"Oso idealizatuta dago aktoreon lana; desmitifikatze ariketa bat da antzezlana"

14.03.2022 | 17:28
Ainhoa Artetxe eta Graciela Doniz aktoreak Bilboko Arriaga Antzokiko plazan.

Aktore izateak dakartzan buruhauste eta ezinegonak bilduta ondu dute "Winona and Grace" antzezlana Ainhoa Artetxek eta Graciela Donizek. Alex Gerediagak zuzendu du obra, eta hilaren 22an estreinatuko dute euskarazko bertsioa Bilboko Arriaga Antzokian

Ospea, bidaiak, jendea ezagutzea, dirua, luxua€ asko dira hala edo nola aktore profesioarekin lotzen diren kontzeptu positiboak. Txanponak, ordea, badu hain xamurra ez den alde bat. Teloi atzean ikusezin geratzen diren korapiloen inguruan hitz egiteko asmoz sortu dute Ainhoa Artetxek eta Graciela Donizek "Winona and Grace" antzezlana. Umorez, eta irudi eszenikoek lagunduta ondu dute obra. Eurek sortua eta eurek antzeztua da, eta aitortu dutenez, gutxitan izaten da norberak egindako sorkuntza defendatzeko parada.

Zein da proiektuaren abiapuntua? Nondik dator antzezlana sortzeko ideia?

Ainhoa Artetxe: Hiru urte daramatzagu proiektuarekin. Aspalditik nahi genuen Alex Gerediagarekin eta Khea Ziater konpainiarekin lan egin. Elkartu ginen eta hasi ginen ideiak pentsatzen eta berak galdetu zigun: zeri buruz hitz egin nahi duzue? Gaia argi geneukan: bizitzaren desengainuaz hitz egin nahi genuen, heldutu ahala gertatzen den etsipen prozesu horretaz. Dena aktore profesioaren gorputzetik kontatuta.

Graciela Doniz: Gure proposamenean une batetik aurrera denok gure buruari egiten dizkiogun galderak daude: nor gara? Zer egin nahi dugu? Zer gertatzen da amets bat betetzen ez denean? Are, zer gertatzen da amets bat betetzen denean, baina ez denean espero zenuena? Hitzen dramaturgia eszenikoari irudiak ere gehitu dizkio zuzendariak, eta gure belaunaldiak asko baliatzen duen elementu bat da.

A.A.: Prozesua, oro har, luzea izan da. Baliabideak topatzea lehendabizi, idaztea ondoren, entseguak€ sorkuntza izan da oso luzea hona heldu ahal izateko. Orain dator parterik eskertuena, baina buelta asko eman dizkiogu proiektuari.

Zein izan da prozesu honen erronka nagusia zuentzat?

G.D.: Hasieran guk testua sortu genuenean egin genituen hainbat elkarrizketa emakumezko aktoreekin ez bakarrik gure esperientziaz hitz egiteko, baizik eta antzerkiaren industrian oro har dagoen egoerari buruz solasteko. Hasi ginen testu hori idazten, gero Alexek hartu zuen gidoia eta beste testu zati batzuk zein pelikuletatik hartutako testuak txertatu zizkion.

Niretzat zailena izan da gure hasierako ideia praktikan jartzean zer nolako oztopoak edo aldaketa eman diren. Nik beste irudi batzuk eraiki nituen nire imaginarioan eta gero hori nola aldatu den ikustea eta ulertzea erronka bat izan da.

A.A.: Ezinbestekoa da pazientzia izatea. Hori batzuetan frustrantea da, ez da hain erraza zuk nahi duzun tokira iristea zuk nahi duzunean.

"Zer gertatzen da amets bat betetzen denean, baina ez denean espero zenuena? "


Pertsonaiek eta istorioak badituzte zuen errealitatearekin bat datozen hainbat elementu komun: emakumeak dira, artearen industrian murgilduta dabiltza€ Zelakoa izan da erdi alter ego erdi metafora horrekin elkarrizketan aritzea?

G.D.: Nire pertsonaiak ez ditu bizi nik bizi ditudan zirkunstantzia berberak. Goya bat irabazi berri du, esaterako. Ni ez nago hor. Niretzako hori izan da erronka: heltzea pertsonaia batera ez dituena nire bizi baldintzak. Bai, aktorea da, bai, emakumea da, baina pertsonaia hau arrakastaren aparretan dago.

A.A.: Nire pertsonaia da egon daitekeena gurearen antzeko egoera batean. Ez da hainbeste aldentzen. Neska bat dabilena aktore izate borroka horretan, eta zelan bizitza, prekarietatea eta mundua bere kontra ari den. Hori da gazte askok dugun errealitatea. Eta bestea, Gracielaren pertsonaia, justu kontrara.

Berak lortu du amets hori edo bizitza idiliko hori. Kontua da gero agian ez dela hain idilikoa€ Fikzioaz gain, badaude gure gauza pertsonalak obran, noski. Geruza ezberdinak dauzka eta badauka autofikziozko atal hori. Batzuetan ez dakizu pertsonaia garen ala gu geu garen. Gainera, testuak gureak izanda ez da erraza muga hori non dagoen jakitea.

Zaila egin zaizue pertsonaren eta pertsonaiaren arteko jolas horretan ibiltzea?

A.A.: Erabakiak izan dira. Nik batzuetan galdetzen nion Alexi, zuzendariari: orain ni naiz ala pertsonaia? Eta berak oso argi zuen hori bereizi nahi zuela. Nik hasieran ez nuen ikusten. Uste nuen dena fikzio bat izango zela, baina berez obraren indargune nagusia hori da, oso pertsonala da.


Ainhoa Artetxe eta Graciela Donize aktoreak. ORTZADAR

Planteatzen dituzue aktore lana egiteak dakartzan arazoak€ zuentzat zeintzuk dira korapilo horiek?

G.D.: Prekarietatea da arazo nagusia. Eta, horrekin batera, hitz egiten dugu baita ere aukeratua izatearen presioaren inguruan. Izan ere serie, antzezlan, pelikula€ bat egiteko aukeratu behar zaituzte, eta orduan galdera da: zer egin behar duzu norbaitek aukeratu zaitzan? Aktoreon mundua oso selektiboa da.

A.A.: Oso mundu bortitza da artearen industria. Badauka parte oso polita, baina parterik zailena oso bortitza da. Ezjakintasunez beteriko bidea da. Ez dakizu inoiz lana edukiko duzun ala ez. Guk hori islatu nahi genuen, uste dugulako hori dela aitzakia oso on bat hitz egiteko gazteok bizi dugun prekarietatea buruz, hori islatu ahal izateko.

Zuk uste duzu bizitza izango dela era batekoa, eta gero ez da horrela. Ez bakarrik gure profesioan, baina bazen oso aitzakia ona "el sueño americano" horrekin apurtzeko. Guk obra honetan erakusten dugu profesioaren egiazko parte bat. Askotan oso idealizatuta dago pelikuletan, serieetan... desmitifikatu egin dugu aktoreon profesioa.

G.D.: Horrez gain, asko hitz egiten dugu askotan emakume izateak dakartzan arazo gehigarriez. Irudiaren gaineko presioa ikaragarria da. Denok daukagu hori, baina batez ere aktore munduan beti jarri behar duzu gorputza lehen lerroan, oholtzan zaude eta zure gorputza beti dago hor.

A.A.: Saiatu gara perspektiba feminista batetik sortzen antzezlana.

"Fikzioaz gain, badaude gure gauza pertsonalak obran. Batzuetan ez dakizu pertsonaia ala gu geu garen"


Zer eragin nahiko zenukete obra honen bitartez publikoan?

A.A.: Gustatuko litzaidake jendea ateratzea antzerkitik gazteok gaur egun bizi dugun egoeraren inguruko hausnarketa batekin. Jendeak identifikatzea egoera horiek eta horrekin buruan joatea.

Era berean, uste duzue antzerkia ez dela baloratzen gizartean?

G.D.: Ba, hori askotan gertatzen den zerbait da eta oso zaila da hori aldatzea. Artean beti dago lan pila bat, ordainduta ez dauden ordu pila bat, ezin dira ezta kontabilizatu ordu horiek. Beti daude proiektu asko oso interesgarriak bide erdian geratzen direnak.

A.A.: Hausnarketa hori ere badago obran: jendeak ulertzea zeinen zaila den aktore izatea. Ametsen eta espektatiben inguruan ari gara.

Gauza gordinak azaltzen dituzue, kezka sakonak, baina horretarako tonu umoretsua erabiliz.

A.A.: Bai, bai, zalantzarik gabe komedia da. Baina uneoro ari da gora eta behera obra. Bat-batean barrezka ari zara, eta hurrengo unean badator batere barregarria ez den pasarte bat. Eta gero berriro pasarte barregarri bat. Horrela uneoro jolasten ari gara.

Hori hasieratik sortu nahi zenuten sentsazioa da?

G.D.: Hasieratik bageneukan nahi hori, freskoa eta arina izatea nahi genuen.

A.A.: Zuzendaria arduratu da gora-behera horiek gerta daitezen, denak erritmo hori jarrai dezan. Gordina da antzezlana, baina era berean esperantza transmititzen du. Ez da drama bat. Atsegina da, eta hori nik uste inportantea dela. Jendeak behar du ilusioa ez galtzea. Ilusio hori badago. Oso xamurra da. Goxotasuna transmititzen du.

Eszenografiak garrantzi handia du obran, zinema kutsu hori du€

A.A.: Alexek beti sortzen ditu film eszenikoak, antzerkia da baina zinemarekin nahastuta. Antzerkia da, baina zinema ere badago. Bi elementu horiek nahastea interesgarria da. Parte batzuk grabatuta daude, edo aldi berean gertatzen dira gauzak oholtzan eta pantailan. Konpainiaren bereizgarri bat da eszenografia estilo hori. Beti egiten dute estetika hori. Oso interesgarria da, pelikularen eta antzerkiaren artean dabil obra.

Prozesu luzearen ondoren, estreinaldia heldu da. Gaztelaniazkoa lehendabizi, euskarazkoa laster. Nola sentitzen zarete?

G.D.: Oso pozik. Nik uste dena den bolo gehiago egitea falta zaidala perspektibarekin ikusteko.

A.A.: Gogoekin egiten jarraitzeko. Egiten jarraitzeko grina. Nik uste inportantea dela ere obra hau jende gaztea antzerkira hurbiltzeko. Jende gazte asko ez dator antzerkira ohitura faltagatik, informazio faltagatik€ Oso amu ona izan daiteke antzezlan hau gazteak erakartzeko.

Eta zer izan da prozesuaren ederrena?

A.A.: Plazer bat da gure kezken inguruko obra bat egin ahal izatea. Askotan besteen testuak eta ideiak defendatzen egoten gara, eta hori ondo dago ere, baina zuk hitz egin ahal izatea hitz egin nahi duzunari buruz, aukera hori ikaragarria da. Aukera hori ez da askotan izaten bizitzan eta ni eskertuta nago sortu dugunarekin.

G.D.: Niretzat pertsonaia honekin denbora asko pasa ahal izatea plazera eta ohorea da. Amets bat ere bada.

noticias de noticiasdenavarra