horretaz gozatzea.

Niretzat hori da guztiaren motorra. Egia da modu profesional batera eramaten saiatzen ari garela, eta zentzu horretan lan bat bezala hartzen dugu, lan batek eskatzen duen seriotasunaz. Baina proiektuak marra hori pasatuko balu, gauzak egingo bagenitu egin behar direlako eta ez benetan nahi dugulako, egiteari utziko nioke.

Merezi duen seriotasunaz egiten saiatuko gara, baina lehenengo motorea ez balitz gure musika sentitzea eta esaten duguna sinestea, ez luke zentzurik izango. Bizitzako esparru askotan lortu ezin daitezkeenak lortzea da gakoa.

Zer dira zuzenekoak Vulkentzat?

Gure kantak jotzeko abagune izaten dira zuzenekoak, baina askotan pasatu izan da guretzat garrantzi handiko zerbait bihurtu direla.

Nire lana zein taldearena beti izango da ahalik eta fidelen jotzea gure kantak, eta ahalik eta hoberen egitea gure lana. Baina horrek ez du esan nahi beti hala izango denik. Batzuetan ez dugu modu berean sentituko kontzertua, dela inguruagatik edo dena delakoagatik.

Beti ezin da berezia izan, baina, ez dakit zergatik, askotan gertatzen da ez dela gure kanten interpretazio bat gertatzen, baizik eta bereziago bilakatzen direla, gure pelikula bat bailitzan. Zuzenekoa da egintza independente eta bere izaera daukan izate bat. Edo hala izatea gustatuko litzaidake, behintzat.

Elkarrekin batera jotzen, zuzenean, grabatu duzue diskoa oraingoan.

Diskoa zuzenean grabatu dugu, pistetan grabatu beharrean. Jende askok egiten du, eta nire ustez alde on zein txarrak ditu. Pistetan grabatuz gero, soinu garbia lor dezakezu, elementu asko sar ditzakezu eta makillatu egin dezakezu. Baina disko honetarako guztiok batera jo nahi genuen; prozesuan hala egin dugu, batera konposatu, batera jo. Eta diskoa hala grabatu nahi genuen, kantuek zentzua izan zezaten bermatzeko.

Modu ezberdin batean egin izan bagenu zitekeena zen abestiek soinu ezberdina izatea, eta guk konposatzerakoan lortutako esentzia mantendu nahi genuen. Disko honekin hala egitea erabaki dugu, kantak lokalean jo eta jo aritu ostean atera direlako baina horrek ez du esan nahi hurrengoetan hala egingo dugunik. Ateak zabalik utzi nahi ditugu, eta gero joango gara ixten nahi ditugunak.

Eta elkarrekin ibili zarete han eta hemengo agertokietan; toki handi zein txikietan. Garrantzitsuak al dira guztiak?

Ez diogu inoiz hasierako lekuetan jotzeari utzi; horietan jotzen jarraitu dugu, baina horiez gain, leku handiagoetan ere jo dugu. Oreka bat lortu dugu, ez hala izatea bilatu dugulako, baizik eta hala gertatu delako.

Leku handietan jotzen badugu ere, gure publikoarekin eta gure gauzekin egiten dugu. Askotan norberak antolatzen dituen kontzertuak izaten dira biribilenak, eta zeintzuk izaten dira horiek? Gure betiko leku ezagunenak.