bortziriak - Berako inauteriak iragartzera etorriko dira aurten ere Kaldereroak. Larunbat arratsaldeko 7etan eginen dute bere ohiko ibilbidea, Illekuetatik Herriko Etxeko Plazara, Altzate, Legia, Zahar Etxea, Eztegara, Iturlandeta, Eztegara, Bidasoa karrika eta San Esteban karrikan barna pasatuta. Euria eginen balu, Altateko pilotalekuan eginen litzake ekitaldia Larunbatekoa prestatzeko entsaioa berriz, gaur arratseko 7.30ean eginen da Musika Eskolan.

Bertze aldetik, inude eta Artzaien egunerako Eztegara pilotalekuan eginen diren entsaioak ere iragarri ditu Gure Txokoa dantza taldeak. Lehenbizikoa otsailaren 3an eginen da, asteazkenarekin eta bigarrena otsailaren 5ean, ortziralarekin. Biak arratseko 8etan izanen dira Eztegara pilotalekuan. Bertan, bazkarirako txartelak ere salgai izanen dira.

Berako Inauterietako egitaraua otsailaren 3an, asteaz-ken arratsaldeko 6etan hasiko da, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Kultur Etxean eskainiko duten Inauterietako kontzertuarekin.

Biharamonean, Ortzegun Gizen eguna izanen da. 15.45ean abiatuko da kalejira suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura. Eguraldi txarra eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan geldituko lirateke 16.00etan. Ondotik, 16.30ean, Big Band Bum Dantza Dezagun emanaldia eskainiko dute Eztegara pilotalekuan.

Otsailaren 7an, igandearekin, inude eta artzaiak ibiliko dira karrikaz karrika. Goizeko 10etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik. Goizeko ibilaldiaren ondotik, bazkaria eta arratsaldeko 6etan berriz ere abiatuko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.

Otsailaren 8an, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arraultzea eginen dute koadrilek auzoz auzo eta karrikaz karrika eta eguerdi aldera karrozak eta mozorroak ikusiko dira karriketan. 19.00etatik 20.00etara batukada izanen da Batuklang taldearekin Altzateko karrikan.

Igantziko inauteriak Igan-tziko inauteriak ortziral eta larunbat honetan ospatuko dituzte. Bihar, 10.00 aldera Berrizaun auzotik hasita, etxez­etxe eta baserriz-baserri eskean ibiliko dira gazteak. Herrira bueltan, bidegurutze aldeko etxeetara bisita eginen dute eta gero, Frain auzora. Eguerdian bazkaria eginen dute. Bazkalondoan herrian eta Sarrola eta Lasaga auzoetan eskean ibiliko dira. Gauean afaria eginen dute.

Larunbatean, 08.00etan Mozorroak elkartu eta Irisarri auzora joanen dira gazteak. 11.00 aldera herrira bueltatu eta Unanu auzora eta Piedade gainera joanen dira. Arratsaldean haurrak kalejiran ibiliko dira. Ilunabarrean boletoen zozketa eginen dute gazteek, lehenengo saria bildotsa eta bigarrena ardo lotea. Gauean afaria eginen dute.

Nobedade modura, Guraso Elkarteak lehen aldiz afaria antolatu duela larunbaterako. Eskolako neska-mutikoek Ortzegun Gizen ospatuko dute otsailaren 4an.

Bilera. Lesakan ere Inauterietako igandean zakozar atera nahi dutenen bilera eginen dute igande honetan, arratsaldeko 3etan Arranon. Horretaz gain, zakozarren prestaketa lanean (belarraz betetzen, josten....) laguntzeko deialdia ere egin dute.

Entsaioak. Heldu den asteazken eta ortziralean eginen dituzte. Bazkarirako txartelak salgai izanen dira.