Ikastolako zuzendari izatea egokitu zaizu Nafarroa Oinezaren urte berezi honetan...

–Iaz hasi nintzen zuzendaritzan, eta banekien nora nentorren. 2009ko Oinezean komunikazio batzordean egon nintzen baina ordutik hona asko aldatu da dena. Teknologia berriek asko aldatu dute lan egiteko modua, festak berez garapen bat izan du… Oso-oso urte polita izan da, barnera begira izugarri lagundu digu gure komunitatea kohesionatzen, inplikazioa izugarria izan da eta, borobilduz, oso balantze ona egiten dut. 

Ikastolako berezko komunitateaz gain bestelako herritarrak ere inplikatu dira? 

–Urte eta erdi honetan hamabost ba-tzorde izan ditugu eta 200 pertsona inguru ibili gara horietan lanean. Kopuru nahiko esanguratsua da berez. Gehienak gurasoak izan dira, baina baita ikasle ohiak eta guraso ohiak ere. Bestalde ere, bestelako inplikazioa ere behar izaten duzu horrelako besta bat prestatzen duzunean: udalaren inplikazioa, ibilbidea egiteko behar dituzun larre horietako jabeen baimenak… Jende pila-pila bat etorri zaigu bere laguntza eskaintzera momentu desberdinetan, behar izan dugunerako. Jendeak oso gogo onez eskaini digu laguntza eta hori oso polita izan da. 

Nafarroa Oinezek duen gauzik politenetako bat, hain zuzen ere, hori izan daiteke? 

–Bai. Ikastolok esaten dugu herri-eskolak garela eta ez da gezurra. Ekimen pribatu batek ezingo luke 200 pertsonaren lan boluntarioa bildu horrela ez balitz. Jende horrek bere denbora eta baliabideak jartzen ditu musutruk. Egun handian lanerako mugituko dugun jende kopurua ere izugarria da, argi dago herri indar bat badagoela hor, herrigintza badagoela. 

Eremuko euskara indartzea da aurtengo helburu nagusietako bat. Ikastolak zein paper betetzen du herrian, arnasgune bezala?

–Gure ikastolan 14 herritako ikasleak biltzen gara eta askok euskara etxetik ekartzen dute, baina beste batzuk ez. Sakanaren barnean aldaerak badaude, Arbizuko euskara edo Etxarrikoa ez da berdina. Sekulako aberastasuna daukagu, euskara bizia da ikastolan daukaguna. Gure ikasleak euskaraz bizi dira. Hala ere, kezka hor dago. Globalizazioak, pantailek eta plataformek izugarrizko eragina dute, eta horietan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Eta hori nabari da, kalte handia egin du euskararen erabileran. Gure ikastolan, esan dezakegu euskara gure ikasleen komunikazio tresna nagusia dela baina nabari dugu atzeraldi puntu bat. Horregatik, etengabe gaude hausnartzen, ekimen berriak egiten, inplikatzen, ikasleak eta familiak kontzientziatzen. 

Ikastolen paretetatik kanpo atera-tzen den lan bat da? 

–Bai. Guk barrura begira lan egiten dugu baina kanpora begira ere bai. Argi dugu ikastolari herriak asko ematen diola, adibidez, orain Nafarroa Oinezen; baina guk ere herriari itzuli behar diogu emandako hori. Horregatik, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu herriari eskaintzen dizkiogunak: hitzaldi pedagogikoak, ekitaldi musikalak eta kulturalak, mota desberdinetakoak. 

Zein da Andra Mari Ikastolaren eredu pedagogikoa?

–Ikastola garen aldetik, ikastola guztien artean daukagun proiektu pedagogikoa jarraitzen dugu. Sare bat izateak ematen digu izugarrizko indarra eta baliabideak hori garatzeko, profesional bikainak izateko eta etengabeko formakuntza edukitzeko. Horretan oinarritzen gara. Haur Hezkuntzan Txaigorri proiektua daukagu: guk sortutako proiektua da baina Montessorin eta konfiantzazko pedagogian oinarritzen dena. Gure profesionalek sortutako proiektua da, ikaslea erdigunean jartzen duena, haurraren beharrei begiratzen dioena. Proiektu osoan zehar, 2 urtetik 16 urteetara, erdigunean konpetentziak jartzen ditu. Ikasle konpetenteak nahi ditugu. 

Zer da ikasle konpetentea izatea? 

–Duela urte batzuk, denon artean, familia eta profesionalekin batera, definitu genuen zein zen lortu nahi genuen ikaslea, gure ikasleek ikasketa prozesua bukatzen dutenean zein ezaugarri izan beharko lituzketen. Gure lan jarduna haruntza bidera-tzen dugu. 16 urterekin gure ikastolatik ateratzen direnean pertsona kritikoak izatea, komunikatiboak, kooperatiboak, euskal kulturarekin konprometituak… nahi dugu. 

Eraldaketa prozesu etengabean egoteak esfortzu handia eskatzen dio ikastola bati? 

–Bai, esfortzu handia da. Eskerrak sare bat garela, alde horretatik. 114 ikastola gara denetara, eta baliabide pedagogikoak, profesionalak, formatzaileak partekatzen ditugu. Horri esker aurrera egiten dugu. Egiten dugun proiektua ez da bakarrik guretzat, gainontzekoei ere eskaintzen diegu. Eki proiektua, adibidez, edozein ikastetxek erabili dezake, baina guk horren inguruko formakuntza berezia daukagu. Inbertsioa izugarria da, baina aipatu beharra dugu sarea izateak ematen digun abantaila. 

Zein da espazioa aldatzeak ikasketa prozesuan daukan eragina? 

–Lehen esan dizudan bezala, helburua ikaslea da. Zer behar du ikasleak gogo onez ikasteko, atseginez ikasteko, bere nortasuna norabide guztietan garatzeko, bai emozionalki, bai kognitiboki? Espazioak, materiala eta proiektu pedagogikoa hori erraztera bideratuta dago. Haur Hezkuntzako eraikina berria da, 10 urte besterik ez ditu, eta dagoeneko aldatua dago. Etengabeko berrikuntzan ari gara. Paretak bota, espazioak ireki, argitasuna eman… Dena dago bideratuta ikasleak bere garapena modu egokian egin dezan. 

Ikastolak 54 urte ditu dagoeneko eta errealitateak ezer gutxi ikustekorik du jatorriko ikastola harekin. 

–Izugarri aldatu da dena. Baina egia da hor badaukagula ondare bat, eta ondare hartatik ekartzen duguna, denborarekin aberasten joan dena, euskararekin eta euskal kulturarekin daukagun konpromisoa da. Horrek erdigunean jarraitzen du, baina baditugu beste proiektu batzuk ere. Garai hartan soilik ikastoletan ikasi zitekeen euskaraz eta gaur egun jada ez da horrela. Hala ere, etengabe saiatzen gara ekarpenak egiten, pedagogikoak direla, sozialak direla, euskararen erabilerari dagokionez… Etengabe berritzen duela 50 urte sortutako proiektu hori. 

Zein da, zehazki, oinarri hori?

–Herritik eta herriak sortutako proiektu bat, auzolanean oinarritutakoa eta non euskara eta euskal kulturaren transmisioa helburu nagusienetako bat den. Ez da klub pribatu bat, itxia, baizik eta herri osoari eskaintzen zaion zerbait. 

Auzolanaren ideia maiz errepika-tzen da baina zentzu osoa hartzen du Nafarroa Oinez bezalako ekimenetan, ezta?

–Bai, ez da diskurtso hutsa, errealitate bat da. Ikustea besterik ez dago zenbat jendek parte hartu duen honetan, zenbat familiak eta zenbat herritarrek. Eta ikastolaren egunerokoan ere, familien inplikazioa erabatekoa da, seme-alaben hezkuntza prozesuean parte hartzen dute, erabakietan parte hartzen dute. Eta gure izaerak ahalbidetzen du hori horrela izatea. Familiaketa langileak guztiz inplikatuta gaude. Eta langileetaz ari naizenean ez naiz irakasleez soilik ari, ikastolako langile guztietaz ari naiz. Langileak izateaz gain militanteak ere badira, zentzu handi batean. Lan talde egonkorra da eta hori garran-tzitsua da proiektuaren garapenean.