Elena Retegik irabazi du hamabosgarren gazta lehiaketa Igantzin
Gaur arratseko 8eta botako den txupinazoarekin abiatuko diren San Migel besten aitzineko asteburuko ekitaldi nagusia izan zen
igantzi - San Migel bestetako txupinazoa gaur arratseko 8etan botako dute, baina ohikoa denez, aitzineko asteburuan ere hainbat ekitaldi izan zituzten. Larunbat goizean Ziobin egindako plater-tiroketa lehiaketan Aiert Retegik egin zuen lanik onena eta ondotik Ander Legasa eta Iñigo Telletxea izan zituen. Pilotan, txapeldunak Lander Etxenike eta Imanol Retegi izan dira, Iker Rojo eta Uxurbil mendean hartuta. Ilunabarrean herriko dantzarien urteroko dantza saio ikusgarria eskaini zuten.
Igandean ardo dastaketa eta gazta lehiaketa egin ziren. Hamar gaztaren artean, Argatagaraiko Elena Retegi izan da lehiaketaren irabazlea eta Argatabereko Maria Jose Lizardi eta Txori Tokiko Juxta Sein izan ditu ondotik. Kankailu eta buruhaundiak ere atera ziren arratsaldez, txistulariek lagunduta. Arropa berriaren estreina izan zuten kankailuek, hogei urte bete dituztela aprobetxatuz.
Gaur, botako den txupinazoaren aitzinetik, 16.00etan ginkana izanen dute. Ondotik, hainbat ekitaldi izanen dituzte. Larunbateko egun handiko ohiko ospakizunez gain, pilota partidak eta gauerdian betizuak izanen dituzte. Igandean herri kirolak izanen dira protagonista: herriko gazte eta haurrek beraien saioa eskainiko dute, baina horretaz gain, emakumeen Euskal Herriko koxkor biltze txapelketako finala eta gizasemeen Nafarroako bigaren mailako aizkora finala jokatuko dira. Astelehen eguerdian berriz ere betizuak izanen dira plazan eta herri-bazkaria, Andoni Egaña eta Sustrai Colina bertsolariekin, besta guziak animatuko dituen Elutxa txarangak girotua. Ilunabarrean irrintzi txapelketa ere eginen dute.
Bestabusa larunbateanBortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Nafarroako Gobernuak antolatuta Bestabusa ibiliko da larunbat arratsean eta goizaldean (kontsultatu ordutegiak). Joan-etorriko prezioa 5 eurokoa izanen da. Bi-Bide inguruan ez aparkatzeko eskaria egin dute, autobusak maniobrak egin ditzan.