Síguenos en redes sociales:

Atekabeltz eraikinaren esleipena abiatu du udalak

Leitzako Gaztetxea izatetik herriko eragileen kokagune izatera pasatuko da

Leitza. Leitzako talde eta eragileek jasaten zuten espazio gabeziari aurre egiteko, herriko Udalak Atekabeltz eraikinaren egokitzapen eta finkatze lanak abiatu zituen duela hi hilabete. Horrela, 192.000 eurotako aurrekontuarekin, ordura arte Gaztetxea izan zen eraikuntzaren teilatua, etxaurrea eta leihoak aldatzen hasi ziren langileak eta lanak amaitzear dauden honetan, Udalak eraikinaren esleipen prozesua abiatu du.

Urrian udalak aurreratu zuenez, 20 urteko zesioa egingo zaie herriko eragileei, baina horretarako, beharrezkoa izanen da hauek eskaera urtarrilaren 15a baino lehen luzatzea.

Gogoratuko den bezala, Atekabeltz eraikina talde askok erabiliko badute ere, gestioa talde bakar batek edota okasiorako elkartutako batzuen esku utziko du Udalak. Esleipenean parte hartzeko udaletxeko bulegoetara joan beharko da 9 etatik 13.00 era, eta eskatzaile bat baino gehiago egonez gero, Udalak baremo bat ezarriko duela jakinarazi du.

Hala gertatuko balitz, entitateak herritar guztientzat eginen dituen jardueren urteko egitarauaren arabera, Udalak 25 puntu emango dizkio eskatzaileari eta beste hainbeste jarduera horiek gauzatzeko erabiliko den aurrekontu osoaren arabera.

Entitateak eraikinean bertan eta Atekabeltz bera hobetzeko urtero eginen duen auzolan kopuruak ere 25 puntu emango ditu, eta beste hainbat eskaera egiten den unean entitateko kide direnen artean Leitzan erroldatutako pertsonen kopuruak. Hori guztia kontutan hartuta erabakiko du esleipena Udalak.