Prezio guztiek gora egiten dutenean: nola aurreztu?
Elikagaiak erostea garestiagoa da orain; sentsazio orokorra argia da: dirua ez da berdin iristen. Ez da bakarrik pertzepzio bat. Inflazioa, neurri handi batean energiaren prezioak eta nazioarteko ziurgabetasunak bultzatuta, euskal familien erosteko ahalmena murrizten ari da. Horren aurrean, nola aurreztu dezakegu?
Erosketak egitea orain garestiagoa da. Berdina gertatzen da kotxearen depositua betetzerakoan, orain garestiagoa da. Eta honek familietan sentsazio orokorra ematen du: dirua ez da berdin etxeetara iristen, eta hori gero eta nabarmenagoa da eguneroz eguero. Alegia, ez da pertzepzio hutsa, baizik eta gero eta jende gehiagok partekatzen duen errealitatea. Inflazioa, neurri handi batean energiaren prezioak eta nazioarteko ziurgabetasunak bultzatuta, familien erosteko ahalmena murrizten ari da. Egoera honek zuzenean eragiten du eguneroko erabakietan, eta horregatik gero eta gehiago nabaritzen da poltsikoan. Ondorioz, kontsumoa bera ere aldatzen ari da pixkanaka.
Baina bada gauza garrantzitsu bat argi edukitzea komeni dena: testuinguru honetan, dena ez dago ekonomia globalaren menpe. Alderdi garrantzitsu bat da nola kudeatzen dugun eguneroko dirua etxean. Eta hor egiten dute huts familia askok. Zein da akatsik ohikoena? pentsatu gabe gastatzea (normala badirudi ere). Hala, dena igotzen denean, erraza da ideia arriskutsu batean erortzea: “Aurrezteak ez du ezertarako balio”. Baina kontuz ibili behar da. Izan ere, pentsamendu horrek erabaki oldarkorretara darama zuzenean. Kontrolik gabeko gastu txikiak badira ere, zulo handia egiten dute hilaren amaieran.
Hala ere, arazoa ez da bakarrik zenbat irabazten den, baizik eta nola gastatzen den, azaltzen du erreportaje honetan Jon Barrundia EHUko ekonomilaria. Jon Barrutia EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa izan da. Enpresa Ekonomiako Doktore eta Katedraduna da, EHUko Ekonomia Gaietarako errektoreordea izan da, Enpresari Aplikatutako Ekonomia Institutuko idazkaria, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanordea, Euskoikerreko patronatuko kidea eta Finantza Ekonomia II saileko zuzendaria. Erreportaje honetan azaltzen duenez, jarrera arrazionalagoa hartzeak ez du esan nahi okerrago bizi garenik. Hobeto erabakitzea esan nahi du.
Hala, testuinguru ekonomiko zalantzagarri honetan, inflazioak bere horretan jarraitzen duen bitartean eta dena garestitzen ari den sentsazioa gero eta zabalduago dagoenean —soldatak erritmo berean igotzen ez diren bitartean—, badago eguneroko espazio bat non familiek kontrol pixka bat berreskuratu dezaketen ahalegin handirik egin gabe: eguneroko erosketan. Hain zuzen ere, hozkailua betetzea bezalako ohiko keinu horretan pilatzen da hileko gastuaren zati handi bat, eta, aldi berean, hor dago egokitzeko tarterik handiena bizi-kalitateari uko egin gabe. Hala, ekonomialariak ohartarazi duen bezala, gaur egungo egoeran ohiko akatsetako bat inertziatik jokatzea da, aurreztea alferrikakoa dela pentsatzea. Baina errealitatea bestelakoa da: prezioek gora egiten dutenean, erabaki bakoitzak are gehiago balio du. Praktikan, horrek esan nahi du erosten denari arreta handiagoz begiratzea. Izan ere, ez dira produktu guztiak neurri berean garestitu, nahiz eta kontrakoa iruditu.
PREZIOAK
Batzuek igoera handiak izan dituzte, baina beste batzuk apenas aldatu dira, eta horiek identifikatzea da gakoa. Horretarako, ordea, denbora eta ohiturak aldatzeko prestasuna behar dira. Prezioak konparatzea, nahiz eta nekagarria izan, tresna baliotsua bihurtzen da.
Gauza bera gertatzen da markekin: urte luzez ohiturak edo prezioarekin lotutako kalitatearen pertzepzioak gidatu dituzte erabakiak, baina gaur egun logika hori kolokan dago
Gauza bera gertatzen da markekin: urte luzez ohiturak edo prezioarekin lotutako kalitatearen pertzepzioak gidatu dituzte erabakiak, baina gaur egun logika hori kolokan dago.
Aukera merkeagoak badaude, eta askotan balio bera eskaintzen dute. Horri gehitu behar zaio plangintzaren garrantzia: supermerkatura zerrenda batekin joatea gastu inprobisatuak saihesteko modu eraginkorra da. Eta azkenik, oinarrizkoetara itzultzea: denboraldiko produktuak merkeagoak eta kalitate handiagokoak izaten dira, eta berriro ere protagonismoa hartzen ari dira. Ez da gutxiago erostea, hobeto erostea baizik.
ENERGIA
Antzeko zerbait gertatzen da familien beste gastu handi batekin: energiarekin. Hemen, arazoa ez da aukerarik eza, baizik eta inoiz zalantzan jartzen ez diren ohiturak. Beti gasolindegi berean erregaia hartzea, argi edo gas kontratuak berrikusi gabe uztea edo etxean beharrezkoak ez diren kontsumoak mantentzea oharkabean egiten diren erabakiak dira, baina poltsikoan eragin zuzena dute.
Horregatik azpimarratzen du Barrutiak arrazionaltasunaren ideia: adibidez, erregaia erosi aurretik prezioei begiratzea keinu txikia dirudi, baina desberdintasunak daude. Era berean, joan-etorriak antolatzeak edo erosketak bateratzeak kontsumoa murrizten laguntzen du. Etxean, tarifak berrikustea edo “kontsumo fantasma” deiturikoak ezabatzea —standby egoeran dauden gailuak, beharrik gabe piztutako argiak— urrats sinpleak dira, baina errepikatuz gero, benetako eragina dute.
“Akats nagusia arrazionalak ez izatea da. Askotan, jasotzen dugun informazioaren inpaktu alarmistagatik, epe laburrera jotzen dugu: aurrezteak ezertarako balio ez duenez, gastatu egiten dugula pentsatzen dugu, eta gero ikusiko dugu. Eta hori akats garrantzitsua da. Arrazionaltasunez gastatu behar da beti. Eta arrazionaltasunez gastatzeak esan nahi du prezioak arrazoizkoak izaten jarraitzen duten produktuei erreparatzea, halakoak daudelako. Adibidez, Espainiako Gobernuak badu webgune bat Estatuko gasolindegi guztien prezioak denbora errealean markatzeko. Horrek aukera ematen du gasolindegiz aldatzea komeni den alderatzeko eta erabakitzeko, nahiz eta kilometro gutxi batzuetara egon”.
“Eta hau, oro har, ez dugu egiten. Elikaduran gauza bera gertatzen da: produktu batzuek eragin txikiagoa dute prezioen igoeran, baina horiek aurkitzeak erosketa neketsuagoa egiten du. Kontsumoan ere jarrera zorrotzagoa hartu behar dugu. Batzuetan oso markistak gara eta balio bera duten ordezko produktu merkeagoak daude. Arrazionaltasunaz ari naizenean, carpe diem eta kontsumo oldarkorraren sentimenduei jaramonik ez egiteaz ari naiz, baizik eta erabaki kontzienteak hartzeaz”. Gainera, hau guztia testuinguru bereziki ezegonkor batean gertatzen da.
Energia-kostuak etengabe mugitzen dira, baina aldaketa horiek ez dira kontsumitzailearengana berehala iristen. Prezioak azkar igotzen dira, baina poliki jaisten dira. Petrolioaren edo beste lehengai batzuen prezioa jaitsi arren, asteak behar dira hori egunerokoan nabaritzeko. Egoera horrek frustrazioa sortzen du, eta askotan beti galtzen dela pentsarazten du. Horregatik, “lehen bezala” egon arte itxarotea ez da estrategia bat. Egokitu egin behar da.
Egokitzapen hori, gainera, ez da soilik ekonomikoa, mentala ere bada. Urte luzez kontsumoa automatikoa izan da: gehiegi pentsatu gabe erosi, gastu batzuk saihestezin bezala onartu eta erabakiak atzeratu. Baina gaur egun, eredu horrek ez du balio. Aurreztea ez da soilik diru kontua, baizik eta ikuspegia aldatzea. Erosi aurretik pentsatzea, beharrezkoa dena lehenestea eta “gero ikusiko dugu” saihestea funtsezkoa da. Ez da etengabeko murrizketan bizitzea, baizik eta kontrol pixka bat izatea.
Eta ikuspegi hori are garrantzitsuagoa da erabaki handietan, bereziki etxebizitzarekin lotutakoetan. Hemen ziurgabetasuna handiagoa da. Euriborraren igoerak hipotekak garestitu ditu, eta alokairuaren merkatua tentsionatuta dago. Hala, familia bakoitzak bere egoera aztertu behar du: lan egonkortasuna, aurrezteko gaitasuna eta benetako beharrak. Baina argi dagoena da akats egiteko tartea txikiagoa dela, eta plangintza ezinbestekoa bihurtu dela.
Azken batean, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da finantza-hezkuntza. Inflazioa, zorpetzea edo gastuen antolaketa bezalako oinarrizko kontzeptuak ulertzea ez da teoria bat, eguneroko tresna baizik
Azken batean, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da finantza-hezkuntza. Inflazioa, zorpetzea edo gastuen antolaketa bezalako oinarrizko kontzeptuak ulertzea ez da teoria bat, eguneroko tresna baizik. Kontua ez da aditu bihurtzea, baizik eta gertatzen dena ulertzeko eta erabaki hobeak hartzeko gaitasuna izatea. Izan ere, ziurgabetasun handiko testuinguru honetan, ez du gehien gastatzen duenak irabazten, ezta azkarren erreakzionatzen duenak ere, hobekien egokitzen dakienak baizik.
“Gehien kezkatzen nauena da ea euskal herritarrak jabetzen diren ez bakarrik egoeraren araberako gatazkaz, baita munduko ekonomian gertatzen ari diren egiturazko aldaketez ere, eta ea gure lehiakortasuna egokitzeko, mantentzeko eta hobetzeko borondatea duten. Egoera horren aurrean, funtsezkoa da, gizarte garen aldetik, lasaitasuna izatea, gizarte-babeseko eta adimeneko sistema on bat dugulako, gure puntu ahuletatik ikasita, gure lehiatzeko gaitasuna areagotzen duten erabakiak hartzeko”, dio Barrutiak.
Temas
Más en Economía
-
Catar advierte a Irán del impacto en energía y alimentos por crisis en estrecho de Ormuz
-
La jornada laboral se reduce un año después del intento de las 37,5 horas
-
Conjunta o separada, la eterna duda con la Declaración de la Renta: lo que debes saber
-
Europa precisa de mayores interconexiones para lograr una única unión energética