LESAKA. Txistularien dianaren ondotik, Euskaraz Bizikletan, haur eta gaztetxoentzat herribuelta egin zen txirrindulaz. Plaza Zaharretik abiatuta kisulabeak, lanbide zaharrak, ohitura galduak eta bertze hainbat jakingarri ezagutu zituzten. Honela, lehenik Bidasoa errekaraino joan ziren eta bertan, Tellegi baserrian, duela 50 bat urte arte teilak eta adreilua nola egiten zen ikasi zuten. Modesto Maiak eman zituen azalpenak eta bere denboran, egunean 200 teila egiten zirela eta 16 lagun ere aritu zirela lanean aipatu zuen, lan-prozesuarekin batera. Berriz ere bizikleta hartu eta Biurgarai aldera jo zuten, kisulabea eta ardi-ixtegia ezagutzeko, Xalbador Goia nagusiaren azalpenen bidez. Eta azken etapan, Ote karrikaraino ailegatu ziren, Baxilio Etxebesteren erakusketa ezagutzera. Etxebestek, zurgin lanerako 2.000 lanabes baino gehiago bilduak eta txukun txukun paratuak ditu, baina horretaz gain Lesakako argazki zaharrak, pilotako erremintak eta ber-tze hainbat gauza bilduak ditu.

Bizikleta itzuliaren ondotik, Plaza Zaharrean emanaldia eskaini zuten bertso eskolakoek, musika tresnekin lagunduta. Arratsaldean, Garaikomendiko bideko eta Bittiriako Plazako etxe zaharrei izenak paratu zitzaizkien, herriko musikariek alaituta. Gero, Gure etxeak euskaraz, euskara gure etxea argitalpena aurkeztu zuten Herriko Etxeko arkupetan. Liburuxka honetan, Lesakako etxe eta baserri guztien izenak bildu ditu Lesakako Euskara Batzordeak, karriketako eta baserri auzoetako mapekin eta hainbat etxe eta baserriren argazkiekin batera. Euskara erabiltzeko akuilu moduan aurkeztu zen Lesakako Etxeen Gida honekin, azken urteetako lana borobildu egin du Euskara Batzordeak. Halere etorkizuneari ere baikor begiratzen diotela jakinarazi zuten aurkezpenean, eta herritarrei deia egin nahi diete euskararen aldeko lanean euren ekarpena egin dezaten. Kioskoan, herriko soinularien eta Abesbatzaren emanaldiaren ondotik, sua pizteko ekitaldia egin zen. Hain zuzen, herriko etxeen izenak biltzen lan izugarria egin zuen Jose Migel Ariztegiren semeak, Xabier Ariztegik piztu zuen sua. Su inguruan dantzari aritu ziren lehenik akordeolarien doinupeaan eta gero saltoka ere bai. Aurtengo berrikuntza gisara, plaza inguruan afaltzeko mahaiak paratu zituen Lesakako Euskara Batzordeak, eta lagun taldeka, familiaka eta bertze modura plantatuak, bertan afaldu zuten hainbat lesakarrek. Bukatzeko, Gabenara taldearekin berbena izan zen.