ordizia - Ordiziako Altamira pista bigarren etxea da Joseba Berasain legorretarrarentzat. Egunero izaten ditu entrenamenduak, asteburuetan ezik, baina orduan txapelketen txanda izaten da. Orain gutxi Espainiako Selekzioarekin lehiatu da, eta duela bi aste eskuratu zuen orain arteko markarik hoberena: 16.12 metro.

Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin aritua zara?

-Bai, baina kontzentrazioetan bakarrik, lehiatzen oraingoa izan da lehen aldia. Nire entrenatzailea den Odei Lopezi esan zioten aurreselekzionatuta nengoela, egiten ditugun txapelketetako emaitzei jarraipena egiten die. Azkenean ni hautatua izan nintzen.

Zer nolako esperientzia izan da?

-Egia esan behar bada hasiera batean ez neukan ilusio handirik, baina bertan ondo pasatu nuen, gustura egon nintzen, gainera joan zirenetako asko ezagutzen nituen eta beste batzuekin egoteko aukera ere izan nuen.

Eta marka aldetik?

-Nahiko eskas. 15.99 zen ordura arte nire markarik onena eta 15.70 bota nuen. Hirugarren postua eskuratuta itzuli nintzen etxera, baina sentsazioa nahiko gazi-gozoa izan da.

Noiz hasi zinen pisua edo harria jaurtitzen?

-15 urte inguru izango nituen. Behin taberna batera afaltzera joan eta Odei bertan zegoen. Hark esan zidan probatzeko eta halaxe egin nuen. Lehenengo aldietan nahiko zaila egiten bazitzaidan ere, hobetzen joan nintzen. Pentsa, ia serioago hasi nin-tzen urtean bertan Euskadiko Selekzioarekin konpetitzeko deitu ninduten eta horrek eman zidan indarra, behar nuen motibazioa. Gainera, lehenengo urtea, Malagara bidaia... oroitzapen oso onak ditut.

Gogor lan egin beharko da emai-tza onak lortzeko.

-Bai, astean bost entrenamendu egiten ditugu. Indarra, pisua edo harri handiagoekin entrenatzen dugu. Nik zazpi kilokoa jaurtitzen dut txapelketetan, baina entrenamenduetan bederatzikoarekin egiten ditut saiakerak. Jaurtiketak eta teknika ere lantzen dugu, eta esplosibitatea ere bai. Bestalde, abiadura lortzeko saltoak ere egiten ditugu. Segundu bakarra baino gutxiagoan eman behar duzu daukazun guztia, eta hori ondo entrenatu behar da emai-tza onak lortzeko. Mentalki ere fuerte egon behar zara, noski.

Zaila da marka batekin ez obsesionatzea?

-Konpetitzen jakin beharra dago eta beti ez da erraza izaten. Urduritasuna presente egoten da, are gehiago gaztetxoa izanda zaharragoen kontra aritzen bazara, askotan kokiltzea normala izaten da eta hori gertatuz gero behar den adrenalina guztia ez da askatzen. Nik normalean entrenamenduetan baino gutxiago bota-tzen dut txapelketetan, kosta egiten zait ondo konpetitzea.

16 metro jaurtitzea zenuten denboraldi hasierako helburua eta lortu duzu.

-Bai, joan den asteburuan lortu nuen nire marka hobetzea. Orain arte hortxe neukan, 15.99an, baina Malagan ligako bigarren topaketan 16.12 metro bota nituen. Kasu horretan Errealarekin konpetitu nuen, Ordiziako taldea haren filiala da.

Zentimetro gutxiren gorabeherak emaitza asko aldatzen du.

-Zentrimero bat ia ez da ezer, baina hork markatzen du etxera gustura joatea edo ez.

Hala ere, ia 13 zentimetroan hobetu duzu zure marka pertsonala.

-Bai, iaz teknika aldaketa bat egin genuen eta nik uste eboluzio oso positiboa izaten ari naizela. Lineal botatzetik orain pisuari bueltak ematen dizkiot, giratu egiten da. Horrek asko lagundu didala esango nuke. Hasieran kosta zitzaidan horri ere bere neurria hartzea, baina orain oso gustura botatzen dut horrela.

Behin marka hobetuta, non duzu helburua?

-Niretzako hobby bat da hau, seriotasun handiarekin hartzen dut, ez da denbora pasa bat. Hala ere, badakit ez naizela hemendik biziko eta helburu nagusia ondo pasatzea eta ondo konpetitzea da, besteei zaila jartzea irabaztea. Hala ere, onartu behar dut orain 16.50eko marka lor-tzea gustatuko zaitzaidala; gainera, herriko harakinak esan zidan hala egiten banuen txuleta bat oparituko zidala, beraz, hori lortzea oso ondo egongo zen.