donostia - Atseden hartzeko ia astirik gabe, Urrak erronka berri bati helduko dio gaur Sunbillan, Ramón Latasa Sarian (19:00etan). Zarauztarrak eta Aimar Irigoienek beste behin neurtuko dituzte indarrak harri txikiekin, baina oraingoan lehia erlojuaren kontra izango da. Irabazleak ahalik eta azkarren hamarna altxaldi egin beharko ditu 125 kiloko errektangularrarekin, 125 kiloko koparekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin.

Uztailean, Urra Irigoieni nagusitu zitzaion Euskadiko zein Gipuzkoako Txapelketetan. Euskadikoan, Sunbillan erabiliko dituzten harri berberekin jardun zuten. Gipuzkoakoan, zarauztarrak 89 altxaldi egin zituen guztira: 36 koparekin, 24 kubikoarekin eta 29 bolarekin. Errezildarrak, berriz, 34, 23 eta 28 jasoaldi eman zizkien harri horiei.

Dena den, Ramón Latasa Sarian ohikoa den legez, aizkora izango da nagusi, punta-puntako parte hartzaileekin. Bost bikote lehiatuko dira Nafarroako herrian: Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi, Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño, Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi, eta azkenik, Xabier Orbegozo eta Jon Rekondo. Guztira hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako enbor moztu beharko dituzte.

Beteranoek ere protagonismoa izango dute. Aurten, Anjel Arrospide eta Joxemiel Peñagarikano gipuzkoarrak Miel Mindegia eta Donato Larretxea nafarrekin nor baino nor arituko dira.

Ousmane Drame, bestalde, 100 kiloko txingekin marka berria lortzen saiatuko da. - N.G.