BILBO. Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Panaman izango da Euskal Selekzioaren partida ikusteko. Jaurlaritzatik esandutenez, joan-etorriko bidaia laburra izango da. Horrez gain, asteazkenean eta ostegunean izango diren ekitaldietan izango da Zupiria.

Asteazkenean, goizetik, Manuel Arias Panamako Futbol Federazioko presidentearekin bilduko dira Jaurlaritzako ordezkariak; ostean, Panaman bizi den euskal komunitatearekin ere bilduko dira.

Asteazken eguerdirako, Guardia Jaen kontsulari egingo zaion omenaldia antolatu da. Panaman bizi diren euskaldunek sortutako Casa Urrutia jatetxean izango da, eta han izango da Guardia Jaenen semea, Laurencio Guardia, bere emaztea eta alabarekin batera.

"Bidaia honen helburuetako bat da Eusko Jaurlaritzak Guardia familiarekin duen zorra kitatzea. Euren eskuzabaltasuna gogoratu eta omendu nahi dugu. Eskertu egin nahi dugu Guardia jaunak erakutsi zuen konpromisoa Agirre Lehendakariak zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzarekin", azaldu du Zupiriak.

KONPROMISOA

Jaurlaritzak gogoratu du Guardia Jaenen konpromisoa funtsezkoa izan zela Agirre lehendakariari laguntzeko Amerikara erbesteratzen. "Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz" liburuan eta beste zenbait dokumentutan gogoratu zuenez, era guztietako laguntza emateaz gain, Panamako nazionalitatea eskaini zion. Horri esker, Juan Andrés Alvarez Lastra izena hartuta, Amerikara iritsi ahal izan zen Agirre lehendakaria, Europa eta hasita zegoen II. Mundu Gerra atzean utziz.

Bestalde, asteazken arratsaldeko 20:00etan (ostegun goizaldeko 03:00ak Euskadin), Panamaren eta Euskal Selekzioaren arteko partida jokatuko da, Rommel Fernandez estadioan. Laurencio Guardiak egingo du ohorezko sakea partidan.

Azkenik, Euskadira itzuli aurretik, Bingen Zupiria eta Jon Redondo aurki Panamako presidente izendatuko duten Laurentino "Nito" Cortizorekin bilduko dira. Maiatzaren 5ean hautatu zuten Cortizo presidente berri, eta uztailaren 1ean hartuko du kargua.