Azpeitiko elkarteetan umore ona eta barre algarak ziren nagusi atzo gauean. Ederki afaldu zuten danborjole, zuzendari, banderadun nahiz kantinerek eta arraina eta haragia jan zituzten nagusiki 27 konpainietako kideek. Tripa bete ondoren, urduritasunez espero zuten danborra hartzeko unea, hori bai, irribarrea inolaz ere galdu gabe.
Maite Arzallus, 17 urteko Oilo-Soro elkarteko kantinera, banderadun bezala atera zen iaz Zezenzaleak taldearekin, baina atzo izan zen kantinera moduan atera zen lehen aldia. "Iaz banderadun bezala atera nintzenez, gaur lasai samar nago", adierazi zuen danborrada hasi aurretik.
Ardozaleakeko kantinera den Maite Illarramendik 16 urte ditu eta aurreko urteetan haurren danborradan eta iaz zuzendari txiki bezala atera zen arren, atzokoan estreinatu zen kantinera gisa. Gainera, gaur ere beste bi aldiz aterako da Ardozaleakeko kideekin, goizean eta gaueko bandera jaitsieran, eta ileapaindegira ere bi egunetan hiru aldiz joan beharko du. "Ateratzeko gogoa dut baina baita nerbioak ere, bi egunetan hiru aldiz atera behar dut eta...", zioen gazteak.
Manuel Garcia Mané Sanjuandegiko zuzendaria da duela 26 urte eta oraindik ere oso urduri jartzen dela aitortu zuen. "15 egun daramatzat urduritasunez betea, dena ondo ateratzea gustatzen zait eta. Ezin dut tripa betea dudala atera eta ez dut gehiegi jango", esan zuen afaldu aurretik.
Eta une bereziena aukeratzean bat egin zuten: San Sebastian Martxa udaletxe parean eta bandera igoera. "Oso berezia da, oilo ipurdia jartzen zait", zioen Manék. Beste behin ere, sansebastianak oso barruan dituztela erakutsi zuten azpeitiarrek. l