San Joan jaiak Olaberria eta Segurara iritsiko dira
Gaur hasi eta igandera bitartean hamaika ekintza egingo dituzte bi herrietan
segura - Iristear dago urteko egunik luzeena eta gaurik motzena ailegatuko den momentua, eta horretarako prest daude segurarrak, herriko festetatan murgilduta dabiltzala esan nahiko baitu. Gaur hasiko dituzte horren gustukoak dituzten jaiak zopa pertzaren ohiko jaitsierarekin. 20.00etan izango da hori, eta ordurako Gaur Argi musika taldea giroa alaitzen arituko da plazan. Herritarrak bertan elkartuko dira mozorroturik, egun hori ospatuko baitute gaurkoan, eta ongi etorria emango diote festei. Pregoia aurten txirrindulari elkarteak irakurriko du, urte hauetan txirrindulari probak antolatzen ibiltzeagatik.
Bihar, San Joan bezpera eta koadrilen eguna ospatuko dute. Goizean ume eta gaztetxoentzako parkea jarriko da Baratze pilotalekuan eta The Joselontxos txarangak erritmo bizia jarriko du. 13.00etan, koadrilen arteko jokoak egingo dituzte plazan eta ondoren, txukunen ibili denari sariak emango dizkiote. Jarraian elkarrekin bazkalduko dute guztiek, kolore biziz jantzitako kamisetak lagun dituztela. 19.30ean disko festa hasiko da plazan eta ordu berean koadrilak kantuan arituko dira norgehiagokan, onenek ere saria izango baitute atal honetan. 23.00etan, San Joan sua eta akelarrea egingo dituzte. Igandearekin herriko festen patroiaren eguna etorriko zaie segurarrei. 12.00-etan, Oihana Iguaran, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioa eta herriko koruaren emanaldia izango dira. Ondoren, herriko kirolari txapeldunei omenaldia egingo diete eta herri kirol mistoak izango dira ikusgai plazan. Astelehenean, bestalde, jubilatu eta umeen eguna ospatuko dute.
Olaberrian ere ez dira atzera geldituko eta ekintzaz beteriko egunak izango dituzte aurtengo San Joan jaietan bertako biztanleek eta inguratzen diren guztiek. Haur eta mozorrotuen eguna izango dute gaurkoan, Seguran bezalaxe, eta kolorez jan-tziko dituzte herriko txokoak. Ohiko legez, eguneko ekintza nabarmenenak goizean egongo diren puzgarri eta jolasak izango dira, 11.00etan hasita. Ondoren, eguerdian, umeen arteko bazkaria egingo dute eta arratsaldean beste ekintza ugari izango dira. 16.00etan saskibaloi partidak jokatuko dira, 18.30ean marrazki lehiaketako sari banaketa egingo da udaletxean eta segidan pregoia, txupinazoa eta buruhandiak izango dira. Afaltzerako orduan, 21.00etan, arkume txuletatxoak parrillan ere erreko dituzte eta iluntzean su festa eta erromeria egongo dira.
Kirolak ere garrantzi berezia izango du Olaberrian, kirolari lotutako hainbat egitasmo eta proba antolatu dituelako festa batzordeak. Besteak beste, hiruko saskibaloia, haurren pilota, korrika, bolak eta junior mailako Gipuzkoako txirrindulari itzuliaren lehen etapa egingo dituzte. Horrez gain, duela urte batzuetatik ez ziren umeen krosa eta zinta karrera egiten, baina aurtengo urtean bi ekintza horiek berreskuratu dituzte. Guzti hauek bihar ospatuko dira, 10.00etan txirrindulari proba, 10.30ean pilota txapelketa eta 17.00etan, krosa eta zinta lasterketa. Lore bedeinkapena ere egingo dute 19.00etan, eta San Joan arbolaren zutitzea ordu erdi beranduago hasiko da. Iluntzean, labeldun oilasko errea Gernikako piperrekin eta sagardoarekin zerbitzatuko dute.
Más en Navarra
-
Pamplona muestra su compromiso con "la igualdad real y efectiva" de todas las personas por el Día LGTBI+
-
Navarra: en marcha la gratuidad del servicio de buses interurbanos para menores de 14 años
-
Huelga de villavesas | TCC convoca este domingo una reunión con el comité de empresa, que no "espera mucho"
-
La cooperación transfronteriza, clave para adaptar los Pirineos al cambio climático